«Gauza bat esan eta beste bat egiten dutenen aurka nago»
Orio garaipenen bidera itzuli da Iker Zabalarekin. Palmares ikaragarria dauka, baina kritikoak, beste horrenbeste. Arraun munduan ardi beltza dela esan daiteke, eta ematen du eroso dabilela horrela; «une txarrak» ere pasatzen dituela onartu du. Baina ez da, ez, isilik geratzekoa bere aurka ari direnekin.

Ur putzu zabala da Oria ibaia, eta iazko udazkenetik Iker Zabalaren (Bermeo, 1979) denboraren jabe ere bai ia-ia. Uraren lasaitasuna zorroztasun bihurtu zalea da Orioko entrenatzailea. Arraunetxera azaldu orduko garbi utzi du hori. Ate handiak estuegiak direla dio, eta irekitzeko modu bakarra gailu automatikoa izatea ere txartzat hartu du: «Dena eginda ematea da hori», esan du. Hara hor, Zabalaren bi bereizgarri handi: eskakizun maila, eta gauzak argi esatea. Elkarrizketa honetan bezala.
Orioren eta Kontxako Banderaren arteko harremana den bezalakoa izanda, irail honek badu aparteko zerbait zuretzat? Bai, eta zerbait hori oso indartsua da. Bizitzen ari naizena ez dut beste inon bizi izan. Kontxa oso garrantzitsua da hemen. Esango nuke futbolaren eta Realaren aurretik. Lehendabizi oriotarrak dira, arraunean Orio defendatzen dute, eta gero beste guztia dator. Estropadak irabazten direnean, bizitu egiten da indar hori. Dena dela, badago nukleo gogor bat, estropada guzti-guztietara joaten dena. «Aupa Orio!» nola esaten duten ere berezia da.
Aurten, gainera, irabazteko aukera handiarekin. Gauza bakarra eskatuko diet zaleei: errespetuz ibiltzeko, Orioko arraunlariak defendatzeko, neska eta mutil, baina gainontzeko klubetako kideak bakean uzteko. Beste klub batean nengoenean, oriotar batzuek nire kontrako gauzak esaten zituzten. Hori itsusia da.
Orioren inguruan historian zehar esan izan den beste gauzetako bat hau da: zale bakoitza dela entrenatzailea. Horrelakoak iristen zaizkizu? Denei entzuten diet. Batez ere, adinekoei. Beste ikuspuntu bat daukate. Hemen, egunero entrenamendua ikusten jende asko egoten da, eta horietako bat Benito Lertxundi da. Hark zerbait badaki, eta entzun egin behar zaio, gutxienez.
Etorri izan zaizu gomendioak ematera? Ez, baina heldu zaizkit berak esandako komentario tekniko batzuk, eta batzuetan, asmatu egin du. Onean esandakoak izaten dira, eta badakit pentsatzen ari dela nik gauzak onerako aldatu ditudala. Benitoz aparte, Peña Petril deitzen dioten zale multzo bat ere bada, Sarasua presidente izandakoa tartean. Beste multzo bat dago ikusten egoten dena baina ezer esaten ez duena: Altxerri, Amañu, Jitxa, Urbieta, Patxi Frances... Arraunlari historikoak dira, eta badakite zein den beren lekua orain. Txalogarria da. Beste herri batzuetan asko sartzen dira komentario txarrekin. Horrek min ematen du. Horretan ere berezia da Orio.
Pozik zabiltza Orion. Bai. Orain arte bizi izan dudan guztia ona izan da. Beste leku batzuetan, txarretik ere izaten zen. Agian izango da dena berria delako niretzat.
Eta irabazten ari zaretelako ere bai, seguruenik. Baita. Lagundu egiten du. Azken urteetako dinamika puskatu egin dugu. Ikusiko dugu hemendik aurrera.
