Julia Powell Sports Hall
Julia Powell kiroldegia Madrilgo Runnymede College campuseko parte den erabilera anitzeko instalazioa da. Ez da kirolera mugatutako espazioa, beste jarduera batzuetarako ere erabil daitekeelako. Arkitekturaren alorrean ere ikuspuntu interesgarria du egiturak.

Madrilgo Runnymede College eskola ingelesak azpiegiturak egokitu eta handitzeko beharra zuen, eta horri erantzuteko arkitektura-lehiaketa antolatu zuen. Helburua 6.760 metro koadroko eremua berrantolatzea zen: lehendik zeuden eraikinak birgaitu, berriak eraiki eta multzo osoa espazio partekatuekin, kirol-instalazioekin eta ikastetxearen eguneroko jardunari erantzungo zion campus batekin osatzea.
Proiektuaren abiapuntua hezkuntza-eredu anglo-saxoia izan zen. Irakaslearen figura karismatikoa, lankidetza, ikaskuntza praktikoa eta diziplinarteko programak dira eredu horren oinarriak, eta horiek guztiek baldintzatzen dituzte espazioen antolaketa, giroa eta eraikinen arteko harreman bisual zein fisikoak. Arkitekturak, beraz, ez ditu eraikinak soilik antolatzen; hezkuntza-komunitatearen eguneroko bizitza eta elkarreragina ere sustatzen ditu.

2019ko lehiaketaren irabazlea Rojo/Fernández-Shaw arkitektura-bulegoa izan zen, UNCAMPUS lelopean aurkeztutako proposamenari esker. Proiektuak ezin hobeto islatu zuen eskolaren espiritua: topagune nagusi gisa funtzionatzen duen kanpo-espazio zabal bat, haren inguruan sakabanatutako pabiloiekin, ia mugarik gabeko campus ireki bat osatuz. Antolaketa horrek eguneroko jardueraren erritmoari egokitzen zaion espazio dinamiko eta bizia sortzen du, ikaskuntza geletatik harago ere gertatzen dela azpimarratuz.
Ordutik, arkitektura-bulegoak campusa faseka garatu du. Eraikin aipagarrienetako bat da 2021ean amaitutako Julia Powell Hall pabiloia, kirol-jarduerak ez ezik, azterketak, ekitaldiak eta bestelako ospakizunak hartzeko diseinatua. Espazio diafano eta moldakorrak, beraz, erabilera askotarikoak hartzen ditu, boleibol-taldearen entrenamenduetatik hasi eta ikastetxeko ekitaldi instituzionaletaraino, programaren behar aldakorretara erraztasunez egokituz.
Proiektuak lehendik zeuden zimenduak aprobetxatzen ditu. Izan ere, orube berean eraitsitako eraikin baten soto-hormek 30 metroko aldeko hutsarte karratua osatzen zuten. Horri esker, pabiloiaren zati bat lurpean txertatzen da, eta kanpotik estalkiaren bolumenaren zati bat baino ez da ikusten. Irtenbide horrek eraikinaren presentzia arindu, ingurunearekiko inpaktua murriztu eta eskala handiari neurria hartzen laguntzen dio.
Barrualdean zazpi metroko altuerako kirol-pista, harrera-gunea eta aldagelak antolatzen dira. Espazioa estaltzeko, triangelu formako zertxek osatutako egitura metalikoa erabiltzen da; portiko moduan bata bestearen ondoan jarrita, eremu osoa estali eta eraikinari nortasun berezia ematen diote. Egitura estalkitik fatxadaraino luzatzen da, elementu bakar eta jarraitu baten irudia sortuz.
Fatxadak polikarbonatoz eta txapa metaliko ondulatu eta zulatuz estaltzen dira. Azal bikoitz horrek argi naturala iragazten du eta eraikinaren portaera klimatikoa hobetzen laguntzen du. Gauez, barruko argiak piztean, pabiloia linterna erraldoi baten antzera pizten da, eta haren egitura gardentasunez agerian uzten du. Estalkian, berriz, barruko aldetik egur-txirbilezko panelak txertatzen dira, erosotasun akustikoa eta isolamendu termikoa bermatzeko.

Eraikuntza-prozesua ere efizientziaren aldekoa izan da. Izan ere, eskola-jarduerei lotutako eraikin bat izatean, udako oporren denboraldian hasi eta amaitu beharrekoak izaten dira obrak. Horregatik, elementu guztiak prefabrikatuak dira, eta lotura lehorrak erabiliz muntatu dira, obra-denborak eta kostuak kontrolpean mantenduz.
Formaren, egituraren eta materialtasunaren arteko orekari esker, proiektu honetan ohiko kirol pabiloien eskala handia gizatiartzea lortzen da, eta, azal zeharrargiei esker, bolumenaren pisua erabat desegitea. Horrela, eraikinak ez du soilik bere funtzioa betetzen, baizik eta campus osoaren erreferentzia-puntu bilakatzen da, bere mugetatik haratago ezagun egiten den ikur bihurtuz.


