angel OIARBIDE
IRITZIA

Bai, erabaki dezagun

Herri bat gara; herritarron garaia da; erabakitzeko eskubidea dugu. Hiru ardatz sinplek gidatu dute Gure Esku Dago-ren ibilbidea. Irribarrea, konplizitatea, elkarlana... izan dira lanabesak. Herritarrak, herritar denak, lan-eremu eta lan-helburu. Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea jendez, kolorez, irribarrez, herritarrez eta erabaki-gosez beteko dira, eta esan nahi dugu ez ginela aldarrikatzeko jaio.

Hamaika aldiz errepikatu dugu erabakitzea demokrazia-ariketa hutsa dela, normalena erabakitzea dela, erabakiak ez duela bereizten, erabakiak herritarrak batzen dituela. Gurea irribarrearen dinamika dela, baietzarena, “bainak” bazter utzi eta ekitea xede huts duena. Eta ez gara hitzontzikerian ariko Gure Esku Dago-k daraman aldarriarekin herritarren ia gehiengoak egiten duela bat esanda.

Gakoa, beraz, zalantza, beraz, erabaki horren gauzapenean dator. Ez dugu soluzio magikorik eskainiko herri-dinamika honetatik, baina magia egin dezaketen osagaiak baditugu: iazko giza katean elkarri eskutik heldu genion herritarrok gara magia; azken hilabeteetan gure amets eta desioz bete ditugun oihal zatitxoen borondatea da magia; herritarrok gara magia.

Nola eta noiz. Hori da adostu beharrekoa. Aldarria egia izan dadin, behar adina borondate ehuntzea da baldintza ia bakarra; horien artean noiz eta nola adostea... eta erabakitzea. Sinplea bide-orria. Erraza? Ez, baina erabaki dezagun, gure esku dago eta.