Herri osoa ez omen dago, ba, klubak hartu duen bide berri honen alde. Hala al da? Horrela da. Baina orain esango nuke erdiak baino gehiago alde daudela. Ez da txarra une jakin batean kanpoko entrenatzaile bat ekartzea. Etxekoa bada, oriotarra, kanpotik gauza asko heltzen zaizkio, taldean lagunak dauzka, eta erabakiak hartu egin behar izaten dira. Agian, kanpotar batek errazago hartzen ditu, ez duelako inolako loturarik inorekin. Denak gara berdinak, arraunlariak eta ni, eta taldean onenak sartuko dira. Punta-puntako taldeetan ibili naiz azken urteetan, eta zerbait ondo egingo nuen. Gaizki ere bai. Lanerako etorri nintzen, eta ari naiz. Joango dira pixkanaka kritikak baretzen.
Zuri egiten zaizun kritika ere bada beti arraunlari onenekin eta dirua dagoen tokira joaten zarela. Zer daukazu esateko? Ez dela horrela. Bermeotik bi bakarrik etorri dira nirekin: patroia eta 43 urteko arraunlari bat. Horiez gain, Beñat [Egiazu], Adrian [Gonzalez], Ander [Zabala] eta Carballeda etorri dira. Beste guztiak iaztik daude, eta ondo ibili ziren. Aurten, motorra handitu dugu, baina pixka bat. Jendeak jakin gabe hitz egiten du. Gustatuko litzaidake egunen batean klub guztietako diru kontuak azaleratzea, jakiteko zenbat irabazten duten arraunlariek eta entrenatzaileak. Eztabaida hauek guztiak isilduko lirateke, askoren kalterako. Klub batean aro bat bukatu dela ikusi eta beste erronka bat nahi izatea zergatik da txarra? Enpresa batetik bestera joatea ez dago gaizki ikusita, baina kirolean, bai.
«Gustatuko litzaidake egunen batean klub guztietako diru kontuak azaleratzea, jakiteko zenbat irabazten duten arraunlariek eta entrenatzaileak. Eztabaida hauek guztiak isilduko lirateke, askoren kalterako»
Zergatik? Herri bat defendatzen ari zara eta erreferentzia zara. Alde egiten duzunean, jendeak pentsatzen du kolore horien aurka ari zarela, eta nahasi egiten du dena. Oriotar bat gehiago naiz orain, eta nire herriaren kontra joan behar badut, joan egingo naiz. Egunen batean Oriotik joaten banaiz edo bota egiten banaute, beste klub horren alde egingo dut. Orion ez dakit zenbat urtean egon naitekeen, baina emaitzak txarrak baldin badira, ni kalera joango naiz, eta onartu egingo dut. Kasu horretan herria ez litzateke haserretuko zuzendaritzarekin?
Joaten jakitearen garrantziaz ari zara? Badakit erabaki horiek mingarriak direla, baina nonbaitetik joan izan naizen bakoitzean izan da ezin zelako hobetu, eta gainera, gauzak okertzen hasiko zirelako. Klubaren eta nire kalterako izaten bada nik segitzea edonon, uzteko unea dela garbi izaten dut.

Garbi duzu beste edonora joatekotan irabazteko eta puntan ibiltzeko izan behar duela. Beti goian, bai. Santurtzin eta Urdaibain lortutakoa hobetzea ezinezkoa zen. Jendeak ez zuen ulertu. Baina aurten Bermeon segitu izan banu, agian kalean egongo nintzateke, bere garaian Joseba Fernandez eta Fran Gonzalez bota zituzten bezala. Eta agian, ondorioz, ez nuen aukerarik izango puntan segitzeko, kaleratzeek kalte egiten dutelako curriculumean. Urdaibaitik joateko erabakia nire onerako izan da, baina klubarentzat ere bai, beste pertsona bat hartu dutelako. Leporatu izan didate kluba garairik txarrenean uztea. Eta ez, nik maila altuenean utzi nuen Urdaibai, eta aurrekontu handienarekin. Nire kontra dabilen beste kontu batek esaten du klubak lehertzen ditudala ekonomikoki, baina Santurtzik eta Urdaibaik ni joan nintzenean baino aurrekontu handiagoa daukate. Datuak dira, eta beste guztia zurrumurrua, asmakizunak eta gezurra. Santurtzin, adibidez, parte bat kobratzeko daukat oraindik, eta denboraldietako bat egin nuen aurrekoa kobratu gabe neukala, hurrengoan, 2021ean, dena irabazteko. Nork jarraituko zuen kobratu gabe? Inork ez. Asko irabazten dudala esaten du jendeak, baina ba al dakite zenbat den?
