MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Protesta egin nahi dut

Beldurrez egingo dut, baina protesta egingo dut. Beldurrez, uztailaren lehenengo egunetik askatasuna murriztu baitigute Hego Euskal Herrian bizi garen euskaldunoi, Espainiako legeen menpe gaudenez. Askatasuna murriztu eta segurtasuna urritu, paradoxikoki, “Herritarren Segurtasun Legea” deitu diotenaren bitartez. Inguru honetan «mozal legea» ezizenez ezagutzen dugu. 44 portaera edo jokamolde zigortzen ditu legeak. Batzuk argi eta garbi zigorgarriak eta beste batzuk herritarrok babesik gabe uzten gaituztenak, ziurgabetasunean murgiltzen gaituztenak. Neurri batean, gainera, legearen tranpa edo estatuak aurkitu duen babesa hortxe dago, zaku berean zigorgarriak diren pare bat jarrera eta guztiz errepresiboak diren beste batzuk nahastean. Eta horrela, zaku berean aurkituko ditugu poliziaren aurrean ez identifikatu nahi izatea, lehergailuak egitea edo leku jakin batean egindako manifestazioaren berri ez ematea. Zerrenda labur hau ikusita argi dagoena da legeak batez ere bide ematen duela nahi dutena egiteko, eta lehendik ere neurririk gabeak ziren egoera errepresiboak nahieran erabiltzeko. Herritarrok zalantza besterik ez dugu izango aurrerantzean eta zabaltzen zaiguna da, edade bat dugunoi berriz ere zabaltzen zaiguna da, gaindituta zegoela uste genuen garai bat.

Edade bat dugunoi dagoeneko agian ahaztu zaigu lerro artean idazten eta ondorioz lerro artean irakurtzen, baina eskura ekarri beharko ditugu 40 urtez ikasitako modu haiek, aurrerantzean ere ez baitugu jakingo ze hitz ez zaion gustatu autoritate konpetenteari 100 eurotik hasi eta 600.000 euro arteko isunak jartzeko. Eta hain zuzen ere hauxe azpimarratu nahi nuke: lege honek eramaten gaituela pasatako garai ilunenetara eta berriz ere zigorra izango da legea. Desobedientzia zibil mota guztiak zigortuko ditu, mugimendu sozialen kontra egiten du argi eta garbi eta printzipio zahar eta guztiz errepresiboak biltzen ditu. Gobernu honek, ustelkerian murgilduta, neurri itogarriak ezarriz, ikusi duenean jendea kalera ateratzen hasi dela protesta egitera, une batzuetan protesta aurrez aurre jasan behar izan dutela bere kideek, kolpe batean amaitu nahi izan du egoerarekin. Batzuetan pentsatzen dut halako legeak indarrean jartzen direnean, ze posiziotan ikusten ote duten euren burua pertsona horiek, gainerako herritarrekiko non daudela uste duten. Eta pentsatzen dut, maiz, nork babestuko gaituen herritarrok euren ustelkeriatik, erabaki injustu, zapaltzaileetatik eta oro har neurrigabekeriatik?

Adin bat daukagunok badakigu, halaber, kalera irten behar dela protesta egitera, batzuetan oso arriskutsua izan daitekeen arren. Ez dut inoiz ahaztuko bost bat urte nitueneko Aberri Egun batean, polizia (grisak) zaldiz ibiltzen zen garai beldurgarri batean, askatasuna eskatuz ikusi nuen emakumeaz. Donostiako Arrasate kalean zen. Jo egin zuten gupidarik gabe. Orduan ez zegoen telefono mugikorrik argazki bat atera eta nonbait zintzilikatzeko. Hori da aldatu dena, orain horregatik ere isun handia jar diezazuketela.