Iratxe Fresneda
euskal emakume zinemagileak

Hemen gaude, emakume zinemagileak gara

Azaroan izandako Lekeitioko Zinebileran irabazle suertatu zirenen artean ageri ziren Irati Cano eta Miren Gojenola. 2016 Goya sarietarako euskal hautagaien artean Karmele Soler eta Iraia Elias izan genituen. Lara Izagirreren “Un otoño sin Berlin” laneko Irene Escolarrek Goya saria eskuratu du eta filma han-hemenka dabil kritika onak eta sariak jasotzen. Euskal Herriko emakume zinemagileak aspaldi etorri ziren zinemagintzaren plazara berezko ahotsarekin, baina, oraindik ere, merezi duten ikusgarritasuna lortzeke dago.

Beraz, eskatzen dizuedanean dirua irabazteko eta gela bat izateko zeuentzat, errealitatearen presentzian bizitzeko eta bizimodu pizgarri eta ernagarri bat izateko ari natzaizue eskatzen, gero horren berri idazteko aukera izan zein ez. (…) Merezi duela jardutea, pobrezian eta iluntasunean bada ere, hori lortzeko», laga zuen idatzita Virginia Woolfek bere “Gela bat norberarena” entseguan eta zinemagintzaren esparrura ekar genitzake bere hitzak. Merezi du jarduteak, iluntasunean bada ere, baina askoz hobeto lan egiten da argira etorriko bagina eta kukua entzutean poltsikoa sosez betea izango bagenu.

Emakumezko zinemagileen erronkak eta arazoak, hein batean euskal herritarrenak direnak, ez dira ikusgarritasunean amaitzen. Batetik, zinemagintzan ari diren emakumerik gehienak «ertzetan» dabiltza, zinemaren eremuan, baina ez horrenbeste zinemagintza komertzialaren edo ordainduaren eremuan. Dirua eta finantzaketa arazoa da sarritan alderik kezkagarriena. Dirua guztion arazoa dela jakinik, emakumeen kasuan areagotu egiten da beste esparru ekonomikoetan bezalaxe. Egia bada ere teknologia berriekin asko erraztu eta merkatu dela jarduera, pelikulak egiteko aukerak eta posibilitateak, oinarrizkoa den faktorea kontuan hartu behar dugu: denbora. Denbora beharrezkoa da proiektuak era profesionalean kudeatzeko eta denbora, dirua da. Bestetik eta finantzaketari helduta, ekoizleek egiten al dute emakumezko zinemagilearen aldeko apusturik?

Gure gizartea espazio publiko eta pribatuaren arteko bereizketa erakundetuan oinarritzen da oraindik, eta bertan gertatzen diren harreman soziolaboralak, oro har antolaketa soziala, sexuen arteko bereizketan oinarritua dago. Zinemagintza ez da, inondik inora, salbuespena.

Gizonezkoek «ekintzaileak» izaten jarraitzen dute orokorrean zinemagintzan. Fatima Arranzek zuzenduriko eta estatu espainolean egindako ikerketa batean botere harremanak ederto azaltzen ditu: “La situación de las mujeres y hombres en el audiovisual español, estudio sociológico y legislativo” [Estatu espainoleko ikus-entzunezkoetan emakumezkoen eta gizonezkoen egoerari buruzko azterlana, soziologiaren eta legegintzaren ikuspegitik]. Lanaren ondorioetan irakur daitekeenez, zenbat eta gorago jo ardura mailan orduan eta emakume gutxiago: «Espainiako film luzeen produkzioko eskala hierarkikoan, emakumeen egoerak, orokorrean, dinamika polarra du: zenbat eta goragokoa izan bere lanbide posizioa orduan eta txikiagoa da emakumeen presentzia, eta alderantziz (Arranz, 2008: 284).

