Abenduak 6
Ospakizun eguna da gaur Euskal Herrian. Ospakizun egunetan gogoratzen denaz, ospatzen denaz, ez da dena poza eta algara izaten; egoten da ospatu behar denaren inguruko alde lausoagorik, beltzagorik, mingarriagorik, baina guztiak gogoan hartuta ere ospatzeko tenorea dela sinetsita nago erabat. Gaur 25 urte kaleratu zen lehenengo aldiz “Euskaldunon Egunkaria”. 32 orrialde euskara hutsean, eguneroko bokazioz. Periodikoa euskaraz.
1936. urtean zazpi hilabetez kaleratu zen “Eguna” egunkaria salbuetsita, Euskal Herriak sekula euskaraz izan duen lehenengo egunkaria.
Euskal Herrian beste egitasmo askok bezala, honek ere izan zituen sorreran ametsari heldu eta etsi ez zuten hainbat gizon-emakume. Baten bati entzun nion garai hartan esaten erotuta ez ote zeuden. Zorioneko eroak izan ditu Euskal Herriak! Eta egunkari bat beharrezkoa zela ziotenak, ametsa, asmoa, ideia, dirua eta behar ziren guztiak jartzen hasi zirenak eta lortu zutenak. Ero zoragarri kuadrilla bat. Euren ametsa, euskaraz bizi nahi zuten herri honetako herritarren ametsarekin batu zuten, euskaraz jakin ez arren, hizkuntza ukatua izan zitzaielako askori, herri honetan sinesten zutenen ametsarekin txertatu zuten. Eta horrela jaio zen gaurko egunez, 1990eko abenduaren 6an, “Euskaldunon Egunkaria”.
Hamahiru urte pasatxoko historia, era bortitz eta gezurtian akabatua. Ez da erraz ahaztekoa 2003ko otsailaren 20an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea lekuko zela, “Egunkaria”-k berak, euskalgintzak eta Euskal Herriak jasandako erasoa. Gertatzen dena da herri txikien eta hizkuntza txikien historiatan ere, asko kostata izanagatik, ematen direla urrats handiak eta batez ere ematen direla atzera bueltarik ez duten urratsak. Egunero euskarazko periodikorik gabe ezin ulertuko genuke gaur herri hau eta “Euskaldunon Egunkaria”-k horixe lortu zuen, pentsaezina izatea egunero atzaparrak belzten dituen albistez, iritziz, proposamenez betetako orri multzoa kioskoan, etxeko buzoian, tabernan, ez egotea. Ez da posible.
Munduko gainerako egunkariek bezala, koloreztatu zituen argazkiak, gainerakoak bezala hasi zen paperetik haragoko munduak begiratzen. Munduko batzuk bakarrik, oso gutxik, lortu zuten 2000. urtean AEBetako dorre bikien aurkako erasoaren ostean, “The National Press Club”-ek kaleratu zuen posterrean egotea. “Le Monde”, “The New York Times”, “The Washington Post”, “The Times” eta abarrekin batera dago “Euskaldunon Egunkaria”. «Erasoa EEBBei» dio titularrak.
Gaur hogeita bost urte kaleratutakoak, gaur bertan albiste den Durangoko Azokaren berri zekarren lehen orrialdean: «Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak». Zenbat ero, zenbat ilusio herri honek, azokak egiteko, egunkariak asmatzeko, hezkuntza ereduak proposatzeko, lan egiteko modu berritzaileak indarrean jartzeko. “Egunkaria” itxi zuten indarrez, baina egunkaria euskaraz egunero jasotzen dugu: ezinbesteko egin zuen egunerokoa. Horregatik da gaur ospakizun eguna.

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

«El capitalismo ha acabado con el campesinado, último reducto de autonomía frente al consumismo»

Crudivorismo, la dieta de los alimentos crudos
