Amaia Ereñaga
GIzA TRAFIKOA ESTATU BATUETAN

Esklabotza New Yorken XXI. mendean

Xyza Bacani filipinarra maiatzean iritsi zen New Yorkera. 2015eko Magnum Fundazioaren beka bat irabazia zen, Hong Kongeko etxe-langileek jasandako nagusikeria islatzen zuen erreportaje grafiko bati esker. «Lehen munduko herrialde batean giza trafikoa dagoela ikusteak ustekabean harrapatu ninduen», aitortu du 28 urteko argazkilari honek. Ondotxo daki zeri buruz ari den, Xyza Bacani neskame eta haur zaintzalea izan baita orain arte.

Herrialde pobreetatik etorritako langileek Lehen Mundu delako honetan pairatzen dituzten baldintzak muturrekoak direla bagenekien, baina esplotazioa, bere gordintasunean, noraino iristen den baieztatzea ez da hain erraza. Legaltasunaren itxurapean sinatutako lan-kontratuen amuaz erakarririk, XXI. mendean benetako esklabotza egoeran dauden etorkinak uste duguna baino gehiago dira Ameriketako Estatu Batuetan. Urban Institute gobernuz kanpoko erakundeak eta Northwestern Unibertsitateak joan den urriaren bukaeran argitaratutako txosten mardulak agertzen duenez, beren borondatearen kontra lan egitera behartutako pertsonen trafikoa eta kontrabandoa AEBetako estatu guztietan gertatzen da, baina, eta hori da larriena, arazo honen gainean dagoen ezjakintasunak zaildu egiten du erakunde publikoek esplotazioa noraino iristen den aitortzea. Giza trafikoa izan badela badakite, baina inork ez dio buruhauste horri heldu nahi. Kaleratutako 300 orrialdetako txostenean, lanera behartutakoen 122 kasu eta 28 biktimarekin egindako elkarrizketak batu dituzte, baina horiek gutxi batzuk besterik ez dira, milaka egon litezkeen susmoa baitute.

«Lan egitera behartutako langileak legez kanpo iritsi direla uste dugu gehienok, baina oker gaude, %71 aldi baterako lan-bisarekin sartu baitira», argitu du Meredith Dank-ek, atzerritarrek lanean jasandako esplotazioaren egoerari buruz egin den lehen txosten honen egileetakoa denak. Hegazkinean iritsi ohi dira, H-2A lan-bisa –nekazaritza lanak egiteko baimen agiria– edo H-2Barekin –hoteletan, eraikuntzetan eta jatetxeetan lan egiteko balio duena–. Gehienak, latinoamerikarrak dira (%30), Asiako hego-ekialdekoak (%25), Asiako beste herrialde batzuetakoak (%16) edo Estatu Batuetakoak bertakoak (%10).

Eta non biltzen da XXI. mendeko esklabotzaren «ustiapenik» handiena? New Yorkeko estatuan, etorkinei laguntza legala eskaintzen dien Safe Horizon erakundearen hitzetan. Grisela Vega Safe Horizon-eko Giza Trafikoaren aurkako Taldearen zuzendaria da: «Enplegatzaileak edo koioteak, ondo ordaindutako enplegua agindu ondoren, lan-bisa tramitatzen diete etorkinei, baina AEBetara iristean, biktimak mehatxatu eta esklabotasun egoeran bizitzera behartzen dituzte. Koioteek soldata baten truke ekartzen dituzte, baina gero, lantegien jabeei saltzen diete langile hauen kontratua. Gela negargarri batean lo egiten duten 20 bat lagunen kasua atzeman dugu, ia jatekorik ez dutela eta jabeengandik abusu sexual eta fisikoak jasanez. AEBetara iristean, kontratua esklabo-salerosketa bihurtzen da».

2001. urtetik gaur egunera arte Safe Horizon-ek 600 etorkini lagundu die, horietatik %45 lanerako bisarekin ailegatutakoak. Gehienak emakumeak ziren (%79). Baina laguntza eskatzera ausartzen direnak gutxiengoa dira.

