MIREN AMURIZA
IRITZIA

Eskulan imajinario bat

Patchwork esaten zaio kolore eta estanpatu anitzeko oihal txatalez osaturiko mihiseari. Gaurkoan, horrelakoxe bat egitea proposatzen dizut, irakurle, eskulan imajinario bat: irudika itzazu banan-banan mahai gainean jarriko dizkizudan txaplatak, elkartu ertzak eta zoaz bata besteari josten.

Lehenengoa leopardo estanpatua, orban beltzak marroiaren gainean. Emakumeenganako: Idazten ikasten ari den neskatxoarenganako, irakurtzen ahaztu zaion amamaganako; enpresari, azafata, kamioilari, kantari zein garbitzaileaganako; alua dutenenganako eta zakila dutenenganako; Txanogorritxo ausart, sorgin bakarti, maitagarri estresatu, amaorde petral eta printzesa arrosentzako; trenean alboan eseri zitzaizun ezezagun harenganako edo zure kuadrillako lagun minarenganako.

Bigarrena oihal beltza, goitik behera arraia gorri biziek zeharkatzen dutena. Indarkeria(ren): 51 whatsapp ordubetean; «Zaude isilik!»; bultzada bat hormaren kontra; hartzaren atzaparkada masailean edo sugegorriaren atximurkada ipurdian; debeku bat zein obligazio bat; mehatxu bat, tiro bat edo begirada bat; «Putatzar halakoa!»; ostikada saihetsetan, haginkada bularrean; XS taila; zakilkada gorputz osora; «Guapaa! Etor hadi hona…», Gallardon eta bere abortuaren legea…

Hirugarrena tela zuria, borobil more handiekin apaindua. Kontrako: tailerrak ikastetxeetan, gaztetxoekin berba egiteko konfiantzazko esparruak; farolak, farola asko, kaleetan; «Ezetz esan dizut, ostia!»; mural bat herriko plazan edo ispilu bat etxeko sukaldean; salaketa bat komisarian zein kafe bat kuadrillako lagun minarekin; «Taberna honetan ez da hartzik eta sugegorririk onartzen»; ahalduntze zein autodefentsa ikastaroak; elkarretaratze isilak eta kalejira zaratatsuak; «Ez zaude bakarrik»…

Laugarrena tonu berde eta marroidun estanpatu etniko bat, zirkulu eta marraz osatua. Nazioarteko: Potosin, lau seme-alabarekin bizi den meatzariaren alargunarena; Sidneyn, nagusiak xantaiapean duen praktikari hasiberriarena; Teheranen, zapia eranzteko komuneko atea krisketaz itxi duen emaztearena; Berlinen, mutil lagun ohia sare sozialetan blokeatu duen neskarena; Nairobin, erditzear dagoen nerabearena…

Eta bost, koadro urdin argi eta ilunagoak dituen oihala. Eguna: Lurrak bere ardatzarekiko bira oso bat egiteko behar duen denbora edo munduak bere norabideari buelta ematen hasteko behar lukeena? Azaroaren 22a, 23a, 24a, 25a… Eta zergatik ez azaroaren 26, 27 edo 28a, urtarrilaren 3a, apirilaren 14a edo abuztuaren 30a?

Orain heldu egiozu zure patchworkari albo banatatik, altxatu mahai gainetik eta ea zer irakurtzen duzun.