MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Lurraldetasuna, adibidez

Hauteskundeen musika ez da urruti entzuten udako egun bero hauetan. Oraintxe amaitu dira maiatzaren 24ak utzitako emaitzen ondorioz osa zitezkeenak eta ezin atseden hartu. Aurten Euskal Herriko politikari oso ezagun batek, alderdi oso garrantzitsu batekoak, bere alderdiak Espainiako Gorteetarako hauteskundeak zirela-eta zer espero zuen eta esperantza horretan hainbat arazoren norabidea aldatzeko itxaropena jarrita ote zuten galdetuta, esan dit gehiegi begiratzen diodala Espainiari. Ez da, jardunean ari garela, kazetarion zeregina elkarrizketatuarekin eztabaidan hastea; beraz, ez ginen horretan gehiegi luzatu, baina esango nuke bere alderdia eta Hego Euskal Herriko gainerakoak ere, gustatu ala ez, onartu ala ez, Espainiara begira daudela guztiak ere. Helburuak izango dira estrategikoak, boterezkoak, etorkizunari begira era bateko edo besteko etekinak emango dituztenak, baina une honetan Espainiako gorteetarako hauteskundeen musika ozen entzuten da eta musika horrekin dantzan jarrita daude, eta gaude.

Zerrenda bateratuak edo orain arte beti erabilitako moldeak ditugu hizpide azken egun hauetan, beste behin ere eztabaida garratzegiak sortuz, eta agian konparazio bortxatu samarrak eginez. Kataluniarekin konparatzeko joera normala da, baina ez gaude une berean eta antzeko kondizioetan. Espero dut behar dena baino gehiago ez tenkatzea giroa, formula bat edo bestea hobetsi. Batez ere, ez galtzea bigarren mailako eztabaidetan. Inkesta bat eginez gero, ia gehienok erantzungo bagenu, niri errieta egin zidan politikariak bezala gehiegi begiratzen diogula Espainiari, ahaleginak epe ertain eta luzean egiten hasi behar genuke hori horrela izan ez dadin. Gutxitan egin izan da hori Euskal Herrian. Nolanahi ere, horrela aritzeak utzi dizkigun ondorioak ikusita (Nafarroan aldaketa gauzatu duen akordioa politikoa eta Ipar Euskal Herrian urte luzez landutako akordio estrategikoa), epe laburreko politika baino epe luzekoa egiten hasteko garaia ote den pentsatu beharko litzateke. Zentzu honetan, Euskal Herri osoan bizi dugun abagune politikoa kontuan izanik, sekula ez bezala lurraldetasunari begiratzeko ordua izan daitekeela pentsa liteke, adibidez. Presarik gabe, premiak baztertuz, erabakitzeko eskubidea bermatuz, demokratikoki aitzakiarik gabeko prozesu bat garatuz, zalantzarik gabe hau da lurraldeen arteko harreman berriak lantzeko unea. Harreman horiei bide emateko dauden lege aukerak aztertzeko garaia. Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela sinetsita, errealitate hori egikaritzeko lan egin nahi duen orok orain aztertu behar du egoera, orain inbertitu behar du unea heltzen denean aukera landua, aztertua eta ikertua egon dadin. Esan bezala, luze joko du, parametro erabat demokratikoetan egin beharko da, aurrez aurre aurkituko den arerioak horrela jokatuko ez badu ere. Baina aukera, orain, sekula ez bezalakoa da.