Amaia Zuza Randez
lanean ingelesa ikasteko

«Au Pair»-ak nork zainduko ditu?

Lan Harremanen Batzordeak (WRC) familia irlandar bat 9.229 euro ordaintzera kondenatu du, etxeko «au pair»-a jasaten ari zen lan-esplotazioagatik. Sententzia horrek mahaiaren gainean jarri du gazte hauen egoera: lan kontraturik gabe eta askotan ez asegururik ez osasun zerbitzurik gabe bizi dira, izan ere, atzerrian.

Langabezia zifra kezkagarriek eta lan prekarizazioak eraginda, hainbat gazteren artean gero eta ohikoagoa da au pair izatearen esperientzia. Ingelesa ikasteko edota atzerrian hizkuntza maila hobetzeko aukerak daramatza asko bide horri heltzera. Oihane Quintanak (Leioa, 22 urte), Waterfordeko (Irlanda) au pairrrak hizkuntza izan zuen bultzada nagusia: «Hona etortzeko helburu nagusia ingelesa ikastea izan zen. Haur Hezkuntzako ikasketak bukatzean, banekien ingeles maila hobetu behar nuela. Ez da lanik zoragarriena, baina bertara etorri eta ezer gutxi jakin gabe lanean lehenbailehen hasteko aukera paregabea da». Teorian, au pairrrak barneko umezainak dira, eta familiako gainerako kideenganako tratu bertsua jasotzeaz gainera, umeak zaintzeaz arduratzen dira baina ez daude bestelako etxeko lanak egitera behartuta.

1969an Europako Kontseiluak European Agreement on Au Pair Placement hitzarmena sinatuz geroztik, au pairrentzako kontratu eredua ezarri zen. Horren arabera, familiek astean behin egun librea eskaini behar diete etxean dituzten halako langileei eta, aldi berean, gehienez ere egunean 5 orduko eta astean 30 orduko lanaldia eskaini behar diete. Horrez gain, akordio honen arabera, gizarte segurantzaren gastua (eta halakorik ezean, aseguru pribatua) familiak hartu behar du bere gain. Hala ere, sarritan esperientzia hau irtenbide ekonomiko prekario bilakatzen da, au pairrek (gehienetan emakumeak) inolako kontratu legalik gabe egiten dutelako lan eta maiz gizarte segurantzarekin inolako loturarik gabe gainera. Aipatu kontratu eredua, gainera, ez da Europako estatu guztietan aplikatzen; Estatu frantsesak, Belgikak edo Danimarkak euren au pair kontratu ofiziala daukate.

Jarduera honen inguruko plataforma nagusiaren arabera (Aupairworld enpresak), Estatu espainola da au pair eskari gehien dituen lurraldea; 2014an 80.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituen. 18-26 urte bitarteko gazteak izan ohi dira, gehienak unibertsitate tituludunak eta esperientzia honen bitartez euren lehenengo lan kontratuaren bila dabiltzanak. Andrea Sierra (Erandio, 18 urte) duela sei hilabete heldu zen Waterfordera. «Nire bilaketa denbora oso arina izan zen. Aupairworlden erregistratu, eta, hiru edo lau familiarekin hitz egin ondoren, bat aukeratu nuen. Bi astetan hemen nintzen». Sara de la Casak (Alacant, 21 urte), Kill urrutiko herrixkan (Irlanda) zertxobait gehiago eman zuen bilaketa lanetan: «Ez nekien ingelesik eta hainbat elkarrizketa egin nituen, baina familiek ez ninduten aukeratu arrazoi horrexegatik. Denboralditxo bat eman nuen alde horri garrantzirik ematen ez zion familia topatu nuen arte».

Eskoziatik Irlandara. Internetez gain, badira ere familien agentziekin harremanetan dauden au pairren agentziak. Aukeraketa prozesu konplexua egin ostean, bi parteak harremanetan jartzeaz arduratzen dira. Hala eta guztiz ere, zerbitzu hau ez da eraginkorra kasu guztietan, Patricia Gilenean kasu (Basauri, 24 urte). Agentzia baten bitartez familia eskoziar batekin harremanetan jarri zen. Bertara heltzean ustekabea eman zioten, ordea, egin beharreko etxeko lanak adostutakoak baino gehiago baitziren: «Ia egunero egiten nuen lan, asteburuak barne, 80 libraren truke (103,12 euro). Azkenik, beste familia bat bilatzea erabaki nuen. Nire erabakia hilabete bateko aurrerapenarekin komunikatu arren, joateko data hurbildu ahala familiako amak bertan behera utziko nituela aurpegiratu zidan, eta etxetik bota ninduen».

