Adolfo Guiard & Bakioko baserritarra

Aire zabalean pintatzeko gogoarekin joan zen Adolfo Guiard Bakio aldera 1888an, Bilbotik apartatu eta baserri aldera. Aire zabalean, baina, ez zen paisaia Guiardi interesatzen zitzaiona, paisaia hutsa behintzat. Baserri paisaia baserritarra topatzeko aitzakia zen. Paisaia humanoa zen interesatzen zitzaiona.
Ordurako pintatua zuen, esate baterako, “El cho” (1887). Bilboko itsasadarrean ainguratutako itsasontzian, ontzi-mutila erretratatu zuen Guiardek. Txo horrek tripulazioaren otordurako mozten ditu barazkiak, azak, ezkerreko eskuan duen labanaz, eskuineko eskua, asperturik eta nagi, garondoan jartzen duen artean.
Hurrengo urtean, Bilbo urbano-industrialaren eremutik apur bat urrunduz, “El aldeano de Baquio” izan omen zen Guiardek pintatu zuen lehenengo baserritarra. Nekazaria soroan, atsedenaldi labur bat hartzen, norberari begira. Aitzurka ibili ondoren, aza (edo kalabaza?) artean dago abarkaduna. Atzean dago artasoroa, eta idi gorriak zain, eta emakumea (umea besoetan, amama?). Baserritarraren irudia sinplea da, naturala, eta lasai dago. Ohikoa da eszena, ia derrigorrezkoa, eta badu uda aire bat. Durangoko plateruek kantatzen zuten: «Bagilla seigarrena / jorratu soluan / artua atxurragaz / eguzki beruan…».
Nabarmena da koadroan pintorearen marrazkilari abilezia. Marrazkia dago lehenengo, figura humanoak, eta gero pintura. Lan itzela egiten zuen marrazkiak behin eta berriro zirriborratzen eta zehazten. Guiardenak “marrazki iluminatuak” zirela idatzi zuen Miguel Unamunok gero, 1918an, “Hermes” aldizkarian. Marrazkia iluminatzeko orduan, paletako kolore argiak erabiltzen zituen, tonu biziak, pintzelkada orekatu eta finez.
INPRESIONISMOAREN POLEMIKA
Publikoki ikusi zen “El aldeano de Baquio”, Bilbon, Posta kaleko erakusketan, Gaminderenean, eta polemika interesgarriaren motiboa izan zen. Koadroari buruzko laudorio anonimo bat argitaratu zen lehenengo “La Union Vasco-Navarra” egunkarian (1888-08-05). Ez dago koadroan hornidura dekoratiborik ez distrakziorik, esaten da iruzkinean, pertsona bakarrik, baserritarra: «inpresio bat, begirada kolpe bat, egia bat». Marrazkia perfektua dela eta pertsonaia harrigarriro sentitzen dela.
Egun gutxitara, erantzun bat agertu zen “El Noticiario Bilbaino” egunkarian (1888-08-09), “El impresionismo” tituluarekin, hau ere anonimoa. Anonimotasunaz, Javier González de Duranak esplikatu du lehenengo izen ezkutua Nicolás Viar zela, Guiarden betiko adiskidea, eta, bigarrena, Antonio Trueba idazle ezagun eta Bizkaiko Jaurerriko kronista ofiziala. Honek, marrazkilariaren trebetasuna eta fintasuna laudatu arren, ez zuen onirizten koloreen erabilera eta teknika inpresionista. Inpresio txarra egiten zion inpresionismoak. Pintaera intelektualizatua zela zioen, minorientzakoa, eta populua (“turba multa”, zioen Truebak) ez zela koadro horiek ulertzera helduko.
Polemikako hirugarren artikulua “La Unión Vasco-Navarra” kazetan agertu zen: “El cuadro de Guiard y los impresionistas”, Baltza sinadurarekin oraingoan, baina berriz ere Nicolás Viar bera autorea, González de Duranak ikertu duenez. Baltzarentzat, Guiardek dakarren pintura bizitza da, egia da, zaharraren ondoko berria besterik ez da. Zaharrak onartu ezin duen berria.
