MIREN ARTETXE
LIBURUEN TXOKOA

Nerea eta biok

Laura Mintegi • Txalaparta, 1994 (Berrargitalpena) • 126 orrialde • 15 euro

Txalapartak euskal literaturaren titulu gailen bat –eta oraindik guztiz aktualitatean dagoena– berrargitaratu du. Bertan, Laura Mintegik bi emakumeren arteko harreman lesbiko anbiguoa irudikatzen du; bata, unibertsitateko irakaslea da, bestea Parisen gatibu dagoen Nerea euskal preso politikoa. Lehen pertsonan idatzita dago liburua, eta sentimenduak eta desioak islatzen dituen bi protagonisten arteko gutun trukaketa du oinarri. Eleberriak garaiko egoera politikoa ere islatzen du, eta erraz eta modu atseginean irakurtzen da. Bi gai nagusiren inguruan garatzen da. Bata, emakume baten ohiko bizimoduaren berpiztea. Bestea, presoen absentziaren presentzia nabaria. Liburuaren bosgarren edizioa da honakoa eta ingelesez ere argitaratuta dago. Linda White Nevadako Center of Basque Studies zentroko irakasleak itzuli eta Peter Lang argitaletxeak kaleratu zuen “Nerea & I” titulupean.

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak •

Joxemari Iturralde • Pamiela, 2015 • 192 orrialde. 17 euro • Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolari ospetsuak bihurtu ditu idazle tolosarrak bere bederatzigarren eleberriaren protagonista. Fikzioa eta errealitatea nahastuz, eurekin erlazionatutako 25 emakumeren bitartez kontatu du istorioa. 1920 inguruan hasi eta 50-60 hamarkadetan bukatu du Iturraldek liburua, frankismoa indarrean zegoenean. Uzkuden eta Gaztañaga lagunak izan ziren, baina, gero, Gerra Zibilaren eraginez, bakoitzak mutur batera jo zuen. Lan mardula egin du Iturraldek dokumentazioaren aldetik, baina, hala ere, «susmo mailan jarri ditut gauza asko –argitu du–, familiak haserretu ez daitezen; gainera, egiaren eta fikzioaren arteko muga ez dut asko bereizi nahi izan».

 

Maleta •

Sergei Dovlatov • Erein-Igela, 2015 • 160 orrialde. 11,80 euro • Ameriketako Estatu Batuetan hiru maleta bakarrik sar ditzake emigrante bakoitzak. Kontalaria, Dovlatov (Ufa, 1941-New York, 1990) bera, bere ondasun guztiak –eta bere bizitza– maleta bakar batean sartzen direla ohartuko da: traje on bat, alkandora bat eta zapata batzuk, jaka bat, neguko txano bat, hiru galtzerdi pare, gidari eskularru batzuk, eta, azkenik, gerriko bat. Umore beltzez betetako liburu dibertigarri honetako kapitulu bakoitzean idazleak objektu bakoitzarekin bizi izandako istorio bat jasotzen da; oroitzapen bat objektu bakoitzeko. Amaia Apaulaza irundarraren lehen literatur itzulpena dugu honakoa.

 

Zorion klandestinoa •

Clarice Lispector • Erein-Igela, 2015 • 188 orrialde. 12 euro • Iñigo Roke itzultzaileak (aurtengo Euskadi Saria itzulpengintzan) euskarara ekarri du literatura brasildarreko ordezkari nabarmen honen lana. Clarice besoetako haurtxoa zela, jatorriko juduko bere familiak Ukrainiatik Brasilera emigratu zuen. Claricek 9 urte zituela ama hil zitzaion sifiliak jota, soldadu errusiarrek bortxatu zutenean gaixotu baitzen; galera horrek eragin handia izan zuen beregan. Emakume ederra eta talentuduna, bere mundu literario propioa sortu zuen. Abenduaren 10ean, bere urtebetetzean, «Claricen ordua» ospatzen da mundu osoan, Joyce beraren Bloomsday egunaren antzera.

 

Aita gurea •

Iñaki Irasizabal • Elkar, 2015 • 136 orrialde. 7,49 euro • “Gu bezalako heroiak” liburua kaleratu zuenetik urtero liburu bat eman du idazle durangarrak argitara. Guztiak genero beltzekoak dira eta orain ere ildo horretatik jo du. Autogintzarako piezak fabrikatzen dituen lantegi txiki batean kokaturiko istorio honetan Nagore Agirre, 26 urteko emakumea, da protagonista. «Heroinaren menpe izandako Nagoreri bat-batean aita hiltzen zaio, eta, hala, familiako lantegiaren gerentzia hartu behar du. Enpresaren arazo ekonomikoei aurre egiteko poliziaren droga biltegia lapurtzea erabakitzen du», egilearen hitzetan. Baina krimenean baino gehiago, gizartearen argi-ilunetan ipini du arreta oraingoan Irasizabalek.