Neskameen argazki-makina. Beste milaka langilek egiten duten lan bera egiten dute –zerbitzariak, umezainak, atezainak...–, baina soldata txukun bat edo gutxienez bizitzeko lain ematen duena jaso beharrean, Xyza Bacaniren kameraren aurrean jarri diren etorkin hauek jornalero baten lan baldintzekin amets egingo lukete. Beraien herritik alde egitera beharturik, New Yorken harrapatuta daude, bidaia, jatekoa eta ostatua ordaintzearen truke lan egitera beharturik, aisialdirik gabe, bakarturik, dokumenturik gabe –kendu egiten dizkiete–, soldata ziztrin bat edo deus irabaziz, eta batzuetan tratu txarrak jasoz.

Magnum fundazio entzutetsuaren beka bat irabazi zuela jakitean, Xyza Bacani pozarren zegoen. Argazkilaritza ordura arte zaletasuna baino ez zuen; eguneko lanak libre uzten zizkion une guztiak irudiak biltzen ematen zituen Hong Kongen. Filipinarra jaiotzez –Bizkai Berrikoa–, amak lan egiten zuen dirudun batzuen etxe berean jarri zen bera ere neskame Hong Kongen. Hirian dauden 320.000 etxeetako langile xume bat zen. Azken hamar urteotan, asteko sei egunetan, goizetan etxeko garbiketak egin eta arratsaldetan bere enplegatzaileen sei bilobak zaintzen zituen. Umezain eta neskame ezohikoa, dena den, oso baldintza goxoetan bizi ahal izan omen zelako. Etxeko andreak, orain hogei urte bere amari lana eman zion emakume txinatar-australiar berak, Xyza Bacaniren argazkilaritzarako grina bultzatu duela aitortzen du argazkilariak berak. Beka irabazi ondoren, habia utzi eta bakarrik hegan egin zuen Bacanik; sustraiak ahaztu gabe, halere.

Gauetako «ehizan», Hong Kong uharteko etxe-langileen egoera islatzen zuten zuri-beltzeko erretratu tristeei esker, New Yorkeko Unibertsitateak sustatzen duen Giza Eskubideen Magnum Fundazioko beka bat lortu zuen. «Hasieran, agiririk gabeko langile filipinarrei buruzko lana egitea otu zitzaidan New Yorken. Baina, sakondu heinean, hiri honetan giza trafikoa arazoa izugarria dela ohartu nintzen». Damayan Migrants Workers Association elkartearen laguntzarekin –etorkin filipinarrei laguntzen diena– hiru hilabete eman zituen lanean. Eta islatu zituen istorioen artean, adibidez, Margarita Benin Santosena aurki dezakegu. Upper East Side-en nanny gisa lan egiten zuen ama ezkongai hau Filipinetatik etorri zen lan-agentzia baten eskaintza zoragarri batek erakarrita; zorrek bultzaturik mirabetzara behartuta ikusi zuen bere burua eta agiririk gabe gelditu zen, bere trafikatzaileak, orain kartzelatuta dagoenak, lan-bisaren epea agortzen utzi zuelako. Zorionez, bere egoerak hobera egin du, baina arazo burokratikoak direla medio, atzean utzi behar izan zituen hiru alabekin hitz egiteko duen aukera bakarra Skype bidezkoa da gaur egun.

Bacanik “Floridako 15ak” taldeko kideei ere erreparatu zien. 2008 eta 2009 artean, Miamira ekarri zituzten hamabost filipinar hauen ibilbidea adierazgarria da oso: dirudunek hain maite dituzten hotel eta klub dotoreetan lanean jarri zituzten sukaldari eta morroi.... gutxieneko soldataren erdiaren truke eta lan zoragarri haiek lortu zizkienari milaka dolarreko zorra kitatu beharrarekin. New Yorkera ihes egin zuten laguntza bila baina, trafikatzailea desagertua denez, ezin izan dituzte trafikoaren biktima gisa eskatutako bisa bereziak eskuratu eta linbo legal batean bizi dira.