Eszeptizismotik
Hau bera askotan kontatu dizuet orain baino lehen. Krisi ekonomikoan murgiltzen hasi eta hainbat adituk kapitalismoaren amaieran geundela esan zigutenekoa. Gehienak bat zetozen ordura arte kapitalismotzat ezagutu genuena ez zela aurrerantzean berdina izango, beste zerbaiten aurrean geundela; «aro berri baten aurrean», zioen askok. Eta egia zen, aro berri baten aurrean geunden, baina nolako aro berria? Hortik aurrera zetozen interpretazioak, askotarikoak: ordura arte ezagutu genuen kapitalismoa on bihurtuko ote zuen ondoren etorriko zenak, edo agian zirrikituren bat egongo ote zen mundu justuago bat eraikitzeko, aukera berdinagoko bat, emakumeok gizonezkoen pare egongo ginen mundu bat, lan bera egiteagatik soldata berarekin, lan duinak eta soldata duinak, lanaren eta aberastasunaren banaketa justuago bat... eta abar, eta abar.
Eta iritsi gara honetara. Garai zaharreko kapitalismoa on bihurtuko zuen kapitalismo berriaren aurrean geundela ziotenek asmatu zutela uste dut. Langileok galdu ditugu lanpostuak, galdu ditugu urte luzeetako borrokari esker lortutako eskubideak, jaitsi dizkigute soldatak, murriztu dizkigute lan baldintzak, murriztu dizkigute ordezkapenak; beraz, murriztu dizkigute gure bizi baldintzak, dela osasungintzan, dela hezkuntzan, dela geure lanetan edo parekoarenean. Murriztu digute bizitza kalitatea, ongizatea. Eta murriztu digute, nire ustez, oso garrantzitsua den protestarako gaitasuna. Beldurtu egin gaituzte, eta isilarazi.
Hori bai: parekoa emakumea bada, hori okerrago dago. Beti apur bat okerrago, oro har. Eta askok, gizon edo emakume (baina emakume badira okerrago, ez ahaztu), lana izanda ere, ez dute nahikoa bizitzeko, euren lanaren prekaritateagatik, eta ezin dute berogailua piztu edo behar bezala jan. Gaur egun, kasu askotan lana izatea ez da nahikoa. Batzuk gero eta aberatsagoak dira, baina adibidez Gipuzkoan 38.000 pertsona daude muturreko pobrezian, berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera.
Horregatik guztiagatik, eta bidean galduko nituen beste hamaika argudiorengatik, ezkor nago esaten dutenean aro baten amaieran dagoela Espainia. Batzuei luzea egin zaie Rajoyren lau urteko agintaldia eta amaitzera omen doan honetan esperantza apur bat ikusten dute. Batzuek, sekulako esperantza; krisian murgildu ginenean etorriko omen zen kapitalismo berriarekin bezala, etorriko dena ez dela hain txarra izango pentsatuta.
Egia da, inoiz ez bezala, protagonista berriak ageri direla Espainiako eszena politikoan, entzuten ari garela Espainia prozesu konstituziogile batean –edo gutxienik konstituzio aldaketa batean– murgilduko dela, eta horrek mesedeak ekar ditzakeela; Katalunia erreferentziatzat hartuta han gertatzen ari dena begiratu eta ikustera behartua egongo dela Espainia, begiak erabat itxiko ez dituen Europar Batasun batean... Aro berriaren atarian gauzak ez daitezkeela okerrera joan diotenen aurrean, esperantzarik zapuztu nahi ez badut ere, eszeptikoa naiz ni.

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas
