Francisco Maiztegui
HABANAKO FAC

Gauez dabilenaren arte ametsa

Fabrika zahar abandonatu batean tokia hartuta, FAC (Fábrica de Arte Cubano) Habanako gauetako lehen lerroan jarri da, goizaldera arteko ordutegiarekin. Kuba osoko artistei zabaldu dizkie ateak, antzerkigileei, margolariei, dantzariei... baina bertaratzen denak, batez ere, jendea topatuko du; harreman horizontal bat, lo galduko hirian.

Gauez ibiltzea gustuko duenarentzat leku erakargarriak egon dira beti Habanan, iraultzaren aurretik eta iraultzaren ondoren, Havana midnight alaiak eta Habanecer ederrak bizitzeko. El Gato Tuerto, La Zorra y el Cuervo, Café Cantante, La Casa de la Música, Rio Club (El Johny), Don Cangrejo, El Sauce… Hainbat leku, eta, azkenaldian ekimen pribatuari bideak zabaldu zaizkion neurrian, askoz gehiago, eta bakoitza mundu bat izanik. Esan gabe doa, gainera, Malekoia hor dagoela bere luzera osoan beti zabalik.

Orain, FAC (Fábrica de Arte Cubano) deitzen den leku berria dago modan. Habanako gaua, ia goizera arte, oasi batean pasatzeko eskaintza da: argazkia, pintura, eskultura, diseinua, musika (belarrientzako arte plastikoa), argazkia, dantza, antzerkia, zinema, aforismoak. FAC, Havana Midnight eta Habanecer ez ezik, Kubako musika eta arte garaikidearen ikuskizun iraunkorra da.

Fabrika zaharraren tximinia. Tximinia handi bat da fabrikaren ikurra, 26. kaleko 11. izkinan, Vedado auzoan. Mendebaldetik, Almendares ibaiaren gaineko burdinazko zubia pasatuta iritsiko gara. Ekialdetik, Linea kalearen amaieran ezkerrera jota –P3 omnibusean hel zaitezke, Alamarretik edo autobus hori pasatzen den beste auzoetatik–. Hegoaldetik helduta, 26. kalean behera. Itsasotik helduz gero, 1830 jatetxearen atzean ikusiko duzu tximinia –There is the chimney! Right ahead!–. Tximinia gorri ikusgarri bat, adreilu txikiz egiten zirenetakoa. Ez du jada kea jariatzen, bestelako lurrun eta ezbai batzuk eragingo ditu.

Auzuneari El Fanguito esaten diote, Almendares ibaiaren bazterreko padura eta lokatzagatik –baina zein komikoa den hitza atzizki txikigarriarekin!–. Vedado auzo dotoreko bazter marjinala izan da beti El Fanguito, sozialismoak ere guztiz emendatu ez duena. Gaur egun Arte Fabrikarena den eraikuntza Elektrizitate Konpainiarena izan zen XX. mende hasieran, eta gero, olio fabrika luzaroan. Mani-olioa –mani, ingelesezko money (dirua) bezala ahoskatua, ‘kakahuetea’ da Kuban– egiten zen bertan: El Cocinero markakoa. Iraultzaren ondoren, Arrantza Industria Ministerioarena izan zen lehenengo, eta gero, Kultura Ministerioarena, beste eraikuntza erdi abandonatu bat.

Fabrika zahar abandonatu bat eraberritzea eta arte eder eta ez hain ederretarako egokitzea ez da horren ideia originala, ordea. Sarritan egin da Berlinen, Parisen, Londresen zein New Yorken. Pekinen ere hala omen da 798 Arte Espazioa. Kuban bertan badira halako espazioak, arte ugari eskaintzen dutenak: Santa Claran, esate baterako, El Mejunje delakoa, non erakusketak, kafetegia, antzerkia, zinema eta kontzertuak nahasten diren; hantxe dago Trovuntivitis izeneko trobadore gune ezaguna.

