MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Nora begira?

Lehenengo mailako biktimak eta bigarren mailako biktimak daudela sentitu dute polizia gehiegikerien biktimek EAEko Auzitegi Gorenak Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zenbait artikuluren aurkako ebazpena kaleratu eta gero, eta funtsean arazo tekniko zenbaiti eragiten badie ere, eta Rajoyren Gobernuaren garaipena zentzu horretan hutsala izan arren, minduta daude oso.

Minduta daude sentitzen dutelako biktima guztiak ez dituztela berdin tratatzen, uste dutelako biktimak bi aldiz egin dituela biktima egoera honek, eta asko sufritu duten pertsonak berriz ere minaren ertzean jarri dituela. Biktima horietako zenbaiten ustez, Espainiako gobernua hori horrela izan dadin eta ikuskatu dadin ahalegintzen da hauteskunde garairako beste erakustaldi bat eginez. Baina erakustaldi horrek behin eta berriz indargabetu egiten du alde bateko eta besteko biktima batzuk egiten ari diren lana, biolentziak behin betiko desagertu daitezen. Bakoitzak izango du gertatutakoaz bere bertsioa, eta kontakizuna egiterakoan gauza batzuetan bat etorriko dira eta beste gauza batzuetan ez, baina ezingo da egoera gainditu kaltetuak izan ziren guztien bertsioak jasotzen ez badira, ondoren kontakizunaren jasotzaileek ondorioak atera ditzaten.

Eusko Jaurlaritzak udazkenerako lege bat egingo duela iragarri du, EAEko Auzitegi Gorenaren ebazpenaren biharamunean, dekretua baliagarria izan arren motz geratu dela esanez; Eusko Jaurlaritza ere bat dator polizia gehiegikerien biktima gehienekin eta Espainiako gobernuak oztopoak baino ez dituela jartzen azpimarratu du. Argi geratzen da Espainiak konpondu ez, eragotzi egin nahi duela. Espainiatik trabak jarri arren egoera hau konpontzen saiatu behar dutela entzun diot egunotan biktima horietako bati, biktimek nahi dutela eta beraiek lanean jarraituko dutela hemen, Espainiara begiratu gabe.

Euskal Herritik Espainiara edo Frantziara ez begiratzea ez da erraza, baina behin eta berriz errepikatzen ari da alor, gizatalde, kolektibo ezberdinetatik, lortu beharrekoa hemen lortuko dugula, Espainiara begiratu gabe. Penagarria izan arren, gauza batzuk Espainia eta Frantziaren aurka egin beharko ditugu, Lomce legearen aurkako borroka Hegoaldean eta Ikastolen aldekoa Iparraldean, adibidez.

Aste honetan, azkenik hasi den hauteskunde kanpainan ere igarri-igarria da zein ari den Euskal Herrira begira eta zein ez. Nork dituen hauteskunde hauek udazkenean izango diren Espainiako gorteetakoen aurrekari, “primaria” bezala, eta nori axola zaizkion benetan hemengo udalak edo batzar nagusiak. Nor ari den hemengo kontuetarako lehiatzen eta nor ari den Espainiakoetarako. Salbuespena Nafarroa da. Lehen orain bezala, estatu arrazoia delako Nafarroa eta Espainiako lupa gain-gainean duelako. Hori bai, hemen ere bi ikuspuntu daude: Espainiatik agintzen dutenena edo Espainiako interesak zainduko dituztenena, eta bestea nafarren nahiak erdietsiko dituztenena. Eta oraingoan sorpresarako zirrikitu bat ere bai, batzuen benetako aldaketa nahia egiazkoa den edo Madrilerako bakarrik den ikusteko. Esanguratsua da.