Elkar zaintzea
Astebeteko epean, jendartearekin pixka bat adiskidetu nauten bi albiste irakurri ditut. Bi albisteak txarrak eta kezkatzeko modukoak izan dira, amorrarazi egin naute, baina itxaropen poxi bat ere ekarri didate poltsikoetara.
Sexu erasotzaile bat gerarazi dute parke batean. Emakume baten oihuak entzun eta gazte kuadrilla bat eraso bat gertatzen ari zela konturatu zen. Oihuak nondik zetozen identifikatu, bertaratu eta erasotzailea gerarazi zuten. Eta poliziak etorri bitartean, erasotzaileari eutsi egin zioten.
Bigarren kasuan, hamaika urteko neskato batek erasotzaile bati planto egin dio. Bost urteko semearen aurrean, ama kale erdian jipoitzen ari zen gizonezkoa. Hamaika urteko neskatoa han ingurutik zebilen eta bien tartean jarri zen, kolpeak geratzeko helburuarekin. Emakumea estu besarkatu zuen neskatoak bere erasotzaileak bakean utz zezan. Horrela topatu zuten poliziek bertaratu zirenean, negarrez eta emakume horri gogor eutsita.
Eta elkar zaintzea zein garrantzitsua den etorri zait gogora; denon artean mundu bizigarriago bat egiteko indarra daukagula gogoratu nahi izan dut. Non jaso ote dute gazte kuadrilla horrek eta neskato horrek irakaspen hori? Nahikoa maiz, sinesgarri eta ozen esaten al dugu elkar zaintzea zein garrantzitsua den? Bizitzaren oinarrizko ikasketa izan beharko luke horrek: elkar zaindu dezagun. Konpromiso bat jendetasunarekin.
Umetan, kalean bakarrik ibiltzen hasi ginenean, etxean jaso genuen lezioa: «Beti lagunartean ibili eta ez utzi inor bakarrik. Ondoko herrietara mugitzen hasi ginenean, berdin: «Autobusean joan zareten guztiak bueltan etorri zaretela ziurtatu».
Nerabetan, parrandan eta gauez ibiltzen hasi ginenean, behin eta berriz gogorarazi ziguten: «Lagunartean ibili, zeure burua zaindu, bai eta lagunak ere». Eta horrela ikusi eta ikasi genuen gauari neurria hartzen eta hartzen ez genionean, elkar zaintzen.
Burutazio horiek denak pilatu zitzaizkidan aurreko batean. Goizean goiz abiatu nintzen etxetik. Artean, bezperako parrandaren arrastoak kalean bistan ziren. Banku batean ikusi nuen neska gazte bat, erdi lo, erdi groggy. Hankak bankuaren bizkarraldean igota, deseroso baita begira egoteko ere. Gerturatu eta bakarrik ote zegoen galdetu nion, laguntzarik behar ote zuen. Haraxeagoko arkupe batetik buila egin zidan gazte kuadrilla batek, bakean uzteko, laguna zutela eta haiekin zegoela. Lasaiago urrutiratu nintzen, sikiera batzuetan elkar zaintzen segitzen dugula sinetsita.

«La credibilidad te la tienes que ganar tocando y eso es lo que he hecho toda mi vida»

Volkswagen Golf GTI, gallo solo hay uno

«Es fundamental acabar con el relato único del aborto necesariamente como un trauma»

¿Qué está pasando con la extrema delgadez?

