Errelato poliedrikoa
Oraindik txikia da. Oraindik ez diote kontatu aitona tiroz akabatu zutela iluntze ilun batean, kalean, bakarrik. Oraindik ez omen du ulertuko. Ez du ulertuko inoiz. Ez du ulertuko bere aitona akabatu zutenak ez dituztela epaitu eta zigortu. Ez du ulertuko bere amona triste eta alargun geratu zela, etxean haur txikiak negarrez eta barrez zituela, eta inork ez diola inoiz lore sortarik eskaini gorbata ofiziala jantzita. Inork ez diola esan gertatu zaiona basakeria hutsa dela eta ez zuela gertatu behar. Eta ja alferrik da, ja berandu da.
Askotan hartu izan du amonak magalean zerura begira jartzeko. Izarretan argitsuena, distiratsuena, nabarmenena aitona dela esan izan dio. Amonaren bihotza azkartzen sumatu izan du horrelakoetan, burua bere bularraren kontra jarrita. Baina amonaren bihotza ere geratu egin da eta orain bi izarren bila aritzen da gora begira.
Jakin duenez, garai guztietako izarrik distiratsuenetakoa izan dena, PS110afx izenekoa, ez da hainbesterainokoa. Astronomoek ikertu dutenaren arabera, izar horren parean bazen zeozer bere argia izugarri handitzen zuena, lupa natural erraldoi bat. Eta jakin du izarrek garai desberdinak izaten dituztela, batzuetan argi gehiago eta besteetan gutxiago izaten dutela, eta tarteka itzali ere egiten direla, gero berriz pizteko edo betirako itzalita geratzeko. Eta kezkatu egin da, amonak esandakoak kolokan sentitu dituelako eta gero eta gehiago kostatzen zaiolako zeruan bere bi izarrak topatzea.
Biktima hitzak aspaldi galdu zuen pisua gurean. Kanpotik ponpoxoa irudi lezake, baina barrutik hutsa dago. Barrutik hutsa eta hotza da, batez ere urte askoan gorbata ofiziala jantzitakoen lore sortarik jaso ez dutenentzat. Horien helburua ez da izan biktimaren etiketa paparrean jartzea. Nahiko lan izan dute aitortu gabeko mina ahalik eta modu duinenean sufritzen. Nahiko lan izan dute zeruan beren izarrak kokatzen, beti izan baitituzte alboan izar distiratsuagoak, lupa erraldoiek argitutakoak.
Egiari Zor Fundazioak sufrimenduaren argazki globala atera nahi du, «ahal den bereizmen guztiarekin eta argitasun nahikoarekin». Eta gustatu zait mahai gainean jarri duten ideia: Errelato poliedrikoa. Izan ere, gertaera berbera zein desberdin jasotzen duen memoria bakoitzak; sufritu duenak, eragin duenak, kanpotik ikusi duenak... Zirrikitu bitxiak dauzka memoriak. Zenbat eztabaida ez ote dituen piztu anai-arreba artean umetako gertaera baten kontakizunak. Larriagoa da, noski, kontaketak mina eta hutsunea dauzkanean bere baitan. Horregatik da garrantzitsua errelato eta memoria desberdinak kabitzeko moduko zerua jostea, bakoitzak bere izarrak topa ditzan.

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»
