Amaia Ereñaga
AZKEN ESPRINTAREN EGUTEGIA

gure esku dago-ren sukalde lana

Maddi Ibaibarriaga markinarra Gure Esku Dago herri ekimeneko komunikazio taldeko kidea da. Jon Ziriza barañaindarra, Nafarroako koordinatzailea. Gaur bertan burutuko diren ekitaldi ikusgarrien aperitifa bezala –ekitaldi bakarra egin beharrean, lau hiriburutara biderkatzeko apustua egin dute– Maddi eta Jonen urratsen atzetik jardun gara azken egunetako esprintean, mota honetako mugimendu jendetsuaren «sukalde lana» nolakoa den islatzeko. Antolakuntzan talde murritza duten arren –«liberatu» gisa bost lagun besterik ez, horien artean bozeramailea–, lapikoa hornitzen herritar mordoa daude. Horren lekukoak izan gara.

Ekainak 4, 11:00. Lekeitio. Isuntza arraun taldeko egoitza. Azken orduko ustekabeko batek behartuta, Bilbon aurreikusitako prentsaurrekoa Lekeitiora aldatzea erabaki dute bezperan. Athleticeko Urrutia lehendakari jaunari «eskertu» beharko genioke hemen egotea, bere agerraldiak gaur goizean kirol kazetari guztiak Ibaigainera erakarri dituelako. “Hitza”-ko korrespontsala eta gu gaude hemen, talan, eguzkitan sugandila batzuen antzera, itsasertzeko haize goxoak Saharatik zuzenean iritsitako sargoritik freskatzen gaituen bitartean. Itsasbeherak Garraitz uharteko tonboloa azaleratu du eta, badia ikusita, Goi Paleolitora itzuli garela irudika genezakeen… jo eta fuego hondartzan lanean ari diren makinen zaratak eta portuko mugimenduak horixe gezurtatu ez balute, bederen.

Maddi Ibaibarriaga eta Angel Oiarbide iritsi berriak dira. Idiazabaldik dator Angel, Gure Esku Dago taldeko bozeramailea. Gaztaren jatorri-deituragatik ospetsua den Goierriko herri txiki honetan duela zortzi urte sortutako Nazioen Mundua ekimena izan zen Euskal Herri osora hedatu den Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduaren aitzindaria. Harrera egiten diete arraunlari batzuek, aurki kargua utziko duen EH Bilduko Lekeitioko alkate Maitane Larraurik, Lekeitioko Gure Esku Dago-ren batzordeko kideak, eta Edriga Aranburu Isuntza arraun elkarteko ordezkariak. Astebete barru jokatzekoa den Gure Esku Dago I. Banderaren ikurra oraindik ez da iritsi. Portugaletetik datorrela? «Azken urteetan Portugaleteko enpresa batek egiten ditu gure bandera guztiak», Edrigak. Baina zenbat estropada egiten dira ba Lekeition? «Ugari, urtero lau bat edo».

Izan ere, ekainaren 14an jokatu zen Gure Esku Dagoren lehenengo banderak herri mugimendu honek sorrarazten duen dinamika parte-hartzailea argitu dezake. «Bilbon, Euskal Herri mailan, kirol desberdinetakoen babesa erakusteko asmoa zeukan Gure Esku Dago taldeak agerraldi batekin –dio Edrigak–. Guretzat egun txarra zen justu ekaineko estropada zelako, Isuntza Bandera urtero antolatzen dugulako Isuntza Astearen barne. Euskal Herriko ia traineru guztiak etortzen dira gurera. Eta pentsatu genuen momentu egokia izango zela arraun munduko ekarpena Lekeition egiteko. Bertako Gure Esku Dago-koei esan genien eta ondo iruditu zitzaien, baita maila nazionalekoei ere».

Angel Oiarbideri bere agenda erakuts diezagula eskatu diogu. Atzokoa: 10.00etan, elkarrizketa Segura irratian, 11.00etan, bilera teknikoa Donostian; bazkaldu ondoren Idiazabalen bilera, 17.00etan, Gipuzkoako batzar orokorra; eta 21.00etan, Elgoibarren, goizeko ordu biak arte, egoera bere orokortasunean ikusteko bilera. Gaur eguerdian Lekeitiokoa bukatu ostean, Donostian du beste bilera bat. Arratsaldekoa, behingoz, Idiazabalen izango da –Silvia Iriondo euskal jatorriko kantari argentinarrak, Europatik burutzen ari den biran geldiune bat egingo du ekimenean parte hartzeko, Angelek iragarri digunaren arabera–. Barnean kemen berezi hori dutenen itxura hartzen diogu Angeli. Baina, barka nazala, bere agendak estresa sorrarazten du. «Urtarrilean kolofoia izan zen –aitortu digu–. Ospitalean sartu ninduten, orpoan eta behatzetan paralisia eman zidalako. Asko eragiten dit estresak, baita erabili dudan erritmoak ere… Lana oso lotua daukat, arkitekto teknikoa naiz eta horrek bere estresa dauka, gero Gure Esku Dago eta gainera bi alaba dauzkat. Hau dena hasi zenean 2007an, orain 8 urte, paralisia eman zidan orpoan, baina sendatu nintzen. Orain sei urte, Eskozian eta Katalunian genbiltzala, ahots kordetan paralisia eman zidan eta egon nintzen lau hilabete hitz egin gabe. Orain, hau. Orduan pentsatu nuen: 40 urte dauzkat eta ezin dut horrela jarraitu». Lanetik hanka biak ez zituen atera nahi... baina garai baterako behintzat Gure Esku Dago-n bideratuko ditu indar guztiak.