Aupairireland.ie plataformaren bidez Gil beste familia batekin kontaktuan jarri zen, Dublinen oraingo honetan: «Dublinen egoera bestelakoa zen: 120 euro kobratzera pasatu nintzen eta nire eginbeharrak umeen zainketa eta asteburuetako babysitting-a egitera mugatu ziren. Gainera, babysitting-ak ordu estrak bezala ordaintzen zizkidaten», azaldu du. «Ez neukan inolako kontratu legalik, baina familia irlandarrak eskuz eginiko kontratua zeukan, eta bertan nire eskubideak eta beharrak agertzen ziren».

Aurrekaririk gabeko sententzia. Britainia Handia eta Irlanda dira eskaera gehien jasotzen dituzten herrialdeak. Azken honetan, pasa den martxoaren 8an, Lan Harremanen Batzordeak (WRC, ingelesez) 9.229 euroko kalte-ordaina eskatu zuen au pair batentzat. Gaztearen familiak Gutxieneko Soldataren, Lan Orduen Antolakuntzaren eta Lan Egoeraren (2000) legeak urratzen zituen, astean 100 euro baino ez ordaintzeagatik. Legearen arabera, Irlandako gutxieneko soldata orduko 9,15 eurokoa da. Irlandako Immigranteen Eskubideen Zentroaren esanetan, «zoritxarrez, kasu hau ez da bakarra».

Dagoeneko, ez dago aldez aurretik adosturiko lansaririk. Au pair baten eta beste baten zerbitzu-sarien arteko aldeak bakoitzari tokatu zaion familiaren araberakoak dira: «9 eta 10 urteko bi ume zaintzen ditut eta etxeko lanen bat egiten dut (arropa lisatu, sukaldea garbitu...). Gabonak baino lehen 70 euroko paga neukan eta Gabonen bueltan 80 eurora igo zidaten», azaldu du Quintanak. Badaki lagun batzuei baino gutxiago ordaintzen diotela, baina, hala eta guztiz ere, pozik dago, aisialdi gehiago daukalako eta familiak beste kide bat balitz bezala tratatzen duelako: «Esklabo bezala lan egiten duen neska bat ezagutzen dut, asteburuak barne. Familiak bi ume zainduko zituela esan zion eta lau umerekin dabil gaur egun. Horren truke 50 euro baino ez dizkiote ordaintzen», kontatu du. Sierrak, bestalde, 17 hilabeteko eta 2 urte eta erdiko bi ume zaintzen ditu eta horren truke 100 euro jasotzen ditu: «Ordainketa familiaren araberakoa da. Nire kasuan, ume bakoitzeko 50 euro jasoko nituela esan zidaten, lan egindako ordu kopuruaren arabera ordaindu beharrean. Egunero zortzi ordu ematen ditut lanean eta babysitting-ak aparte ordaintzen dizkidate. Badira ordu estrak ordaintzen ez dituztenak baina horren truke oporrak eskaintzen dituzten familiak ere. Bakoitzak bere gustura antolatzen du ordainketa sistema», azaldu du. De la Casak 120 euroko paga dauka astero. Horrez gain, 20 euro mobilerako eta beste 20 familiak utzitako autoaren gasolinarako: «Poz-pozik nago soldatarekin», azaldu du irribarrez: «Hiru ume zaintzen ditut, baina ama etxean bizi da. Ezin du lanik egin osasun arazoak direla-eta. Beraz, txofer lanak egiten ditut batez ere: eskolara daramatzat, eskolaz kanpoko jardueretara... ama bera ere supermerkatura edo medikura eramaten dut behar duenean».

Loteria. Au pairra izateko ezaugarriak familiaren beharren araberakoak dira, baina eskakizunek izaera sexista izaten jarraitzen dute. De la Casak gero eta mutil au pair gehiago daudela dio, «baina, hala ere, gutxienekoak dira». Sierrak bere esperientzia kontatzen du: «Aupairworlden familia gehienek neskak nahi dituzte. Nire kasuan, esaterako, lagun batekin erregistratu nintzen (laguna mutila zen), eta ezaugarri berberak jarri genituen. Datuak betetzean, webguneak bateragarritasun testa egiten du atzerriko familiekin. Bada, ezaugarri berdinekin mutilak hiru familia zituen eta nik 250». Edonola ere, Sierrak egoera aldatzen ari dela uste du: «Au pair bezala lanean ari den mutil bat ezagutzen dut eta aipatu zidan ez zitzaiola batere kostatu familia topatzea». «Entzun ditudan istorioen arabera –dio Quintanak–, uste dut mutilek neskek baino tratu hobea jasotzen dutela. Badirudi neska izateak gehiago garbitu behar duzula esan nahi duela edota amatasun zigilua daramagula inplizituki».