Are gehiago, onartu beharra dago zinemagintzaren historian boterea gizonezkoen eskuetan egon dela, Trinidad Nuñezek esaten duen moduan: «Ez bakarrik ikusgarriagoak eta ezagunagoak direlako, baizik eta arrazoi horiengatik, hain justu, errazagoa dutelako euren proiektuak ekoitziko dizkien norbait topatzea (...). Emakumeek lidergoa izateko duten ahalmenaren edota anbizio faltaren inguruan dauden estereotipoak muga erabakigarriak izan dira, eta proiektu hori finantzatu edo ez erabaki behar duten pertsonek arrisku subjektibo handiagoa sumatu dute horregatik». (Nuñez, 2010: 122). Biktimismotik aldentzeko asmoz, jarrera eta ikusgarritasunaren alde eginez, egin dezagun azken hogei urteetan lanean ari diren euskal emakumeen mapa bat. Denak egon ez arren, hemen bildu ditugunak badira.

1985-1998. Kimuak sortu aurrekoak. 1981ean, Lakuako Gobernuaren diru laguntzekin egindako lehenengo euskal filmak gauzatzen hasi ziren. Garai horretan 35 film luze sortu eta estreinatu zituzten. 1982an, Euskal Produktoreen Elkartea sortu zen eta euskal zinemagintzaren ibilbideak indarra hartu zuen, Casilda de Miguelek azaltzen duen moduan. «Politika kulturalaren eta zinemaren sostengurako aldaketak tarteko, 80ko hamarkadan bide berri bat zabaldu zen zinema produkzioan, ‘euskal zinema’ izenburupean errekonozitua izan zena. Historikoki, euskal zinemagintzak bere garapena eragozten zuten hainbat arazori aurre egin behar izaten zien. Garrantzitsuenak zinemagintza industria propioa ez izatea eta finantzatzeko laguntza eza ziren. Zinema produkzioari eskainitako diru laguntzak hura nabarmen handitzea ekarri zuen. Hamarkada horretan, produkzioaren deszentralizazio ahalegin horrek lagunduta, 35 film luze estreinatu ziren publikoki. Egia da, hala ere, errealizatu ahal izateko, ia guztiek behar izan zutela, gainera, [Estatu espainoleko] Kultura Ministerioaren eta TVE edota ETB bezalako instituzioen laguntza», idatzi zuen Casilda de Miguel UPV/EHUko irakasleak.

Ana Diezek, Mexikon zegoela, 1985ean, hasi zuen bere ibilbidea “Elvira Luz Cruz, pena máxima” lanarekin (1985). Bere lau seme-alaben ustezko erailketagatik kartzelatua den emakumearen istorioa da Mexikoko zinema eskolan taxututako dokumental honen abiapuntua. Bere lehenengo lan hau, gaiari heltzeko begirada bereziagatik saritua izan zen, kartzelaren eta emakumearen gaiak ikuspegi desberdin batetik lantzeagatik. Bere debuta ibilbide interesgarri baten aurkezpena izan zen. Diezek bere zinemaren norabidea zer-nolakoa izango zen iradoki zuen. “Ander eta Yul” (1989) 1987an Lakuako Gobernuak emandako gidoi onenaren sariaren irabazle izan zen, eta Angel Amigo produktore zuela, Goya sariarena. Begoña Silesek “Ikusgaiak” aldizkarian esan bezala, Ana Diezek gizonezkoek menperatzen zuten esparru zinematografikoan argi izpi desberdin bat bezala funtzionatu zuen, bere presentzia eta nortasuna nabarmenduz. «80ko hamarkadako zinema produkzioan Ana Diez zuzendariaren presentzia multzoaren uniformetasuna apurtzen duen datu anakronikoa da. Berak sortu zuen hausturatik sartu zen heterogeneotasuna. Izatez, 80ko hamarkadan Euskal Herriko zinema industrian egin ziren filmak –35 guztira– zuzendari gizonezkoek eginak izan ziren, Ana Diezek egin zuen ‘Ander eta Yul’ kenduta», zioen Valentziako unibertsitateko irakasle Begoña Silesek. Ana Diez oasia da. Euskal gatazkaren inguruko ikuspegia margotuz, kanpoa-barrua dikotomia zabalari so eginez, “Ander eta Yul” lanean 80ko hamarkadaren belaunaldi oso baten erretratua egin zuen: kontraesanak, egoera soziopolitikoa, drogak, eta abar. Lan ausart hau Aitor Merinoren “Asier eta biok”-en (2013), aitzindari izan zen eta “garai beltzak” errealizazio bikainarekin irudikatu zituen, oso une zinematografiko ederrak sortuz.

