Zapatamokoa, zingiretako enigma
Afrika ekialdeko (Uganda, Hego Sudan, Tanzania, Zambia eta Ruanda) paduretan eta ur gezako zingiretan bizi da hegazti hau. Zapatamoko du izen arrunta, baina «balaeniceps rex» da bere izen zientifikoa.

Zapatamokoa bakartia da, eta isila. Hori bai, sekulako zarata egin ohi du mokoaz etsaiak uxatzeko eta bikotekidea erakartzeko. Bizi itxaropena 35 bat urtekoa du. Gatibutzan, hots, zoologikoetan, 50 bat urtekoa. Urte gehien bizitzen den hegaztien artean dago. Endemikoa da Afrikako ekialdean. Bere dieta karniboroa da, eta tilapiak (arrainak), ur sugeak, krokodilo gazteak, inoiz igelak, eta sarraskia jan ohi ditu. Oxigenatutako ur gutxiko paduretan eta landaretza handiko lekuetan ezkutatu ohi da. Izan ere, horrelako eremuetan egoten diren arrainek azalera igotzeko joera izaten dute airea arnasteko, eta horrek aukera ematen dio haiek harrapatzeko. Ez da hegazti migratzailea, baina urtaroaren arabera mugimendu txikiak egiten ditu, habitataren aldaketak eta elikagai baliabideen aukerak direla eta. Inoiz ikusi izan da arroz soroetan ere.

Arra emea baino handiagoa da eta moko luzeagoa du. Heldua grisa da, eta gaztea, marroiagoa. Bere tamaina handia bada ere (110-150 cm-ko garaiera), planeatzeko joera izaten du, eta hegan ari dela lepoa erabat uzkurtzen du atzerantz. Izutzen denean, 100 eta 500 metro arteko distantziara egiten du hegan. Bitxikeria moduan esan behar da txiza eta kaka egiten duela hanketan bere tenperatura jaisteko. Jarrera natural horrek “urohidrosi” du izena. Lurrean egiten du habia eta normalean bi arrautza erruten ditu. Hala ere, bietako batek baino ez du aurrera egiten.

Bere egoera ez da batere ona. 3.300-5.600 banako bizi dira aske gaur egun. Arrisku nagusiak habitataren suntsiketa, ehiza eta legez kanpoko harrapaketa dira. Abeltzaintzarako eta nekazaritzarako eremu handiak erabiltzen direnez, zingira eta padura habitatak ere galtzen ari dira Afrikako ekialdean.

Argazki hauek Mabamba zingiran (Mabamba Swamp) eginda daude, Victoria aintziraren iparraldean, Entebbetik 40 bat kilometrora, Ugandako hiriburutik hurbil.