Habanako Arte Fabrika X Alfonso musikariaren ideia eta proiektua da. 2008an hasi zen X Alfonso artisten elkarlana bultzatzen, “Sin título” izenburuko dokumental baten aitzakiarekin: musikariak, antzerkilariak, dantzariak eta plastikoak ipini zituen elkarlanean. 23. etorbideko Rampan dagoen Pabexpo-n jarraitu zuten elkarlana 2010etik aurrera.

Jendarte tranpa. 2014ko otsailaren 13an –kubatarrek ez dute sekula San Balentin gaua ezarian pasatzen uzten– zabaldu zuten FAC, Silvio Rodriguezen kontzertu batekin. Lehenengo erakusketan 33 artista plastikok parte hartu zuten: Nelson Dominguez, Zaida del Rio, Ernesto Rancaño, Eduardo Roca (Choco), Esterio Segura, eta abarrek. Musikariak azaldu ziren hurrengo egunetan: Aldo Lopez-Gavilan, Harold Lopez-Nussa, X Alfonso, Rochy Ameneiro, Polito Ibañez, Raul Torres, Frank Delgado, Gerardo Alfonso eta ordutik hona aurkeztu direnen zerrenda amaiezina da.

Proiektua, bistan denez, artea kontsumitzeko diseinatu da. Ez museo edo galerietara joaten den publikoarentzat, jende horrek badakielako non dagoen artea, artegileak direlako gehienbat. Jende gehienak ez daki ez artea zer den ez non dagoen, baina gehiengo honen bila mugitu behar du arteak. Artea ez da artegileentzako bakarrik; artegileek gizarte osoarentzat lan egiteko modua aurkitu behar dute. Eta hori hemen, FACen, tranpa gisa antolatu da, eta arte delako horretara bestela hurbilduko ez litzatekeen jende asko jausten da Habanako gauaren espektakulu eta jendarte tranpara.

Artearen alor guztietan nabarmena da kalitatea. Kuba osoko artistek dituzte FACeko ateak zabalik, programazioan egoteko lanak aurkeztu nahi badituzte. Deialdia hor dago, denek dute hautatua izateko aukera. Antolatzaileek ohartarazten dute ez dela arte abstraktua hobesten, obretan kezka sozial eta politikoak azaltzea interesatzen zaiela.

Kuban bizi den Enrique Rottenberg judu-argentinarraren argazki handiak erakutsi dituzte 2015ean zehar. Batean, tamaina naturaleko gizon ilara luze bat, bata bestearen atzetik, ia biluzik, galtzontzillotan, batak besteari eskua bizkar gainean ipinita, antolatuta balihoaz bezala areto ia biribilean. Eta argazkiko galtzontzillo guztiak, ontzi batean, erakusketaren erdigunean.

Musika eta giroa da, batez ere, jendea erakartzeko amarrua. Gauez dibertitzera datoz eta artea aurkitzen dute, kalitatezko artea eta kezka soziopolitikoa. Behin barruan, labirinto oihartzunez betean, mila ispiluen galerian, galderen jendartetasunean ibiliko dira.

FAC astean lau egunetan zabaltzen da: ostegun, ostiral, larunbat eta igandean –astean berez itxita dago: astelehenean, asteartean eta asteazkenean–. Iluntzeko zortzietan zabaltzen da eta ez da goizaldeko laurak arte ixten. Kontzertu nagusiak hamaikak inguruan hasten dira.

Sarrerak 2 peso bihurgarri (cuc) edo 50 peso kubatar (mn) balio du (berdin kubatarrek zein turistek). Txartel bat ematen dizute sarreran eta hantxe apuntatzen da kontsumitzen duzuna, gero irteeran, ordaintzeko –txartel hori galtzeak 30 cuc ordaintzera behartzen zaitu!–. Sarrera arraro samarra da, Arte Fabrikako segurtasun indarrengatik, gimnasio-gihardun mulatotzar uniformedunak.

Klase sozial berri bat? FACen sartzen denak musikariak, antzerkilariak, margolariak, dantzariak eta abar aurkituko ditu. Baina jendeak jendea aurkituko du batez ere, harreman horizontal bat, jendartekoa. Gaueko hamaikak aldera hasten dira gazteak FACen samaldan agertzen; musikarekin batera, jakina.

