Ehuneko bat
Byung-Chul Hanen “No-cosas” irakurri dut; pasarte batzuk azpimarratu ditut, beste batzuk arinago pasa; saiakera osoa ez dut guztiz ulertu. Askotan gertatzen zait. Aspaldi oparitu nion neure buruari guzti-guzti- guztia ez ulertzeko atsedena. Muturreko eskakizunek sekula ez naute hauspotu zerbait hobeto barneratzera. Beraz, filosofo hegokorearraren teoriaren ehuneko bat ulertu dut, pentsamenduaren geruzei edo moduei dagokiena. Informazio-ondorio binomioaz dihardu. Pentsatzeko oinarrizko modu bat da datuak bildu eta gertatuko denaren inguruko iragarpena osatzea. Hain zuzen, pentsaera hori erraz asko imitatu daitekeela dio; are gehiago, adimen artifizialaren funtsa hori da.
Maiz egiten dudan beste zerbait irakurketak gurutzatzea da. Ziurrenik, horrek eragin zuzena izango du ulertzen dudanaren ehuneko horretan. Pino Aprileren “Nuevo elogio del imbécil” testua gurutzatu dut Byung-Chul Hanenarekin. Kasu honetan, idazle italiarrak pentsamenduaren garapenaren etapa berri baten hastapenetan gaudela dio; ergelkeriaren urrezko aroan, zehazki. Hainbat eskutitz partekatu ditu giza eboluzioan aditua den ikertzaile batekin, bakoitzak bere premisari finko helduz: gizakiok adimentsuak gara versus gizakiok gero eta ergelagoak gara. Izan ere, Pino Aprileren arabera, askotan aurrera eramaten ditugu aldez aurretik ehuneko ehunean tentelkeriatzat jotzen ditugun ekintzak.
Korearraren beldurra da demaseko informazioaren garaian, pertsonok ditugun bestelako pentsaera moduak galtzea; esaterako, pentsamendu ergela: ez-asmatzeko aukera ematen diguten zirrara, sentipen zein funts gabeko kontuak. Gauzek lagun dezakete ulermen konplexu hori garatzen. Edo horrelako zerbait; ez zait guztiz argi geratu, baina materialismoaren aldeko aldarria egiten duela esango nuke. Italiarraren beldurra, ordea, ergelkeriaren odak gizakiok argitasunik gabe jokatzera eramango gaituela da, adimena -edozein adimen mota izanik ere- galtzeraino.
Bi irakurketen artean, gauzak eta ez-gauzak gertatzen dira etengabean. Esaterako, titular bat: «Trumpek bertan behera utzi du berotegi-efektuko gasen emisioa mugatzen zuen Obamaren irizpena». Kutsaduraren kaltearen inguruko informazio datuak ezagunak ditugu; zerbait ondorioztatzera eraman gaitzakete. Esaterako: AEBn ohiko konbustio autoak erosteko erraztasunak eskainiko dituzte. Eta egia da, normalean, badagoela ulertzen dudan ehuneko bat. Alta, ergelkeriaren mesedetan, informazio gehiegi gurutzatzeagatik-edo, portzentaje hori galdu dudalakoan nago, ehuneko ehun batean ziur, bederen.




