M. Burgoa
IRUDITAN

Edertasunak ez du behar perfekziorik

Gizarte viktoriarraren argazkilariek eta hurrengo belaunaldiek adierazi zuten purismoari aurre eginez, Julia Margaret Cameron (1815-1879) XIX. mendeko erreferentziazko argazkilaria bihurtu zen. Erretratuak egin zituen batez ere, eta nahita bilatutako gardentasun ezaren efektuak ezaugarritu zuen bere lana. Emakumeak eta neskatxa txikien aurpegiak zituen gogoko eta irudi inperfektoa bilatu nahi izan zuen. Teknikaren arauak bihurritu zituen horretarako, objektibo eta argazki plaken arteko desoreka erabiliz, «flou» efektua sortzeko. Horretan oinarrituta, pertsonaren arima islatzen zuen, malenkonia eta tristuraren arteko irudiak erakutsiz, bere garaian izan zituen arerioek argazki berezi horiek txiripa edo ezustekoaren emaitza zirela leporatu bazioten ere. Bere bizitzan egin zuen erakusketa bakarretik 150 urte betetzen direnean, Londreseko Victoria & Albert Museoak atzera begirako erakusketa ireki du bere omenez. 2016ko otsailaren 21 arte zabalik dago.