MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Mezuak

Aderdi Laborista mehatxu bat da orain gure segurtasun nazionalerako, gure ekonomiaren segurtasunerako eta gure familien segurtasunerako». David Cameronen, Erresuma Batuko lehen ministro eta bertako kontserbadoreen buruaren, hitzak dira; Jeremy Corbynek Alderdi Laboristako bozak alde handiz irabazi eta gero Twitterren idatzitakoak. Argi dago Cameronengandik espero zitekeela Corbynen aurkako erasoa; arerio zuzena duelako hemendik aurrera (laborista zaharrak 2020. urteko hauteskundeak irabaziko dituela agindu du) eta Cameron, normala denez, ez dagoelako ados Corbynen proposamenekin, bestela alderdi berean egongo bailirateke. Edo auskalo, izan ere, Cameronez gain, orain arte etsai nagusiak etxean bertan, laboristen artean sortu baitzaizkio Corbyni. Tony Blair eta Gordon Brown alderdikideak, lehen ministro ohi izatearen pisu guztiarekin, alderdian izua edo behinik behin zalantza barreiatzen saiatu dira, alderdiak zentro politikoa galduko duela esanaz. Laboristek Parlamentuan dituzten diputatuetatik gehienek ez dute babesten Corbyn, eta horrek alderdi barruan arrakala handiak sor ditzake. Baina hori guztia ez du oztopo izan alderdiaren hauteskundeetako lehen itzulian botoen ia %60 lortzeko, duela hiru hilabete prozesua hasi zenean inork bere alde ezer ematen ez bazuen ere.

Ez du lan erraza izango alderdia dagoen lekutik ezkerrera eramatea, hitzeman duen bezala, salatu dituen doikuntza ekonomikoen aurka egiteko, herrialde justuago bat egiteko. Gogotik egin beharko du lana hori guztia erdiesteko eta azken hauteskundeetan Cameronek lortutako 11 milioi luze boto lortu eta gainditzeko; alderdi barruan oreka zailak, eta alderditik kanpo, zailagoak. Corbyn prest dator, beste behin ere, Erresuma Batua mundu osoko ezkerrarentzat itsasargi bihur dadin eta uharte britainiarrean lortu duen arrakasta sekulakoa izan bada ere, Europako sozialdemokrazia tradizionalak muturra okertu dio. Ez dute ikusi nahi izan 251.417 boto lortu dituela Corbynek, lider sozialdemokrata askok sekula lortu ez dituztenak, eta lortuko ez dituztenak. Corbynek ilusioa sortu du, batez ere gazteen artean, eta politika horixe da (are gehiago ezkerrekoa bada): mundu hobe bat posible dela pentsatzea, eta horretarako lan egitea. Fronte ugari izango ditu, eta txikiena ez du Eskoziakoa izango, bere alderdiak sekulako galera izan zuelako han SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren mesedetan. Euskal Herria bezalako herrien aldarrikapenak babestu dituen politikariak botoak berreskuratu eta mezu sinesgarria kudeatzeko abilezia erakutsi beharko du.

Argi gelditu da Europako politika eta finantza munduak aztoratu dituela. Eta Grezian Tsiprasek izan duen etorkizuna opa diote, asko jota. Baina horrek esan nahi du beldurra diotela, ez Cameronek bakarrik (hori logikoa ere bada: Corbynek lehen ministro izan nahi du). Izan ere, deskuiduan asmatuko balu azken 30 urteetan ia hilzorian egon den Europako sozialdemokrazia berpizten? Orduan komeriak izan litzakete, urte luzeetan bidea bat eta bakarra dela ziurtatuz aritu diren «liberal» guztiek. Eta horrek beldurra sortzen die, noski.