Ez du, beraz, bere burua mota honetako «militantzian» betiko ikusten. «Gure Esku Dago honek daukan onena da erabakitzen ari garela noiz hilko den; hau da, data bat jartzen ari gara. Orain mintegi batzuk egiten ari gara finkatzeko, ez hurrengo ekainean zer egin behar dugun, baizik eta noiz emango diogun bukaera dinamika honi. Hau da, noiz iritsi gaitezkeen kontsulta egiteko oinarri bat jartzera. Hau da gure helburua, baina noski horretarako azeleradorea zapaldu beharrean gaude. Gure asmoa ez da urtero aldarrikapen jendetsuak egitea; hauek aitzakiak izan dira josteko, elkar ezagutzeko, zubiak eraikitzeko, errezeloak gainditzeko… azkenean, elkar ezagutzeko. Horrek balio izan du saretzeko. Mugimendu honek lehertu behar du goian dagoenean eta gero desagertu».

Diasporatik jasotako oihalak begiztatu ondoren –furgonetan daraman poltsa batean dago, altxor gisa bilduta, Argentinatik jaso berri duen handi bat–, bakoitzak bere bideari ekingo dio. Angel Donostiarantz eta Maddik oharra idaztera, komunikabideak «elikatzeko».

Ekainak 4, 19.00, Zornotzako Zelaietako zentroa. Herritarrek «Patata» izenarekin bataiatu duten Andres Nagelen eskulturatik metro eskasetara dagoen Zelaieta parkeko tabernaren terrazan ez dago egoterik. Udaberriko egunik beroena pairatzen ari gara eta, saihestu nahian, tabernako haize egokituaren babesaren bila joan gara Maddi Ibaibarriaga iritsi bitartean. Zornotzan burutuko baita gaur herrialdeko azken batzar orokorra, San Mameseko ekimenaren prestaketarako azkena, eta ebatzi gabe geratzen diren xehetasunak direla medio –hau hasi besterik ez da-eta egin– Bizkaiko txoko desberdinetatik etorritako herriko taldeen ordezkarien baitan urduritasun puntua antzematen da.

Maddik 30 urte ditu eta kazetaria da lanbidez. Markina-Xemeingo Gure Esku Dago-ren taldeko partaidea, Bizkaiko Bertso Txapelketarako prentsa zeraman aurretik, otsailean Gure Esku Dago-ren komunikazio taldean sartu zen arte. Hemen dena dago une honetan ekimen nagusiari begira, hori baita erronka nagusia. Bitartean, ez dirudi etorkizun urrunari kasu handirik egiten diotenik, buru-belarri ari baitira lanean adar ugari dituen oihala ondo josita gera dadin.

Maddik eta Karmele Olabarriak, Bizkaiko idazkariak, eman diote hasiera batzarrari, arlo teknikoez arduratzen direnak berandu baitatoz, sarrerak dakartzate-eta. Jakin-nahi eta kezka dexente dago gerturatu diren 50 bat lagunen artean, hartutako erronka ez baita txantxetakoa. Giza katea eta gero San Mames bete behar dute, 1.600 boluntario mugituko dituztelarik. «Bi aste falta dira eta animo!», animatzen ditu Maddik. Ibon Arbulu Bilboko zinegotzi ohiak azaltzen duenez, gaur bertan San Mameseko kontratua sinatu izan ahal dutelako –txuri-gorrien partidu baten zoriaren menpe egon dira– sarrera guztiak jada eskuragarri daude. 44.000 sarrera dira guztira –edukiera 50.000ekoa da– baina 11 egun bakarrik dituzte saltzeko, 10 euroan helduei, 5 euro haurrentzat. Gauzak «hotzak» daudela eta ez dietela denbora larregirik ematen; beraz, «negoziatu» ondoren, epea luzatzen zaie herriko ordezkariei. «Eta gogoratu, ez dira sarrerak, laguntza bonuak baizik». Atzerako kontaketa hasi da.