Demagun Oriorekin daukazun hiru urteko tratuaren ondoren, jarraitzeko eskaintza egiten dizula klubak, baina irabazlea izango ez litzatekeen talde batekin, beste egitasmo berri batean. Zer egingo zenuke? Baiezkoa erantzungo nieke. Beste klub batzuetan ere gertatu zait. Urdaibain prest nengoen segitzeko egitasmo berri batekin, zerotik. Baina horretarako denek egon behar dute prest: zuzendaritzak, babesleak, Udalak... Ni prest nengoen, baina beste batzuk ez. Orion egin ditzakegu urte batzuk onak, baina kirola eta bizitza gauza bera dira, gorabeheratsuak. Gauzak okertuko balira, segitzeko prest nengoke. Dena daukat irabazita, gainera. Ondo dago palmaresa handitzeko irabaztea, baina foko handi honetatik ateratzea ere ondo etorriko litzaidake. Denbora asko daramat hor, eta ez da betirako izango.
Pixka bat erreta ere bazaude? Bai. Gezur asko entzuten ditut. Datuak eduki gabe hitz egiten du jendeak, eta mingarria da niretzat eta nire ingurukoentzat. Urtez urte mina gutxitzen ari da, baina egin, egiten da.
Zerk mindu zaitu gehien urte hauetan? Zaila da bat esatea, baina sare sozialetan gezurrak irakurtzea. Iazko Kontxan Xabier Euzkitzek esatea nik patroiari gazteleraz hitz egitea errespetu falta dela mingarria egin zitzaidan. Nire etxean beti hitz egiten dut euskaraz, baina traineruan leku askotako jendea geneukan: uruguaitarrak, espainiarrak, euskal herritarrak... Euskaraz bakarrik arituz gero, ez ninduten denek ulertuko.
«Ondo dago palmaresa handitzeko irabaztea, baina foko handi honetatik ateratzea ere ondo etorriko litzaidake. Denbora asko daramat hor, eta ez da betirako izango»
Nola kudeatzen dituzu min horiek? Sare sozial guztiak kendu nituen, eta bakartu egin nintzen, nire inguruarekin bakarrik egoteko. Batzuetan sartzen naiz orain sare sozialetan.
Jakin minez ala gerra ere gustatzen zaizulako? Biengatik.
Bazara borrokazalea. Une latzetan aurpegia ematea gustatzen zait, baina horrek ez du esan nahi ez dudanik gaizki pasatzen. Halakoetan, lanean segitzen dut, eta lanak erakutsi diezaiola niregatik jardunean ari denari ni nor naizen, eta ez berak. Orain, lasai nago, baina batzuetan etortzen zaizkit ziztada antzekoak.
Azkar eta beroan erantzuten duena zara? Bai. Batzuetan damutu ere egin izan naiz, beste horren edo horien mailara jaisteagatik. Baina pertsonak gara, eta beti jasotzen ari naizenean, erantzun egiten dut. Nahiz eta urteekin gogortzen ari naizen, eta selektibo bihurtzen.
Arraun munduan lagunak galdu dituzu? Bai, eta ez dakit zergatik, txikitatik ez naizelako aldatu. Beti izan dut irabazteko gogoa eta nire izaera. Azken urteetan fokuan nagoelako edo inbidia didatelako, lagun, arraunlari edota entrenatzaile askok hitza ukatu didate, eta ez dut ulertzen. Baina ez ziren benetako lagunak izango, seguruenik.
Ez esan ez duzula lagunik egin. Oso gutxi. Lagunak betikoak dira. Berriak ez ditut egin. Gauzak ondo doazenean jende asko gerturatzen da, baina ikusi egiten zaie ez datozela asmo onekin.
