Xabier Izaga
IRUDITAN

Margaret Thatcherrek dimisioa eman zuen

(Getty Images)

Margaret Thatcher Britainia Handiko Alderdi Kontserbadoreko buru eta lehen ministroak dimisioa eman zuen gaurko egunez. 1979tik 1990era arte iraun zuen haren agintaldiak, eta denbora horretan ongizate estatua zelakoa ezabatu eta sistema neoliberal gordina ezarri zuen.

Besteak beste, enpresa publiko estrategikoak pribatizatu eta errenta handiei zergak jaitsi zizkien; zerbitzu eta finantza sektoreetan hazkunde handia izan zen, baina langile klasea ikaragarri pobretu zen; desberdintasunak nabarmen handitu ziren. Lan gatazkarik gogorrena meatzarien greba izan zen, 1984an eta 1985ean. Thatcherrek ez zuen amore eman, eta gainera langileen eskubide sindikalak murriztu zituen.

1990ean, Gobernuaren barruan desadostasun nabarmenak zeuden, baina batez ere Poll Tax deituriko zerga polemikoak eragin zuen Thatcherren gainbehera. Tokiko gobernuak finantzatzeko zerga hark herritarren haserrea piztu zuen eta protesta handiak izan ziren, herritar guztiek berdin ordaindu behar baitzuten, diru sarrerak eta aberastasuna kontuan izan gabe. Desobedientzia zibileko kanpaina bat antolatuta, milioika herritarrek zerga ez ordaintzea erabaki zuten.

1990eko azaroaren 22an iragarri zuen Thatcherrek bere dimisioa. John Majorrek hartu zituen alderdiaren buruzagitza eta lehen ministro kargua, eta berehala iragarri zuen Poll Tax zerga bertan behera utziko zuela.