MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Kronika txikia

Pablo Antoñana • Itzultzailea: Luis Mari Larrañaga • Pamiela, 2015 • 112 orrialde, 11 euro

Pablo Antoñana (1927-2009) nafar idazle eta artikulugileak gaztelaniaz idazten zuen arren, euskal kulturan estimatua eta maitatua izan zen oso. Bere idazteko moduak –zuzena, itzulingururik gabea– eta literaturarekiko zuen konpromiso etikoak gure idazleengan eragina izan zuten. Orain Antoñanak hainbeste maite zuen euskarara ekarri den “Kronika txikia” hau 1984. urtean Pamiela argitaletxe iruindarrak argitaratutako lehen liburua izan zen. Antoñanaren bibliografia zabalean mugarri izan zen, era berean, eta edizio gehien izan duen nobela. Maria Josefa Marañon neskamearen begietatik gerra garaiko jauntxoen familia baten gainbehera kontatzen du nobelak. Navarro Villoslada idazlearen familiaren neskamea izan zen Antoñanaren ama bera, eta istorioa ez omen da amarena, baina inspirazio iturri izan zuen.



Espedizioa. Mendi ororen pisua •
Juanra Madariaga • Txalaparta, 2015 • 214 orrialde. 17 euro • Bere bi pasioak, mendia eta literatura, lotu ditu Bilboko alpinistak poema liburu honetan. Unai Elorriagaren “SPrako tranbia” eleberriko protagonistak bezala, zortzimilakoa igotzea zuen amets. Liburua besapean hartuta abiatu zen Shisha Pangmara eta, gailurrerako bidean, bizipen eta sentipenak, mendiak iradokitzen dizkionak eta uneko burutazioak bildu ditu koaderno batean. Madariagaren hitzetan: «Espedizioak zirauen artean Lucas pertsonaia nagusiarekin fikziozko elkarrizketa bat izan nuen; Lucasek mendira joan nahi zuen, mendi altuak zituen maite eta, nolabait, Shisha Pangmarako tranbia horretara igotzen zen».

Txantxanberde kantaria •
Joan Mari Irigoien • Autoedizioa, 2015 • 19 euro • Bere auzoko jendeari oparitu nahi izan dio espresuki Juan Mari Irigoienek bere poltsikotik ordainduta kaleratu dituen papar berdeko txori kantari honen olerkiak, txisteak eta gogoetak. Esklerosiak jota dago, baina azken garai hauek emankorrak suertatzen ari zaizkio Altzako idazleari, izan ere, orain hilabete eskas argitaratu du bere betiko argitaletxearekin, Elkarrekin, hain zuzen, esklerosia diagnostikatu ziotenetik idatzitako poesia bilduma, “Bi urtetako kronika fakultatiboa (2012-2014)” titulupean. «Txantxanberde» honen kantetan ekologismoaren aldarrikapena aurkitu dezakegu, umetan Altzan izandako hondamendi urbanistikoa ikusteak Irigoien ekologista bihurtu zuen-eta.

Soldaduaren itzulera •
Rebecca West. Itzulpena: Maialen Berasategi • Erein-Igela, 2015 • 128 orrialde. 11 euro • Eizie-k bultzatutako Literatura Unibertsala bildumaren barnean, Rebecca Westek 1918an idatzitako eleberri laburra euskaraz gozatzeko aukera dugu jadanik. Lehen Mundu Gerran zauriturik, Christopher Baldry soldadua etxera bidali dute. Baina, azken hamabost urteetako oroitzapen oro galduta, zeharo arrotza egingo zaio bere etxe maite berritua, baita Kitty emaztea bera ere. Familia gizon heldu adeitsu hura 21 urteko gazte alai buruarin bihurtu da. Emaztearen ordez, Margaret Allington du buruan, gaztetan maite izan zuen eta langile herri batean bizi den andre txiroa.

Lorea Gernika. Andrazko bat •
Koldo Izagirre • Susa, 2015 • 160 orrialde. 17,50 euro • Koldo Izagirrek berak promoziorako irakurtzen duen book-trailer delakoan horrela aurkezten digu Lorea Gernika pertsonaia: «Hiru ezkontza estrategiko egin zituela esan zidan, denak Côte Basque-n eta beste horrenbeste banantzeren edo alarguntzeren ondorioz egin ahal izan duela bizimodua. Pairatu ahal izan dituela euskaldunak. Haien aurka ikasi du pentsatzen». Hendaian bizi den Lorea Gernika anderearen inguruan –liburuaren azalean Juanba Berasategiren marrazki batek adinduna eta charme aire batekin irudikatzen du– gorpuztu du pasaitarrak helduen literaturarako itzulera. Bere aurreko lanean, “Dumitru, gazte literatura jorratu zuen.