Ana Diezen ibilbideak gaur egunera arte jarraitu du, eta Euskadiko Filmategiak eta Nafarroako Filmategiak argitaraturiko liburuan bere ibilbidea bikain azaldua aurkitu dezakezue. Aldiz, Arantxa Lazkanoren ibilbidea laburra izan zen. Zarauztarrak 1993an “Urte ilunak” filmatu zuen, Jose Maria Larak ekoitzirik eta Euskal Mediaren diru laguntzarekin. Areto komertzialetan estreinatua, emakume bat eta neskato bat dira protagonistak frankismo garaian kokatzen den istorio honetan. Santiago de Pablok “El franquismo en el País Vasco en los años oscuros, de Arantxa Lazkano” lanean, honakoa dio: «Euskaraz eta gaztelaniaz filmatuta, hala, garaiko unibertso soziopolitikoarekin jolastuz, nire ustez lorpen garrantzitsuak ditu: garaiko egoera politikoaren isla egokia, ondo lortutako hainbat sekuentzia eta haurren interpretazio onak», zioen filmaren inguruan Santiago de Pablo historialariak.

Ana Diezen ildotik, emakumeak zalantzati, kontraesanen eramaile irudikatzen ditu. Filmean emakumeek eta neskatilek pairatzen zuten errepresio hirukoitza azpimarratzen da: aitarena, amarena eta erregimen frankistaren «beso desberdinena».

Antzeko ildotik doa Mirentxu Purroy zinemagile iruindarrak 1993an filmatutako “Denboraren gibelean” (1993). Bertan, Francoren garaiko Iruñeko errepresioaz mintzo da. Ume talde bat protagonista, euskal kulturaren biziraupena eta andereñoen papera aztertzen ditu. Garaileak eta garaituak, egunerokotasuna eta errepresioa dira gai nagusiak dokumentalgintzan eskarmentu nabarmena duen emakume honen obran. Gizarte gaiak, emakumeen ikuspuntuak gatazka begiratzeko orduan, izan dira belaunaldi hauetako emakumeen interesguneak. Euskal zinemagintzaren loraldian, Lakuako Gobernuaren diru laguntzak zirela medio, kasu gehienetan zinema egiten hasiko ziren hainbat emakume, tartean Helena Taberna. Nafarrak, ildo beretik jarraituko du “Yoyes” filmarekin (2000). Emakumea eta euskal gatazka bestelako begirada batekin landu zituen: emakumea protagonista da, eta garai horretan ETA erakunde armatuari zegokion bide hegemonikoari aurre egiten ziona, militante legez. Lan hau bideratzeko, Carlos Roldanek bere “Yoyes: historia y vicisitudes de un proyecto cinematográfico”-n aipatzen duen bezala, zailtasun ekonomiko ugari egon ziren. Bertan, emakume batek finantzaketa eskuratzeko bizi behar zituen/dituen oztopoak primeran azaltzen dira. Bere sormen ibilbideari jarraiki, CIMAren partaide den Tabernak, egun, gizarte gaiak eta emakumeak ardatz dituzten istorioak lantzen jarraitzen du bai fikzioan bai dokumentaletan. Aipatzekoak dira beste askoren artean “Nagore” (2010) eta “Extranjeras” (2003).

1998-2016. Kimuak-en sorreratik gaur egunera arte: Dabilen haria. 1998an Kimuak proiektua sortu zen, eta honek, hainbat emakumeren lanak ikusgarri egitea ahalbidetu zuen. Horien artean lehenengo Kimuak katalogoan agertu ziren zenbait aipatu ditzakegu: Begoña Vicarioren “Pregunta por mi” (1996) edo Irene Arzuagaren “Luis Soto” (1997).