Nolakoa zara entrenatzaile lanetan? Arraunlari guztiekin ez daukat harreman mota bera. Batzuekin goitik beherakoa da, bertikala, eta beste batzuekin, horizontala. Azkenean, denen izaera ez da bera eta ezin dut denekin harreman bera eduki. Gainerakoan, zuzena naiz, gauzak garbi esatekoa, eta hitz gutxikoa. Asko hitz eginda arreta galtzeko arriskua dago. Gainera, arrauna kirol erraza eta zaila da. Arraunean ondo egiteko hiru gauza egin behar dira ondo, baina zaila da hamalau lagunek aldi berean egitea hiru gauza horiek. Filosofo gehiago dabil entrenatzailea baino azkenaldian, eta arraunak ez du hori behar.
«Arraunlari guztiekin ez daukat harreman mota bera. Azkenean, denen izaera ez da bera, eta ezin dut denekin harreman bera eduki»
Hitz gutxikoa izatea zer da? Anekdota bat kontatuko dizut. Urtero, aurreneko entrenamenduan, hau galdetzen diet arraunlariei: «Nor da nire laguna?». Inork ez du inoiz eskua altxatu.
Beldurragatik? Ez. Azkenean, ez dira nire lagunak, baina ni ere ez haiena. Ni entrenatzailea naiz, ez gurasoa. Laneko giro ona jartzen dut, eta horri eusten diot, emaitzetatik aparte.
Zer da laneko giro ona izatea? Exijentzia egotea taldean, eta zuzena izatea, onenak jartzea estropada guztietan. Eta hori ez da erraza. Batzuetan bihotzarekin pentsatzet dut, eta ez, buruarekin pentsatu behar dut. Justua izan behar dut, eta ezin naiz ibili titularrak aukeratzen laguna dudalako, edota familiakoa delako edota datorren denboraldian pentsatzen ari naizelako, harrobikoa delako eta abar. Gaur onena den taldea ateratzen dut.
Asko eskatzen duzu? Bai. Baina lehendabizi neure buruari. Egin behar dut egin behar dudana trainerua ondo ibiltzeko, eta lanen bat egin gabe lagatzen badut, ni hasten naiz huts egiten, eta ezingo nioke eskatu arraunlariari.
Eskatu eta eskatu, marra pasatzeraino? Ez. Arraunlari nintzenean, bai, eskatzen nien taldekideei, kadetea nintzenetik. Ogro bat nintzen, killer bat, irabazi egin nahi izan dudalako beti; tirano bat beste batzuentzat. Denek ez zuten ulertzen hori. Baina urteen joanean, etorri izan zaizkit esaten ni eredugarria nintzela. Horrelakoa nintzen, eta marrak pasatu nituen.

Iker Zabala kadetea entrenatzaile bihurtzen ari zen, oharkabean izanda ere? Lider bat bai, baina entrenatzailea ez. Beti izan dut jakin-mina neurriekin, baina nik jakiteko. Ilusiorik ez nuen izan entrenatzaile izateko. 35 urte nituenean ere ez. Nire nahia beti izan da ahalik eta estropada gehien irabaztea, eta aurreneko ilusioa nuen herriko taldearekin Kontxako Bandera irabaztea. Lortu genuen.
Bandera irabaztea bakarrik da irabaztea? Niretzat bai. Bestelako helburu batzuk lortzea ez da irabaztea; hori da norbera asetzeko helburu pertsonalak lortzea.