Estetikaren aldetik, bi joeraren arteko talka ikusi zen 1888 hartako Bilbon: alde batetik joera tradizionala, mito historizistak eta situazio kostunbristak errepresentatzearekin konformatzen zena, eta, beste aldetik, modernotasuna. Pinturan, Adolfo Guiarden eskutik heldu zen joera anti-akademizista, naturalista, inpresionista.
Juan de la Encinak idatzi zuen berrogeita piko urte geroago “Hermes” aldizkarian, euskal pinturak Adolfo Guiardek 1888 hartan irekitako bide modernoak jarraitu dituela. Nabigatzaileek euskalduna munduko lurralde guztiekin komunikazio fisikoan jarri zuten bezala, Guiardek ere euskal arte plastikoa harremanetan jarri zuela arte modernoen gune biziena den Parisekin.
“Bakioko baserritarrak” aldaketa puntu bat markatzen du. Koadro hori norena eta Ramón de la Sotarena izan zen, Bizkaiko enpresari aberatsa, abertzale aberats bakarrenetakoa. Gerra Zibilaren ostean, koadroa Ameriketako Estatu Batuetara saldu zen, eta Kaliforniako bilduma partikular batean omen dago gaur egun, Bakioko baserritar kosmopolita hori.

ADOLFO GUIARD-EN IBILBIDEA
Adolfo Guiard Larrauri 1860ko apirilaren 10ean jaio zen Bilbon (Askao kaleko 28an, 2. pisuan), bigarrena hamabost haurrideko familian. Bilbon Antonio Lecuonarekin eta Bartzelonan Ramón Martí Alsinarekin ikasi zuen marrazten, baina Mariano Fortunyren erreferentzia izango zuen Katalunian egin zuen denboran. 1878an, hamazortzi urterekin, Parisera joan zen. Ordura arte, pintatzen ikasi nahi zutenak Erromara joaten ziren. Guiard izan zen lehenengoetakoa Parisera joaten, bidea zabalduz hurrengo pintore askori. Zazpi-zortzi urte eman zituen han, Pierre-Paul Leon Glaizerekin, hango arte giroan murgiltzen. Émile Zola eta Alphonse Daudet idazleekin, Edgar Degas eta Éduard Manet pintoreekin, eta Claude Monet, Paul Gauguin eta enparauekin. Lekuko dira “La Vie Moderne” aldizkarian egin zituen kolaborazioak.
Bilbora itzultzean, 1886an, aire berria ekarri zuen. Tailer akademikotik atera eta argi zabalean hasi zen pintatzen. Argia eta kolorea, aire zabaltasuna eta pintzelkada finak. Guiard irekia eta berritsua zen, umore onekoa, uste zuen Parisetik zekarren pintatzeko modu berri hori onuragarria eta beharrezkoa zela euskal gizartea hobetzeko. 1886ko Durangoko Lore Jokoetan parte hartu zuen. Antoine d’Abbadiek sorturiko jai haietan literatura eta musika lantzen ziren, espazioa uzten zen kirolerako, baina ez hainbeste arte plastikoetarako.
Pintura ederrak egin zituen Sociedad Bilbaina elkartearen enkarguz, Bilboko aberats berrien autoestima eta esnobismoa elikatu zuen paisaia sozioekonomiko berria koloreztatuz: errioa, itsasontzi merkanteak, fabrika tximiniak, Club Marítimo del Abrako terrazako bazkalondoa, Estación del Norte geltokiko txinberoak.
Baina Guiard ez zegoen eroso Bizkaiko aberatsekin eta haiek eragindako hazkunde urbano-industrialarekin. Burlatzen zen ingeniariez, diruaz (bankuei “sinagoga” deitzen zien) eta trufatzen zen progresismo “koipeaz”. Bera 1873-74ko setioa baino lehenagoko bilbotarkumea zen, hiritarra, liberala, “c” soinua ahoskatzen ez zekitenetakoa. Liberalen eta karlisten arteko kontraesana ezagutu zuen umetan (burgesen eta nekazarien artekoa, alegia). Baina 1876. urtearen ondoren, dena aldatu zen eta Guiard foruen galerarekin traumatizatutako gizartean bizi izan zen, Iraultza Industrialari begira. Ez zen industrializazio hutsa izan, hazkunde ekonomikoa sufrimendu askotan oinarritu zen, eta oligarkia diruzaleenaren zerbitzuan aldatu zen dena, paisaia, jendea eta bizimodua.