Kimuak katalogoaren historian, guztira, hamalau emakumeren lanak aurkeztu dira. «Garai berrietan» eta 1990eko hamarkadatik aurrera Bajo Ulloa, Medem edo De la Iglesia bezalako zinemagileen arrakasta urteetan, emakume zuzendariak ertzetan dabiltza, animazioa, dokumentalgintza eta ikus-entzunezko bestelako proiektuetan. 2000ko hamarkada heldu arte ez ditugu euskal emakume zinemagileen pelikula asko estreinatuak ikusiko.

Mireia Gabilondok “Kutsidazu bidea, Ixabel” (2006), “Mugaldekoak” (2012), “Amaren eskuak” (2013) eta “Barrura begiratzeko leihoak” (2012) zuzendu ditu. Euskal Herriko errealitatearekin zerikusia duten gaien tratamenduan aurreko emakumeen tradizioari jarraituko dio, dokumentalgintza eta fikzio lanak uztartuz. Ana Murugarren zuzendariaren lanak, “Esta no es la vida privada de Javier Krahe” (2005) edo estreinatu berri den “Tres mentiras” (2013) zirkuitu komertzialean ibilbidea izan duten lanen artean sailkatu ditzakegu.

Bien bitartean, gaur egunean diharduten zinemagile emakumeek gai sozialak dituzte izartzat, dokumentalgintza, animazioa eta esperimentazioan nabarmentzen direlarik. Taberna, Diez, Murugarren, Gabilondo edo Aitzpea Goenaga dira zirkuitu komertzialetan estreinatu duten bakarrenetarikoak. Hala ere, beren obrak beste espazio batzuetan ikusarazten dituzten sortzaileak ere badaude. Beste askoren artean, ertzetan, dokumentalgintzan, sormenean, esperimentazioan, artean eta ikus-entzunezkoen aukera berriei helduta, Begoña Vicarioren “Pregunta por mi”(1996) eta “Haragia” (1998) aipagarriak dira. “Pregunta por mi” artelanagatik Animazioko Goya saria irabazi zuen 1996an. Pelikula honetan, larrabetzuarrak emakumeen kontrako botere gehiegikeria salatzen du, batez ere, hauek etorkinak baldin badira. Harearekin sortutako irudiak bortizkeriaren aurkako bultzadak bihurtzen dira era poetikoan. Goya saria irabazi zuen lehen emakume euskalduna da Vicario, azken urteotan garatu den animazioan izan den korronte esperimentalaren aitzindarietako bat.

Garai berrietan sartuta, XXI. mendean, euskal emakume zinemagileen ibilbidea ausardiarekin eta esperimentazioarekin erlazionatu genezake. Emakume ausart horien atzetik bestelako olde bat etorri zen, 2000. urtetik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateari eta bestelako zinema eskolei lotutakoa, neurri batean. Ikus-entzunezkoen ikasketen ildotik sortuak dira asko eta asko, bai, gaur egun zinema esperimentala eta animazioa egiten ari diren neskak. Horien artean Laida Lertxundi bilbotarra.

Laida Lertxundi, atzerrian profeta. Laida Lertxundi Los Angelesen bizi den artista bilbotarra da, zinema artista. Enkoadraketaren eta begirada adiaren zinema egiten duela diote. Orain dela hamar urtetik bizileku duen Los Angelesko hotel eta apartamentuetatik Kaliforniako hegoaldeko basamortu eta mendizerretarantz doan begirada garatu du, berea, propioa. Lanerako lanabesak eta lankideak, 16 mm-ko kamerak eta profesionalak ez diren adiskide eta laguntzaileen taldeak dira. Hilabeteetako filmaketetan murgiltzen da eta epealdi horietan, behin eta berriro itzultzen da leku berberetara, hartualdi bakoitzaren zenbait bertsio filmatzeko. Prozesu geldoa da berea, artisautza lana ia-ia. Bere filmak zenbait museotan aurkeztu dira, hala nola: MoMa, Tate Modern, Musee Jeu du Paume edo Reina Sofia Museo Nazionalean. Horrez gain, Whitney Biennialerako eta Lyon Biennalerako ere aukeratu dute. Bere lanen artean daude “Footnotes to a House of Love” (2007), “The room called heaven” (2012) edo “We Had the Experience but Missed the Meaning” (2014).