Entrenatzaile izateko aukera Santurtzik eman zizun 2017ko denboraldian. Zer pasatu zitzaizun burutik? 2009an jaso nuen aurreneko eskaintza, Urdaibaiko arraunlari nintzela. Fran Gonzalez bota zuen zuzendaritzak, eta «jarri egin behar zara», esan zidaten. Miguel Angel Millares eta biok jarri ginen azkenean, baina segituan konturatu nintzen ez zela nire lekua momentu hartan. Egun batetik bestera taldekide guztien buruzagi bihurtu nintzen, eta ez nuen batere gozatu. Hurrengo denboraldian beste entrenatzaile bat ekartzeko eskatu nion zuzendaritzari, eta Jose Manuel Francisco ekarri zuten. 2016 denboraldi amaieran Santurtzik eskaini zidan aukera hurrengo sasoirako. Gailurrean nengoen, eta beste tontor bat aurkitu behar nuen. Bost urte oso on izan ziren. Asmatu egin nuen. Pentsatzen nuen Bermeon jaio, bizi eta hil behar nuela, hala nahi nuelako. Ireki egin zidan ikuspegia. Esan nahi diot jendeari ez dela txarra beste leku batera joatea. Denean daude jende eta leku onak, eta aberasgarria da.
Pobretzen eta eskasten ari dena arrauna da? Asko. 2015-2016tik hona gainbeherak ez du etenik klubentzat eta arraunlarientzat. Baina TKE ligarentzat (Euskolabel eta Euskotren), ez. Urtetik urtera gero eta aurrekontu handiagoa dauka. Hemen zerbait gertatzen ari da: gutxi batzuentzat joera goranzkoa da, baina beste guztientzat, beheranzkoa. Eta “beste guztiok” hori da arraunaren zutabea. Bestea gabe arrauna egon izan da ehun urte luzetan, baina etorri dira salbatzaile moduan, ez direnean. Klubetan dago zutabea, eta kluben zutabea arraunlariak dira, harrobikoak, zuzendaritzak eta herria. Iparra galdu dugu.
«2015-2016tik hona, gainbeherak ez du etenik klubentzat eta arraunlarientzat»
Zertan sumatzen da gainbehera hori argien? Gero eta arraunlari gutxiago dago leku guztietan, emakumezkoak izan ezik. Irudi txarra ematen dugu, liskarrak, dopina dela... Arrauna albiste bihurtzen da polemika dagoenean, eta jendeak ikusten du ez dela leku ona egoteko. Zaila da, baina garbi daukat ez dagoela pertsona baten esku, askoren eskuetan dago. Baina anestesiatuta, lotan edo isilduta daude.
Zeintzuk? Kolektibo guztiez ari naiz. TKE ligan, ahoa irekitzen duzunean zigortu egiten zaituzte. Kluben artean ere ia ez da hitz egiten. Uste dugu aurkariak garela, baina lehorrean ez gara kontrarioak. Hor daukagu ahulezia galanta.
Desagertzeko arriskuan dago arrauna? Araudia aldatu digute harrobikoen inguruan, baina beste erabaki batzuk ere hartu egin behar dira. Traineru asko ez dira aterako laster. Baina beste aldera begiratzen du jendeak, ikusita TKE oso ondo doala, audientzia handiak dituela. Baina osasuntsu ez dago klub bat bera ere: Cabo, Orio, San Juan, Bermeo... Arrauna ez da desagertuko, baina orain dela 50-60 urteko bidean goaz: zortzi traineru bakarrik uretan, eta Kontxa soilik jokatu.
Zer proposatzen duzu egoera hau iraultzeko? Arraunlarien elkarte bat sortu behar da, eskubideak defendatzeko liga guztietan, ez TKEn bakarrik. Orain, arraunlarien interesak non entzun daitezke? Non defenda daitezke? TKE ligako hamabi presidenteek nahi dutena egiten dute, edo gehiengoak dioena. Baina non dago arraunlarien, entrenatzaileen, kazetarien, zaleen eta Eusko Jaurlaritzaren iritzia? Ez daukagu bozkatzeko ere.
Akatsik handiena da klub bakoitzak berea defendatzen duela, eta inork gutxi egiten duela arraunaren alde? Bai, eta ikusten dugu epe motzeko onurei begiratzen zaiela bakarrik. Oriok gaurko edo biharko ona zaiona defendatuko du, baina ez hemendik hamar urtekoa. Hamabi harrobiko sartu behar direla proposa dezake klub batek, orain badituelako, baina ez badauzka hemendik bost urtera, zer gertatuko da? Eta hori badator. Jaiotze tasa beherantz doa, eta arraunlari gutxiago dago, baina hala ere, gehiago murrizten dugu arraunlariak izateko aukera. Ez da momentua ixteko, eta ez da txarra irekitzea, baina hamabi presidente horiek bakarrik hartu dute erabakia harrobikoena.