Habanako gazteak ederrak dira eta dotoreak, ilargia bezala, eta ez dira batere urrunak. Erraz egiten dute barre, arropa berriak luzitzen dituzte, Itsaso Barearen hegoaldeko uharteetako tatuajeak, smartphoneak, eta modako ile orrazkerak –ohartu ilea atontzeko keinuez–. Edozein hizkuntzatan dakite esaldiren bat; ingelesez, frantsesez, errusieraz, portugesez, arabieraz, edozeinek diotsu ‘salam malekun’ edo ‘gabon’; eta erotismoa darie. Batez ere, hori, Erexa mendiko iturriei ura bezala (“Erioak Erexan…”) eta Plentziako neska-mutilak lo dauden artean, Habanako gazteei erotismoa darie. Amodioa lehen planoan dago beti Habanako gauean –Zergatik esaten duzu amodioa, sexuaz ari zaretenean?–. Habanako neska eta mutil kulturalei (eta ‘ezkulturalei’) larrua jotzeko gogoa darie: «Zurekin oheratzen ez banaiz, bakarrik lo egin beharko dut!», ematen dute aditzera, lastima emateko, ahoa zabaldu gabe ere. Anomalia sexualetan, Kuban gutxien konprenitzen dena abstinentzia da; edozeinek lagunduko liguke ondoez horretatik ateratzen, batez ere gauez.

FACeko barrak beterik daude beti. Uhartean ideologia hegemonikoa den marxismoaren lezioa da, mila gauza daudela dirua baino garrantzitsuagoak. Hain zuzen ere, gehienak oso garestiak dira. Tabernetako edariak edo dendetako gauzak, esaterako. Eta selfieak ateratzeko profitatuko dute tragoaren zain itxaron beharreko denbora.

Inor ez da hemen lanaz eta beharraz akordatuko ez ostegun gauean ez igande gauean. Lana eta beharra, zer da hori? –soziologoei interesatuko litzaieke, beharbada, zenbatek egiten ote duen hemen lan eta behar?– Egia da lanak ez duela inor hiltzen, baina ez da egia txikiagoa alferkeriak ez duela inor nekatzen.

Jende asko sartzen da hamarretan ohera batere glamourrik gabe. Beste jende asko ez, lo egin ezinik geratzen da. Habana lo galduko hiria izan da beti –lo galduetan ere amets egiten da?–. Bi aberri zituela zioen Jose Martik: Kuba eta gaua –lo egiteko ala itzarrik ibiltzeko?–. Habana kasino hiria izan da beti: «Life is an old casino in a park», zioen Wallace Stevensek.

Bizitza kasino bat da parkean, gazte askorentzat gaur egungo Kuban. Eta artea, tragikomedia eta zinismoa da, salaketa eta ondoriorik eza, bere paradoxan. Kubako kontraesana da itzelezko arrakala dagoela: diskurtso edo asmoak, alde batetik, eta ondorioak edo benetako egoerak, bestetik.

Eta badago gazteria bat, eskolatua, daukanarekin kontentatzen ez dena eta gehiago nahi duena. Askozaz gehiago eskatzen diona errealitateari eta imajinazioari, politikari, baita arteari ere.

Ezpain-margo gorriz pintatuta irakurri nuen hau komuneko horman:

“Un soir, j’ai assis la Beauté sur mes genoux

Et je l’ais trouvé amère

Et je l’ai injurié.”

(Gau batez, edertasuna altzoan hartu nuen, eta garratza iruditu zitzaidan, eta iraindu egin nuen)

Kontrairaultzaren negozio iluna? Dena da eztabaidagaia Kuban, dena da polemikoa, serio hartzekoa eta barregarria aldi berean. Oiloak eta politikariak antzekoak dira Kuban (eta beste herrietan ere bai), kukurrukuka aritzen direlako batzuk eta besteak –desberdintasuna da oiloek bai baina politikariek ez dutela arrautzarik erruten–.