Ez daude diren guztiak baina daudenak, badira. Zerrenda eratzerakoan, sortzaile berriak agertzen dira eta izen sorta urtero handituz doa. Beraz, hemen argitara ematen dugun zerrenda osatzeke legoke: Ione Hernandez Saenz (“Uno por ciento, esquizofrenia”, 2006an, eta “El palacio de la luna”, 2008an); Maru Solores (“Dordoken Uhartea”, 2003an, eta “Camera obscura”, 2011n); Izibene Oñederra (“Hotzanak, For Your Own Safety”, 2013an); Isabel Herguera (“La Gallina Ciega”, 2008an, eta “Ámár”, 2010ean), Maitena Muruazabal (“Navegando voy”, 2007an), Enara Goikoetxea (“Barrura begiratzeko leihoak”, 2012an), Jone Karres Azurmendi (“Alardearen seme-alabak”, 2012an), Estela Ilarraz (“Madrid 11M. Todos íbamos en ese tren”, 2004an), Julia Juaniz (“El magnolio”, 1997an, eta “Sigan felices”, 1982an), Paz Bilbao (“Se ha apagado una estrella”, 1994an), Olatz Gonzalez Abrisketa (“Pelota II”, 2012an), Uxue Arrieta (“El enemigo”, 2010ean, eta “Canedo”, 2011n), Maite Arrieta (“Una buena transacción”, 1991n), Iurre Telleria (“El último paso”, 2011n) eta Nere Pagola (“1740 Broad Way” eta “Even though”, 1997). Aipagarriak dira, era berean, Donostian eta Bilbon lanean ari diren bi kolektibo; bata, “Las chicas de Pasaik” izenekoa (Maider Fernandez eta Maria Elorza osatuak) eta bestea N”ouvelle Basque Kolektiboa” (Paula Bañuelos, Zuriñe Goikoetxea eta Beatriz Nieto).

Teknologia berriek ez dute erraztasun ekonomiko nahikorik ekarri emakumeak zinemaren industrian, profesionalki, zuzendari lanak egiteko. Zinemagintzaren industriaz ari bagara, zenbat emakume zuzendari ezagutzen ditugu? Zenbat zinema kritikari, argazki zuzendari eta gidoilari bere lanbideaz bizi direnak? Gaur egungo errealitate sozialaren isla dira aurreko galdera erretorikoei dagozkien erantzunak. Ikuspegi kuantitatiboek, pista ugari ematen dizkigute egoeraren gainean. Halere, eta zorionez, industriaren eta muga komertzialen arrakastatik harago, zinema eta ikus-entzunezkoak ere existitzen dira.

Agian emakumeek filmak zuzentzeari garrantzi gehiegi eman diogula usteko du norbaitek, eta bai, arrazoi osoz pentsatuko du hori. Emakumeek «nahi dutena egin dezatela» leloaren alde egotea garrantzitsua da. Aukeratzeko, erratzeko eskubidea izan behar dutelako, gizonezkoen moduan. Ezin daiteke esan oraindik maila berean dabiltzala, aukerei eta ikusgarritasunari dagokienez, emakumeak eta gizonak.

Egindako zinemagileen zerrenda ikusita, ohartzen gara Euskal Herrian ikus-entzunezkoen munduan zuzendaritza lanetan dabiltzan emakumezkoen kopurua ez dela handia Euskal Herriaren tamaina kontuan hartuta. Ekoizpenak aurrera ateratzeko laguntza ofizialak eta autofinantzaketa dira oinarrizko diru iturriak emakumeentzat, eta asmatu daitekeenez, hauek aurrera eraman ahal izateko arazorik larriena finantzaketa da. Mirentxu Loyartek zera zioen: «Kostuak merkatu daitezke, diru gutxiagorekin egin daiteke lan, baina denbora dirua da».