Ez da arrauna hobetzeko neurria, zure ustez. Garbi dago ezetz. Gauza gehiago behar dira, eta denon onerako. Zierbena edo Getaria herri txikiak izanda, nola eska daiteke Donostiarrak eta beste bi klub horiek harrobiko arraunlari kopuru bera izatea? Batzuen onurarako aldaketa izan da, baina oraingo. Orion ikusten ari naiz. Sekulako instalazioak dauzkagu, baina arraunlari gutxi. Eta Orio da hau! Cabok proposatu zuen harrobikoen araudi berria, eta begira nora doan. Niretzat TKE liga da pobreen liga bat aberats izatera jokatzen ari dena. Hankak lurrean izan behar dira.
«TKE liga da pobreen liga bat aberats izatera jokatzen ari dena. Hankak lurrean izan behar dira»
Urdaibairi eta Zierbenari aurre egiteko legea izan da? Jomugan dauzkate bi klub horiek selekzioak direlako. Zierbenak kontratua egiten die arraunlariei, eta bakarra da. Zergatik ez diegu ona kopiatzen? Liga erdi profesionala dela jasota dago. Kobratzen dute kudeatzaileak, baliza jartzen dutenek, atuna erretzen eta saltzen duenak, baina gaizki ikusita dago arraunlariak kobratzea.
Oztopoa litzateke tradizioa arrauna iraultzeko? Denak behar du astindua. Ezin gara iraganean kateatuta bizi, denak txapelarekin, mahoizko galtzekin eta abarketekin. Beheko ligak ere jagon egin behar dira, zaindu eta babestu. Oso beltza da arraunaren etorkizuna.

Non sartuko litzateke Kontxako Bandera eztabaida honetan? Inportantzia dauka geuk ematen diogulako. Berez, estropada bera ez da garrantzitsua. Begira eremuari, dagoenik eta txarrenetakoa da. Galiziakoak kritikatzen ditugu beti, hori bai. Denok nahi dugu horra joan, eta Donostiako Udala horretaz baliatzen da. Festa bat da udalarentzat, eta tratua ez da egokia izaten: eskakizun asko, isunak... Beste estropadetan ez dago horrelakorik.
Baina zuretzat ez da berezia Kontxa irabaztea? Bai, oso. Lekua berezia da, eta oso zaila da irabaztea. Hiru estropada dira, eta hiruretan maila ona ematea ez da erraza izaten. Hamabigarrena nahi dut [2013koa ere kontatu egiten du]; ez naiz ase oraindik. Oriorekin irabaztea, gainera, handia litzateke.
Kritikoen ahotsa berriz ere: «Irabaziko ez du ba, arraunlari onenak dauzka aurten ere». Nirekin lan egin nahi izatea bada meritua nire partetik. Oinarria ona izanda ere, lanak ona izan behar du. Meritua arraunlariena da, eta entrenatzailearen eragina %5ekoa dela esango nuke. Baina ezinbestekoa da entrenatzaileen eragin hori. Talde on asko geratzen dira irabazi gabe, eta badakit irabaztea ez dela erraza, ezta talde onekin ere.
Taldea kudeatzea da zailagoa arraunlari oso onekin? Otsoekin bezala da. Jerarkia argia izaten dute, baina batzuetan gazteak aurre egiten dio liderrari. Ez da nire kasua, oso garbi dagoelako ni naizela liderra, onerako edo txarrerako, eta gehienetan txarrerako. Gauza asko jan behar izaten ditut, erdi-erdian jarri. Jendeak ez daki hori. Ez naiz lider inposatzailea. Arraunlariek ikusten dute ni lanerako nagoela beti, eta errazago da niretzat haiekin konektatzea horrela: ni lanera natorrenez, haiek ere lanera etortzen dira.