Ekainak 7, 12.30, Ispaster. Ispaster herriak protagonismo berezia izango du San Mameseko ekitaldian ikus-entzunezko bati esker. Beraz, grabazio taldea Lekeitio eta Earen artean kokatutako kostaldeko txoko honetara etorri da igande goizean... baina, jakitera eman diete, herriko elizan ospatzen ari diren lehen jaunartzeak bukatu arte hemen ez dagoela ezer egiterik. Plazan kokatutako hautetsontziaren inguruan izokin koloreko kamisetak janzten ari diren bitartean, aldi berean, apaiza palio azpian sartu da elizara, atzetik datorkion prozesioak arkupean geldo jarraitzen dion bitartean, manifestazioa izango balitz bezala. Meza bukatu eta, igandeko jantzien gainean, kamiseta jarri eta plazara! 700 inguru biztanleko herri hau ez da ingurukoak bezain turistikoa, baina bere nortasun propioa du. EAJk du gehiengoa –jeltzale eta independenteen artean banatzen da Udala– eta, Gure Esku Dago ekimenarekin bat egiteaz gain, espainiar bandera jartzeari uko egiteagatik epaitegietan dabil Ispaster bueltaka. Plazan aurkitu ditugu alkatetza utziko duen Jesus Mari Lekerikabeaskoa jelkidea eta bere ordezkoa, Garbiñe Saenz de Buruaga. Herritarren artean aurpegi ezagun bat dago, Iñaki Antiguedad, geologia katedraduna eta politikari ohia... eta herriko tabernako tabernaria: «¡Barra libre!» oihukatuz agurtu dute grabaketan parte hartzera gerturatu denean.

Ekainak 9, 12.00, Iruñeko zezen plaza. Zezen plazako edukiera 20.000 eserlekukoa den arren, 18.000ra «mugatuko» da. Zenbaki hori lortuz gero, gaitz erdi. Zezentoki mitiko honen erdian hautetsontzia jarriko da eta, inguruan, oso «ukitu nafarra» izango den ekitaldia burutuko da arratsaldean. Artisten zerrenda ikusgarria da –Esne Beltza, El Drogas...– eta Mikel Soto editorearen gidaritzapean, Irati Jimenez idazlearen gidoiarekin, prestatzen ari dira ekitaldia.

Gure Esku Dago-ren antolakuntzak bere asmoari Nafarroan bultzada eman nahian Jon Ziriza barañaindarrarengana jo zuen eta, pila alkalinoarekin egindakoa dirudien gizon hau, hemen dabil, jo eta fuego. Soziologoa ikasketez, masterra bukatu zuen iaz. Doktoretza egin aurretik, urtebeteko etenaldia egitea erabaki zuen. «Dauden ezaugarri sozialak eta politikoak ikaragarriak dira eta gertatzen ari dena zera da, eraikitzen ari garela prozesu demokratiko bat. Nafarroan pixkanaka barrentzen ari da, baina kontuan izan behar dugu Gipuzkoako eta Bizkaiko inguru landatarretik sortutako kontu bat dela eta, soziologikoki, Nafarroa oso desberdina dela: Goierrirekin antz handia duten herriak daude, baina beste eskualde batzuk ere bai, Zaragozarekin lotura daukatenak. Esaten ohi da Nafarroa kontinente bat dela. Gure Esku Dago kontu identitarioan finkatzen da, baina nire ustez ez litzateke horretara murriztu behar, erabakitzeko eskubidea arlo guztietan jorratu daitekeelako». Eta ekitaldia nola doa? «Teknikoki egina da. Orain kezkatzen gaituena jendearen partaidetza da».

Ekainak 9, 12.45. Iruñea. Gure Esku Dago-ren denda. Dendak zabaldu berri dituzte hiriburuetan merchandising-a eta ekimenerako sarrerak baitira, funtsean, Gure Esku Dago-ren diru iturriak. Nafarroa Oinez eta Valor txokolateen denden espaloi berean kokatuta, Iruñekoak Foruen monumentua du parez pare. Asteartetik ostiralera, goizeko ordutegiaz arduratu dira aste honetan Angel eta Inma. Angel jubilatuta dago, Inma langabezian eta, bezeroak sartu ezean, “Gara” irakurtzen pasatzen dute denbora. Ez dago mugimendu askorik, agian arratsaldeetan, eta Nafarroako aldaketa politikoaz eta garai berriaz aritu gara solasean. «Niri zera iruditzen zait, sarreren salmentari dagokionez, ez dela suertatu behin betiko bultzada hori. Agian baliteke azken egunean jendea perretxikoak bezala ateratzea, baina gauzak pixka bat hotzak doazela ematen du», dio Inmak. Baina sarrerak zenbat balio du, 10 euro? Kontzertu bat baino merkeago? «Pertsona bakar batentzat ez da asko, baina familia batentzat bai, ordea». Beraiek, badaezpada, argazkia whasappez atera eta lagunei igorri diote “200.000 baietz!” lelopean.