Osasun integrala, inoiz baino beharrezkoagoa

Urtero, apirilaren 7an, munduak Osasunaren Mundu Eguna ospatzen du, osasuna oinarrizko eskubidea dela gogorarazteko. Hala ere, egun konkretu hori alde batera utzita, komeni da geure buruari galdetzea: zer ulertzen dugu egiazki «osasuna» esatean?
Osasuna, gorputza, burua eta gizarte ingurunea integratzen dituen egoera da. Osasun fisikoa, egonkortasun emozionala eta harreman osasuntsuak edukitzea eskatzen du egoera integral horrek. Zutabe horietako batek huts egiten badu, sistema osoa kolokan jartzen da.
Testuinguru horretan, jarduera fisikoa funtsezko tresna bihurtzen da osasun integral horri eusteko. Ez gara kirol errendimenduaz eta helburu estetikoez ari. Mugimenduaz ari gara, behar biologiko eta emozional moduan. Ibiltzea, dantzatzea, igeri egitea edo indar ariketak egitea. Hau da, gure sistema kardiobaskularra hobetzea, muskuluak eta hezurrak indartzea, mugikortasuna hobetzea eta gaixotasun kronikoak prebenitzea. Baina bere onurak ez dira hor amaitzen.
Gorputza mugitzeak estresa ere erregulatzen du. Ariketa saio bakoitza inbertsio bat da energian, autoestimuan eta egonkortasun mentalean. Horrez gainera, jarduera fisiko askok beste pertsona batzuekin denbora partekatzera eramaten gaituzte, harremanak sendotuz. Modu horretan, mugimenduak eragin positiboa du gure bizitza sozialean.
Egunetik egunera azkarrago doan gizarte batean bizi gara, sedentarismo maila handiarekin eta gainkarga mental izugarriarekin. Horregatik, osasun integralaz hitz egitea inoiz baino beharrezkoagoa da. Ez da nahikoa zerbaitek min ematen duenean medikuarengana joatea. Epe luzean osasuntsu mantenduko gaituzten ohiturak landu behar ditugu: behar bezala lo egitea, modu orekatuan elikatzea, emozioak kudeatzea eta aktibo mantentzea, besteak beste.
Azkenik, osasuna ez da helburu finko bat, etengabeko dedikazio eta hautu kontziente bat baizik. Erabaki txiki bakoitzak bere eragina du. Gure egunerokoari mugimendu gehiago eranstea izan daiteke gure osasun integral horrekin konektatzeko lehen urratsa. Beraz, has gaitezen gaurtik, egunero zaindu beharko dugun osasun hori elikatzen eta zaintzen.



