Eguraldiaz
Zeri buruz hitz egin ez dakidanean, eguraldiaz hitz egiten dut. Igogailuan: gehiegi ezagutzen ez dudan lankideari, «nola hoztu duen gaur». Gauean azkenengo eta goizean lehenengo egiten dudana da eguraldiaren aplikazioari begiratzea, nahiz eta gehienetan ez duen asmatzen!
1861. urtean “The Times” egunkaria hasi zen aurreikuspen meteorologikoa egiten. Robert FitzRoy marinela kezkatuta zegoen jende gehiegi hiltzen zelako itsasoan. Telegrafoa erabiliz, toki ezberdinetako datuak pilatzen hasi zen eta lehen iragarpena egin zuen ekaitzen berri emanez. Euri asko egin du ordutik, baina interesa ez da galdu. EITBko tarte ikusiena da Eguraldia. Elurra egiten duenean, albistegiko audientziak ere gora egiten du. Ekaitz gogorrak daudenean, jendea telebistara itsatsita egoten da. Eta geroz eta ohikoagoak diren beroaldiek ere share datu onak ematen dituzte.
Asko aldatu da iragarpenak egiteko modua. Tenporetatik radarretara igaro gara, zerura begiratzetik mapak aztertzera. Eguraldia bera ere aldatu da. Geroz eta elur gutxiago ikusten dugu Euskal Herrian eta geroz eta ilara luzeagoak egoten dira aire egokituko gailuak erosteko. Klima aldaketaren eragina argia da, nahiz eta batzuk ukatzen saiatu. Himalaia urtzen ari da, Lagako hondartzako ura geroz eta beroago dago eta Valentzian hondamendia eragin zuen bezalako GOIDI bat berriro gertatzeko aukera handiak daude.
Ez dut ezagutzen eguraldiaren inguruko informazioa gustuko ez duen inor. Batzuek soroa noiz landatu jakin gura dutelako, besteek seme-alabei zer arropa jarri jakin gura dutelako. Edonorekin egin dezakezu berba eguraldiaz eta, gainera, inolako eztabaidarik piztu barik. Gai neutroa da eta, aldi berean, emankorra. Atera kontuak, ez nekien zutabe hau zeri buruz idatzi eta oraingoan ere eguraldiak salbatu nau!

Vaca Muerta, viaje al corazón del fracking

«La Iglesia tiene tensiones, pero no creo que predique un mensaje y luego esté viviendo una cosa totalmente distinta»

Las Potxolas, una promesa cumplida

Culiacán: un día sin muertos en la guerra de Sinaloa
