MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Paris berriz

Herrialde bateko eredu energetikoa erabaki politikoa da, eta Parisko klimaren goi bileraren argitan inoiz baino argiago gelditu da. Parisen hartu diren erabakiak garrantzitsuak izan daitezke herrialde guztiek akordioa betetzen badute. Arlo honetan lan egin duten zientzialari esanguratsuenak beldur dira mende amaierarako tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzeko nahikoa izango den akordioa. Izan ere, egia da legez bete beharreko neurriak hartzea proposatu dutela baina, adibidez, CO2 isurien zenbatekoa ez da derrigorrez bete beharko. Ondorioz, ikusteko dago planetari sukarra eragiten dion gaitza sendabidean jarri eta tenperatura jaistea lortzen den. Herrialdeek erabaki behar dute nola egin trantsizio energetikoa, zigortuko dituzten ala ez ingurumenari kalte egiten dioten praktikak, nola zainduko duten ingurua. AEBetan adibidez, fracking-a oso zabaldua dago. Oso zikina da eta ingurumenari sekulako kaltea egiten dio baina oso merkea da. Merkea da, ekuazio horretan tranpa egiten dutelako eta ez delako kontatzen ingurumenari egiten zaion kaltea, zenbat kutsatzen duen ura, sortzen dituen gaixotasunak... Ekuazioak tranpa du eta herrialdeek ostrukarena egiten dute edo beste interes batzuk lehenesten dituzte.

Euskal Herriari begiratuta, Frantzian Segolene Royale Ingurumen ministroa gutxienik trantsizio energetikoaz hitz egiten ari da. Anbizio handiko legea egin du, energia berriztagarrien aldeko apustua argi utzi du eta energia nuklearra apurka bazterrean utzi nahi duela esaten du, momentuz Fessenheimeko zentral zaharraren itxiera atzeratu egin badu ere. Gogoratu Japonia edo Alemania, Fukushimako istripua gertatu ostean, apurka egiten hasiak direla gauza bera. Hego Euskal Herriari begiratuz gero, Espainiaren jarrera gero eta zentralizatzaileagoak gauzak zaildu egiten ditu nabarmen. Parisko goi bilerak hauteskunde kanpaina bete-betean harrapatu ditu Espainian irabazteko aukera gehien dituztenak, debate sakonetan baino gehiago erakusleihoan, baina ez dirudi inolako asmorik garatzen ari denik trantsizio energetikorako. Ezta serio hizketan hasteko ere. Beharbada alderantziz: kilometro gutxira dagoen Garoñako zentral nuklearra berriz irekiko ote duten susmo handiak daude berriz ere.

Parisen argi geratu da energia nuklear eta fosilak atzera utzi behar direla eta urratsa eman behar dela energia berriztatzaileen alde. Gure esku dago datozen belaunaldietako etorkizuna posible egingo duen gizarte eredu aldaketa egiten hastea. Baina noraino dago gure esku? Zer erabakitzen dugu guk? Herrialde baten eredu energetikoa zein den zehaztea ezinbestekoa da, herrialde horren kalitate demokratikoa erakusten duelako besteak beste. Eta hori ez dago Euskal Herriaren esku. Oinarrizko eskubideak defendatzeko, bakea defendatzeko, ezinbestekoa dela esan zuen Laurent Fabiusek Parisen. Ez dakit benetan sinesten duen edo hotsandiko adierazpen horietako bat den. Sinesten dugunontzat, ondorengoen herentzia gu ereiten eta lantzen ari garela uste dugunontzat, honek ere gure esku egon behar du.