Bi izarren artean idatzitako urtea

Zinemaren munduak lerroburu ugari utziko dizkigu 2026an. Zeintzuk izango diren aurreikustea zaila bada ere, ziur asko Zendayaren eta Robert Pattinsonen izenak agertuko dira. Bikote emankorra izateaz gain -Pattinsonek lau film estreinatuko ditu, eta Zendayak lau film eta “Euphoria” telesailaren hirugarren denboraldia-, hiru film garrantzitsu partekatuko dituzte: “The Odyssey”, “Dune 3” eta “The Drama”. Oso ezberdinak dira hirurak, baina zenbait ezaugarri partekatzen dituzte: anbizio artistikoa eta fenomeno kultural bihurtzeko potentziala.
Ikusmin handiena sortu duen filmarekin hasiko gara, Christopher Nolanek sinatzen duen guztia gertakari bihurtzen baita: “The Odyssey”. Odiseo edo Ulises Antzinako Greziako mitologiako heroiari buruzko filma izango da. 250 milioi dolarreko aurrekontua izan du, Nolanen ibilbideko pelikula garestiena da eta 70 mm-ko IMAX kamerekin osorik filmatu den lehena. Estreinaldia uztailaren 17an izango da, eta IMAX 70 mm-ko proiekzioetarako sarrerak urtebete lehenago, 2025eko uztailaren 17an, agortu ziren, hamabi ordu baino gutxiagoan; aurrekaririk gabeko fenomenoa.
“Dune 3”-k, berriz, Frank Herberten klasikoan oinarrituta, aurreko zati arrakastatsuen ostean, erronka handia izango du zientzia fikzioaren unibertso berezi horri amaiera koherente eta sakona ematen. Zendaya, Chani gisa, kontakizunaren ardatz emozional eta politikoa bihurtuko da, eta Pattinsonen pertsonaiak tentsio eta konplexutasun berriak ekarriko ditu botere sarearen barruan.
Azkenik, xumeagoa, baina akaso sakonagoa, “The Drama”. Kristoffer Borglik intimitatera gonbidatuko gaitu, hauts daitekeen bikote baten barrenera. Ez dago hemen espaziorik edo epopeiarik; hemen begiradak izango dira arma eta hitzak zauri. Ezkondu aurreko egunetan bikote batek bizi duen krisi sakonean barneratuko da ikuslea, eta ezusteko errebelazio batzuek elkarri buruz zuten irudia hankaz gora jarriko dute.
Bi aktoreek bide oso desberdinak hartu dituzte izar bihurtzeko, baina gaur egun puntu berean gurutzatzen dira. Zendaya gazte kulturari lotutako aurpegi gisa hasi zen, baina bere anbizioak erakutsi zuen era kontzientean eraikitzen ari zela bere ibilbidea. Bere jauzi handiena “Euphoria” telesailarekin etorri zen, eta ondoren “Spider-Man” eta “Dune” proiektuak etorri ziren.
Robert Pattinsonek ere ospearen sua goiz piztu zuen “Twilight” sagarekin. Mundu osoaren begiradapean egon zen, baina bestelako bidea hautatu eta, bere burua berrasmatzeko apustua eginez, egile zinemaren lurraldean barneratu zen. “Good Time” eta “The Lighthouse” lanetan bere irudia errotik aldatu zuen. Komertzialaren eta artistikoaren arteko oreka fin eta zaila lortu du.
Orain, bi ibilbide horiek elkartu egin dira eta pantaila handian inpaktu handia sortuko dutela aurreikusten da.