«Meritua arraunlariena da, eta entrenatzailearen eragina %5ekoa dela esango nuke. Baina ezinbestekoa da entrenatzaileen eragin hori. Talde on asko geratzen dira irabazi gabe»
Irabazle izatea ere lagungarri da zuretzat arraunlarien konfiantza lortzeko. Jakina. Lana da helburua, eta irabaztea, ondorioa. Meriturik ez dudala esaten dutenek ikus dezatela hemen zenbat lan egiten den.
Zure kritiko horiei zuzendutakoak al dira Whatsappeko ‘estadoan’ jartzen dituzun argazki eta bideoak? Gehienak niretzat dira: zer gertatu zaidan, nire helburuak... Ikusten dudanez jende asko dagoela begira zer jartzen dudan eta zer ez, mezu zirikatzaileak ere joaten dira. Kartarik onenak dauzkazunean, jolasteko gogoa sartzen zait. Gainera, arraun mundua hain makal eta geldo ikusten dut... Lehen, lau bat traineru izaten ziren irabazteko moduan, baina orain, bat edo bi.
Horren erantzuleak fitxaketak egiten dituzuen taldeak zaretela esaten da. Arraunlari onenak hartzen dituzuelako, besteei kenduz. Onenen artean batzuk bakarrik dauzkat nik. Non daude besteak? Gainontzekoak iaz ere bazeuden hemen. Hamabost dira horiek eta berriak, bost soilik. Bermeotik bi etorri dira Oriora, eta Oriotik Bermeora bi joan. Nola nik ahuldu ditudala Bermeo, Hondarribia, Donostiarra eta besteak? Oriora etorri eta irabazten ari naizenez, dirua edukitzeagatik eta gastatzeagatik da, kritikoen ustez. Iazko aurrekontu bera dauka-eta Oriok! Jendeak ez daki Salsamendik kobratzen zuenaren erdia kobratzen ari naizela. Baina ni irabazten ari naiz, eta inbidia handia dago bazterretan. Nola izango naiz ni harrobiaren aurkakoa? Ez nago kontra, gezurretan ari den jendearen kontra ari naiz. Gauza bat esan eta beste bat egiten dutenen kontra nago, baina txarra eta gaiztoa bakarra da, irabazten duen hau.
Kritikoei erantzuteko hurrengo erronka izan liteke Oriorekin irabaztea baina harrobiko arraunlariekin soilik. Baina ez lirateke isilduko. Nik egin behar dut egin behar dudana: Oriorekin irabazi. Begira Getariako estropadan zer pasatu zen. Goizean zuzendaritzako batek idatzi zidan ea noiz sartu behar nituen sei edo zazpi harrobiko. Sartu nituen, baina aurretik horrela prestatuta zegoelako. Gero, arratsaldean, zuzendaritzako horri galdetu egin nion ea izorratu egin zuen ez irabazteak. Baietz esan zidan. Ba utzi txorakeriak. Arraun egin behar dute onenek, eta etxekoak ez badira onenak, ba ez dira onenak.
Harrobiko oso onak dauzkazu taldean. Bai horixe, baina izenik ez daukate oraindik. Oso jende indartsua dago hemen. Jon Lizarralde, adibidez, eta bere anaia Mikel. Pisua-potentzia binomioan, punta-puntakoa. Baina oraindik ez du ezer irabazi, eta izenik ez.
Kanpora joan behar al da izena lortzeko? Castrora joan nintzen 2005ean, eta Kontxa irabazi genuenez, Urdaibain niri balioa ematen hasi ziren. Begira Beñat [Egidazu], hondarribiarra; esan nion gurekin etortzeko, baina etortzen ez bazen ere, alde egiteko bere etxetik. Orain, beste modu batera ikusten du Hondarribia, eta berari ere min handia egin diote. Harrobia bai, baina haiekin zaudenean. Ez zaudenean, egurra. Eta botere handia daukate. Horrek ematen dit min. Hemen denok daukagu zerbait, eta txarrean jarri behar bada, txarrean jarriko gara. Baina txarrak gu izan gara, eta hauek, zintzoak beti.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos
