Pocahontas eta Sinead O’Connor
Urduri iritsi zinen hiru egun lehenago jarritako hitzordura. Zeure txandaren zain zeundela, Pocahontasekin akordatu zinen, zelan umetan bere modukoa izan nahi zenuen, gerrirainoko adatsa luzitu eta marinel abenturazaleren baten besoetan errenditzeko. Laster deitu zizun pelukerak eta jarri zintuen burua garbitzeko tronu deserosoan. «Zer egingo duzu?» galdetu zizun, eta zuk «labur». Eta berak «daukazun ile ederrarekin? Damutu egingo zaizu eta… Uf! Ez nuke erantzule izan gura. Seguru zaude?». Baietz zuk, eta lankideari berak: «Rebeka! Honek laburra nahi duela! Egingo diozu?». Orduan ur parrastada hotza sentitu zenuen garondoan behera, gorputz osoko biloa tentetzen.
Ebaki zenuen azkenean eta, irratian esaten duten legez, erreakzio soka luzea ekarri zuen hark. Bat, ezustean harrapatutako ezagunen artean, interjekzio sorta zabala: «aiba!» espontaneotik hasi eta «ostra!», «joder!» edota «koño!» sarkorretaraino. Bi, aldaketa gustatu ez arren, esaten ausartu ez zirenen eufemismoak: «diferente zaude», «arraro ikusten zaitut» eta abar. Hiru, orrazkera berria ez baina zu maite zaituzten lagunen auhenak: «zer egin duzu?», «ondo al zaude?» edo «tira, haziko da» klasikoa. Lau, ez orrazkera ez zu atsegin ez zaituzten horien dardo pozoituak: «Ze gogaikarria izango den ilea ez luze ez labur eraman beharko duzun txanpiñoi fase hori, ezta?». Bost, zu maite ez zaituzten baina ebakera berria asko gustatu zaien gertukoen isiltasuna: no coment. Sei, look aldaketa zu beste maite duten adiskideen loreak: «itzel ematen dizu!» edo «Sinead O’Connor gogorarazi didazu». Eta zazpi, sailkaezinak: «Neskak gustatzen zaizkizu, ala?».
Garairik eta kulturarik desberdinenetan ere, feminitatearen ikur nagusia izan da adats luzea; edertasunarekin, ugalkortasunarekin edota ohorearekin erlazionatu izan dena. Era berean, ilearen balio erantsi hori maiz bilakatu da emakumeak umiliatzeko zigor ere: Espainiako Gerra Zibilean esaterako, zenbat andrazko ez ote zituzten soildu gorri usaina zutela-eta?
Orain, ia laurogei urte geroago, hortxe zaude zu, dutxan, gorputzetik beste usain gorri mota bat darizula, eskuekin zure triku-burua haztatzen duzun bitartean aspaldion entzunikoak errepasatzen. Eta pentsatu duzu, edozein dela ere esparrua, jende askok errukiz begiratzen diola normatik kanpo dabilenari; noiz eta eurak, euren normaltasunaren barruan inor baino errukarriago sentitzen direnean. Eta beste askok, are gehiago zapaltzen dutela arauekin bat ez datorrena, libre dena; zergatik eta eurei falta zaien ausardia izan duelako. Zorionez, gaur, dutxako ura nola irristatzen zaizkizu azalean epai horiek guztiak.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
