Marian Azkarate
IRUDITAN

Ezintasunaren argiak eta itzalak

Ezintasun motaren bat duten pertsonen egunerokotasuna islatzea du helburu “Denentzako mundua, ezintasunak gainditzen” izeneko argazki lehiaketak. Munduko txoko desberdinetako argazkilarien begirada kontrajarri eta propioei esker, urtetik urtera, eta urrats txiki baina aberasgarriei esker, ezintasunari buruzko nolabaiteko kontaketa orokor bat osatzen doa Euskal Herriko ONCE elkartea. Horixe da behintzat, aurten hamabost urte bete duen lehiaketaren asmo nagusietako bat. Guztira nazioarteko 491 argazkilarik eta 1.391 lanek parte hartu izan dute edizio honetan.

Lehenengo bi sariak Vietnamera joan dira eta ez da ohiz kanpokoa, Asiako herrialde honetako argazkilaritza sekulako indarra hartzen ari baita nazioarte mailan. Nguyen Vu Phuoc da ONCEko lehiaketako Urrezko Sariaren irabazlea, eskuinean ikus daitekeen irudi poetikoarekin (“Aurreztu ura” titulua du). 2013an profesional egin zenetik, nazioarte mailako 300 bat sari irabazi ditu bere egunerokoan batez ere publizitate munduan lan egiten duen Nguyen Vu Phuoc-ek.

Poetikoak zein bortitzak, bizitzaren argi-ilunen aurrean jartzen gaituzte irudiok. Eta ezkerreko irudia, Zilarrezko sariaren irabazlea, agian bi ikuspuntu kontrajarri hauen arteko mugan koka genezake. Tuy Tran Van vietnamdarrak “Ezintasuna gaindituz” titulua jarri dio argi-ilunez beteriko irudi bortitz honi. Argazkilari profesionala bera ere, iaz herrialde txiroetan inklusio finantzarioa bultzatzen duen Consultative Group the Assis the Poor (CGAP) elkartearen lehiaketako sari bat eskuratu zuen. Datu bat: lehiaketa honetako lehengo bost sariak Vietnamgo argazkilariek etxeratu zituzten.

Eta poetikoa da, oso, ONCE Euskadiko hirugarren sari nagusiaren argazki irabazlea (ondoko orrialdean, behean) ere. Lehiaketen munduan eskarmentu handia duen Zaragozako argazkilari afizionatu batek, Julio Lopez Moratak, zuri-beltzean gauzatu du “Gaueko ibilbidea” izeneko erretratua.

Gure orrialdeetara ekarri ditugun beste argazkiei dagokienez, guztion eguneroko jardunean ateratakoak dirudite, gauza anitzetan ez baitago –edo ez luke egon behar– inolako desberdintasunik «ezinduen» eta «ahaldunen» artean. Ezkerreko orrialdean Euskal Herriko Argazkilaririk Onena saileko lehenengo saria ikus dezakegu (goiko irudia da, Bergarako Jose Agustin Gurruchagak saskibaloi saio batean ateratakoa) eta bigarrena behean, ia hegaz doan atleta itsu baten irudia. Azken hau Juan Ramon Larrocea arrigorriagarrak sinatzen du.

Eskuineko orrialdeari dagokionez, gorpuzkera tinko eta dotorean pausatutako bi dantzarien erretratuaren egilea Carme Olle katalana da eta ONCEren Afiliatua saileko aipamena jaso zuen irudi honi esker. 2000. urtean, begietako gaixotasun baten erruz, argazkilaritza uzteko zorian egon zen arren, teknologia berriei esker bere zaletasuna berreskuratu ahal izan zuen eta baita hainbat erakusketa antolatu ere.

Azkenik, braille sisteman irakurtzen ari den emakumearen erretratu lasaiaren egilea Francisco Javier Sanchez irundarra da, desgaitasunen bat duten egileen saileko aipamenaren irabazlea. Bitxikeria bat: argazkian ageri den emakumea Donostiako ONCEko egoitzako Braille irakaslea da, Amaia Zalakain izenekoa.