Naturaren ehiztari baketsuak
Irudi polit hauen atzean orduak, egunak eta hilabeteetako itxaronaldiak daude, natur argazkilaritzak, harrapakina aurkitu eta klisk batean ehizatzeko, jakinduria, teknika eta, batez ere, pazientzia eskatzen baititu. Londresko Natural History Museum-ek antolatutako 51. Wildlife Photographer of the Year lehiaketako finalista batzuk ekarri ditugu gurera. Urriaren 13an jakingo da zeintzuk diren irabazleak eta, handik hiru egunera museoan ikusgai izango dira, 2016ko apirilera arte zabalik egongo den erakusketan.

Marrazoen erasoen arriskua uste baino txikiagoa da –iaz 73 eraso zenbatu zituzten mundu osoan; horietatik 3 hildakoekin–, baina beldurrak hor dirau. Hegoafrikako Aliwan Shoal gunean, uhin elektromagnetikoen bitartez marrazoak uxatzen dituen surf taula baten prototipoaren probetan ateratako irudi honekin surflarien eta marrazoen arteko bizikidetasun baketsua islatu nahi izan zuen egileak.
Argazkia: Thomas P. Peschak / Wildlife Photographer of the Year 2015

Ordu erdiz adi-adi egon ondoren, antxetaren eta urtxintxaren arteko duelua islatu ahal izan zuen aragoiar gazte honek. Iaz gaztetxoen saria eskuratu zuen; eta aurten? Carlosek 10 urte besterik ez ditu.
Argazkia: Carlos Perez / Wildlife Photographer of the Year 2015

Eskoziako erbia neguan ileberritzen da, marroi koloretik zurira pasatuz. Argazkilariarekin bat-batean topo egin duela eman lezake, baina honek Cairngorms mendietan, elurretan etzanda, ordu dezente eman zituen.
Argazkia: Rosamund McFarlane / Wildlife Photographer of the Year 2015

Wolf Vostell alemaniarraren eskultura hau Caceresetik oso gertu dagoen Vostell-Malpartida museoan dago. MiG-21 hegazkin batek, bi autok eta piano batek osatzen dute artelan hau... eta orain hiru zikoinen habiek.
Argazkia: Francisco Mingorance / Wildlife Photographer of the Year 2015

Namibiako Etosha parke nazionaleko putzu baten ondoko lurretan dagoen bunker estu batetik ateratako irudia da hau. Morkelek zuri-beltza erabili zuen nahita, indar berezia eman nahi izan ziolako argazkiaren konposizioari.
Argazkia: Morkel Erasmus / Wildlife Photographer of the Year 2015

Ndze leihotik zelatan ari da, albaitariak bere bikotekide Maisha sendatzen ari diren bitartean. Kongon kokatutako Virunga parke nazionaleko Senkwekwe zentroan daude, ezkutuko ehiztarien eta trafikatzaileen eskuetatik libratutako gorila umezurtzak babesteko zabaldu den egoitzan, alegia.
Argazkia: Marcus Westberg / Wildlife Photographer of the Year 2015

Tahitiko kostaldeko ur sakonetan ordu asko ematen ditu urpeko igeriketa egiten. Gau batean, 20 metrora olagarro gazte batzuekin egin zuen topo. Gorputza gardena dute, kamuflaje gisa.
Argazkia: Fabien Michenet / Wildlife Photographer of the Year 2015

Ez da batere erraza Indonesiako Komodo parkeko herensuge arren arteko borroka bat atzematea, baina errusiar honek lortu zuen. Gaur egungo munduko musker handienek (2 metrokoak ere izan litezke) jurasikotik ateratakoak dirudite.
Argazkia: Andrey Gudkov / Wildlife Photographer of the Year 2015

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