Kontrairaultza aitortuaren iritzia aldez aurretik jakina da: dena dago gaizki. Legalki egiten den guztia da susmagarria –sistemaren barrukoa izatearen funtsezko bekatuaz–. “Negozio iluna” izenburua du Ernesto Perez Chang idazlearen artikulu ezagun batek blogosferan, FACen aurkakoa. «FAC arazo bat da batzuentzat, ixtea ere pentsatu dute, ez dakit zergatik ez duten oraindik itxi», dio kontrairaultzaile batek iraultzaile batek dioela. Baina, Ernesto Perezen diskurtsoa kontraesanezkoa da, Kultura Ministerioak X Alfonsoren ekimen pertsonalari sostengua ematea salatzen duelako. Esan bezala, dena dago gaizki eta, beraz, ezin da ezer ondo egon kaimanaren antza duen irla honen gainean. Beraz, FAC eta bere inguruko guztia konfabulazio hutsa da.

Adibidez, sarrerako dirua, jendea sar ez dadin asmatu zen –«Kontuak ordaindu? Zein ohitura absurdoa!», entzuten da Marx anaien “Istiluen Hotela” filmean–. Jendez betetzeak konfabulazioa frogatzen du. Egia da 2 dolarreko sarrera hori apur bat garestia dela, iraultzaren logikaren arabera –«kultura denon eskura!»–, kirola eta kultura ia doakoak izan ohi direlako kubatarrentzat (zinema, adibidez, 2 mn). Baina, kontrairaultzaren logikan, harrigarria da sarrera hori lar garestitzat hartzea, Miamin –jende horrek eraiki nahi lukeen etorkizuneko Kuban– antzeko leku batean sartzeak 50 dolar balioko lukeenean.

Nik ez dakit zein den ezeren prezio egokia. Zoriontsua izateko, egia esan, ordaindu egin behar omen da jada planetako bazter guztietan. Dena dela, uste dut pobrea, pobrea, benetan pobrea, maitasunik emateko gauza ez dena dela.

Zoaz nahi duzun lekura. 2016. urte hasieran horma zaharren artean hara-hona zebilen jendea, iltze mailukadak, oihartzuna, zulatzeko makinen hotsa... Erakusketa berritzen aritu dira eta itxita egon da urtarrilean. Otsailean zabaldu ditu berriz ere ateak.

Background berezi horrekin konprenitzen dut ez dakit zer eraikitzen ari den jende horrek arrakalak gainditu nahi dituela: errealitatea eta imajinazioa, artea eta merkatua, gustu ona eta proposamen berritzaileak, kooperatibismoa (italieraz iraina da “figlio della cooperativa!”) eta ohiko ekonomia (kapitalista ala sozialista?). Kuban itzelezko kontraesana dago asmoen eta ondorioen artean, diskurtsoaren eta benetako egoeraren artean, arrakala horiekin bizi gara denak, lan egiten dugunok zein gauez ibiltzen garenok.

El Gato Tuerto –atso abeslaria, bere pena guztiak azaldu ondoren bezero batekin eseriko da–, La Zorra y el Cuervo –gogoratu Agustin Paskual Iturrigarena: «Lausengarien hitza duenak sinesten, honelakoxe txalmak ditu eramaten»–, Café Cantante –El Divino izeneko gay festa bat egiten da larunbat gauetan–, La Casa de la Música –saltsa, eta ez ahaztu bi leku direla: Centro Habanakoa eta Miramarrekoa–, Río Club –El Johny diskoteka, jinetera ugarirekin–, El Sauce –saltsa, pop, troba, egunean egunekoa, alegia–, Don Cangrejo…

Leku bakoitza mundu bat da, eta Habanako Arte Fabrika hau ere mundu berezia da. Baliteke bere itzalak izatea, baina itzal baino argi gehiago ditu, seguru asko, argi koloretsu dizdizariak. Eta gauez dabilenarentzat arte obrak argi horien azpian ikustea amets egitearen antzekoa izaten da.

Fabrika zahar abandonatua leku eder bihurtzen dute lantzean behin Habanan. Leku aproposa da jendartean sentitzeko eta, nahi duenak, edertasunari errieta egiteko ere bai.