Euskal gizartea zentzu politikoan ere berreraiki behar zela uste zuen Guiardek. 1877an Fidel Sagarminagak fundaturiko Euskalerria elkartean integratu zen, fuerismo erradikal baten alde, Nicolás Viar, Óscar Rochelt, Ramón de la Sota, Francisco Ulacia edo Eduardo Landeta bezala. Ikuspegi hiritar, liberal, lokal eta unibertsal batekin, bilbotar haiek, antzinako liberal/karlista (hiritar/baserritar) kontraesan soziopolitikoa, orain inperialismo espainol/abertzaletasun (oligarkia/herri) kontrakotasun moduan hasi ziren sentitzen. Kontestu horretan gertatu zen Adolfo Guiard, Euskalerria elkarteko beste bilbotar asko bezala, baserri mundura hurbiltzea.

KRABELIN GORRIA
Industrialismoaren kontrako eledunetako bat izan zen Adolfo Guiard XIX. mendearen amaierako Bilbon. Ez zuen sasoiko oligarken anbizioa. Kultura zabalekoa, buru argia eta aldarte onekoa, gustura sentitzen zen Begoñako txakolindegian edo Zazpikaleetako jatetxe-zuloan. Eta nahikoa zitzaion mihisea eta koloretako paleta, nahi zuenean eta nahi zuena pintatzeko.
Esan da proletariatu industrialaren beldurrez zabaldu zela azken aldian bilbotarren begirada baserri mundura. Maiz aipatzen da XIX. mendearen amaierako anti-maketismoa, baina ez da ahaztu behar bilbotarren betiereko anti-aldeanismoa. Bilbo setiatua, nork eta inguruetako baserritarrek: “aldeano”, “cashero”, “arlote”, “paleto”, “vascorro”, “palurdo”, “joxemaritarra”; Nicolas Viarren lehenengo artikuluan “bato” ere agertzen da. Baserritarraren prototipoa hauxe da: sinplea (ia subnormala), burugogorra (ideologikoki itsua), jatun eta edale neurrigabekoa (gaur egun mistifikatu den gastronomoaren aurrekaria) eta gaztelania hiztuna (okerra).
Supremazismo espainol eta klasistaren kontestu horretan, estimatzekoa da Guiard baserrira hurbiltzea, sinpatiaz, modu umil eta naturalean. Gai erruraleko 1888ko lehenengo koadro haren ondoren, asko pintatuko zituen gero. Adibidez, “La siega” (1892), Murueta aldeko landan belar sikua ebakitze eta batze eszena bat, edo “De promesa” (1894), baserritar batzuen bide bazterreko deskantsua hiletaren batera doazela.
Krabelin gorridun neskatoarena ere oso interesgarria da: “La aldeana del clavel rojo” (1903). Argazki batean bezala geratu da, aurrez aurre datorrela, kantina buruan (esne-saltzailea da beharbada) eta krabelin gorria ahoan. Atzean, ezkerrean, atso bat josten, beste aldean hainbat ume jolasean. Atzerago itsasontzi bat ikusten da, jakinarazteko ez dagoela urrun hiria eta itsasontzien joan-etorria. Neskato hori Bilbotik hurbilekoa da, Elorrietakoa, hiri merkatari eta industrial prosperoak laster irentsiko duen auzune ja proletarizatua.
Malenkonia leunez jasotzen da koadroan, kapitalismo industrialaren zabalkundeak espazioa kentzen dien artean bizirauten duten baserritar horien dotorezia naturala eta duintasuna: inpresioa, begirada kolpea, egia. Pintoreak ez du melodramarik proposatuko, ez panfletorik antzeztuko, baina ikusleak berehala antzemango du, lehengo txo hura bezala, esneketari krabelingorri hau ere, umea dela oraindik, eskolan egon beharko litzatekeela, eta ez sei azunbre esne kantina buruan garraio-lanean.