Lanaren erakusketari buruz, Mireia Gabilondok Durangoko Irudienean izan zen solasaldi informalean ohartarazi zuen bezala, «herriz herriko» lanaren bidez burutzen da sarritan pelikulen hedapena, “Amaren eskuak” filmarekin berak egin zuen bezala.

Beraz, bi arazo nagusi horiei aurre egiteko, erakunde publikoek, ezinbestekoak diren oinarrizko neurriak hartu beharko lituzkete, paternalismorik gabe, baina aukera berdintasuna bultzatuz. Orokorragoak izan daitezkeen beste neurri batzuen artean, Euskal Herrira ekarrita, hauek dira oinarrizkoak, Fatima Arranzen taldeak bere txostenean gomendatzen duenaren ildotik. Laburbilduz zera proposatzen du: Diskriminazio positiboa ezartzea diru laguntzen deialdi publikoetan; banaketaren eta erakusketaren kudeaketa instituzio publikoetatik arautzea kuoten bitartez; parte-hartze publikoa daukaten zinemaldietan, eta zinemagintzaren inguruko erakunde eta jaialdietan, emakumeen errepresentazio kualitatiboa egotea bermatzea; kristalezko eta porlanezko sabaien kontrako hezkuntza bultzatzea; eta ikusgarritasuna bultzatzea komunikabideetan.

Eta hau dena, zertarako? Gizonezkoek egiten dituzten filmak bezain kaskarrak edo ederrak egin ahal izateko. «Saio-akats» («ensayo-error») delakoaren formula da bide bakarra, izan ere, zinema egiteko lanbide honetan, baina horretarako ere, aukera eman behar zaie emakumeei, gela propioak, konektatuak, eraikitzeko.

Ekoizleak eta banatzaileak. Zinema zuzendariez gain badira, film baten prozesuan funtsezkoak diren beste bi etapa, produkzioa eta banaketa. Hemen ere emakumeek badute beren lekua eta Euskal Herrian Izaskun Arandia, Miren Aperribay eta Marian Fernandez Pascal aipa ditzakegu beste batzuen artean.

Miren Aperribay Deban jaioa da. EHU-n zuzenbidean lizentziatua, Birbeck University-n London Arts Administration and Management ikasketak burutua, “Loreak” eta “Amama” filmak nazioarteko festibalen zirkuitoetan  hedatzearen arduraduna, “Zuloak”, “80 egunean” edo “Jai Alai blues” pelikulen banaketaz arduratu da.

Marian Fernandez Pascalek zinema ikasketak New Yorkeko NYU unibertsitatean burutu zituen, ikus-entzunezko ikasketak Nafarroan egin eta gero. Txintxua Films-en sortzailea eta Punto de Vista jaialdiaren produktorea, ekoiztetxe eta banaketa enpresa ugarirekin egin du lan. Asier Altunaren “Bertsolari” (2012) edota “Amama” (2015) bezalako filmak ekoizteaz gain, Koldo Almandoz eta Telmo Esnalen lanak ere bere eskuen magiatik pasatu dira.

(H)emen, elkarte berri-berria. Aipatutako gabeziei erantzuteko eta ikus-entzunezkoetan lan egiten duten emakumeen ikusgarritasuna bultzatzeko, hain zuzen ere, jaio berri da (H)emen kolektiboa. Ikus-entzunezkoen inguruan lan egiten duten emakumeek sortutako elkarteak, Olatz Beobide, Miren Aperribay edota Izaskun Arandia bazkide dituenak, besteak beste, arlo horretan ari diren emakumeen ikusgarritasuna bultzatu nahi du www.hemen.me webgunearen bidez eta sare sozialen bidez, eta berdintasuna sustatu, batez ere soldata berdintasuna bilatuz.