Au pairrak lurralde berrira inolako segurtasunik gabe iristen dira sarri, Skype bidez eginiko elkarrizketa baten ondoren. «Elkarrizketa horietan zer egin beharko duzun, jasoko duzun paga zein izango den eta ordutegiaren nondik norakoak azaltzen dizkizute. Baina azkenean, loteria bezalakoa da, ez baituzu modurik beraiek adosturikoa frogatzeko», argitu du Sierrak. Erandioztarrak zorte itzela izan duela uste du: «Ez daukat inolako kexarik. Nire familiak adosturikoa betetzen du, baina badira kontrako kasuak ere. Hala ere, nahiz eta adosturikoa bete, inoiz ez duzu izango kontratu legal batek emango dizun segurtasunik. Ezagutzen dut egun batetik bestera kalean utzi zuten mutil au pair bat. Gurasoak banatu egin ziren eta senarrak ez zuen nahi bere seme-alabak mutil batek zaindu zitzan. Kalean geratu zen». «Azken batean, kontraturik ez dagoenez, era honetako gauzak gertatu daitezke. Alde horretatik, ez daukagu inolako segurtasunik eta egin dezakegun gauza bakarra bertan egin ditugun lagunen artean laguntza bilatzea da», aipatu du Quintanak. «Hemen egonik erraza da familiaz aldatzea. Beraz, esplotazio egoera bizitzen ari den au pairrik egotekotan, nire gomendioa hurrengoa da: etxea uztea. Beldurrik ez izatea. Lurralde ezezagunera duela gutxi heldu badira eta lagunik izan ezean, sare sozialetatik laguntza bilatzea. Bertan erraztasunez topa daitezke familiak, baina batez ere beste neska askoren laguntza eta gomendioak. Azken batean, horretara etorri gara denak hona», gomendatu du leioaztarrak.

Irlandan oso ohikoa da familiek au pairrak izatea. Gaur egun, landetxetan bereziki au pair bikoteak dituzte: «Ezagutzen dudan neska baten etxean hamabost au pair igaro dira bera baino lehen», adierazi du Quintanak. Azken batean, mota honetako lana betidaniko nanny-en alternatiba merkea da. «Ni heldu baino lehen, etxe honetan nanny batek lan egiten zuen», dio Andreak. «Ez da batere arraroa: gu barne langileak gara eta merkeago lan egiten dugu. Beraiei kontratua eta asegurua egin behar diete eta euren lan esparrua umeen zainketara mugatzen da», azaldu du.

Gauza batean ados daude au pair denak: lan egiten duten tokian bizitzea zaila da. «Batzuetan, egunaren bukaera heltzen da eta logela berean jarraitzen dut, haurrekin. Lanetik aisialdira igarotzea zeharo zaila da», dio Quintanak. Baina, aldi berean, aitortzen dute familiek euren ordutegiak asko errespetatzen dituztela: «Lanaldia bukatu delarik amak umeekin jolasean ikusten banau, zera esaten dit: ‘Andrea, nahi bezain beste jolastu haiekin, baina ez zaitez umeak aldatzeaz kezkatu’», aipatzen du Sierrak. Horrez gain, Quintanak dio lan hau hilabeteetan zehar burutzea astuna egiten zaiola: «Aldatzea gustatuko litzaidake, baina hemendik jarraituko dut. Oraindik ez dut etxera itzultzeko gogorik. Hiru hilabeteetan bukatuko dut lan hau, eta orduan beste lanen bat bilatuko dut, denbora arin pasatu zaidan arren asebeteta nagoelako. Esperientzia ondo dago lehen kontaktu bezala, batez ere ingelesa ez badakizu, baina betiko geratzea ez du merezi, ez ditu hainbeste aukera ematen».

Ingelesa eta independentzia irabazi. Hala eta guztiz ere, esperientzia asko positiboak eta aberasgarriak dira. Au pairrek diote euren egonaldiak on egiten diela, bereziki ingelesa ikasteko: «Hizkuntzan murgiltzeko modu itzelaz gain, irakasle onenak zaintzen dituzun ume horiek direla konturatzen zara», aipatu du leioaztarrak. «Heldu nintzenean –gaineratu du– momentu oro zuzentzen ninduten, eta, orain, ‘Zein ondo hitz egiten duzun!’, esaten didate. Hasiera batean, erosketak egiten arazoak nituen, baina gaur egun telefonoz ere inolako arazorik gabe egin dezaket».

Familia batzuek ingelesezko ikastaroekin laguntzen diete gazteei. Quintanaren kasua da hori. Familiak ikastaro erdia ordaintzen dio, baina, hala ere, uste du klasera joatea ez dela Irlandan bizitza egitea bezain garrantzitsua: «Ikastaroa Bilbon egin dezaket. Garrantzitsuena eguneroko bizitza bertan egitea da eta irlandarrekin harremanetan egotea. Esaeraren bat entzuten dudan bakoitzean buruz ikasten saiatzen naiz, ondoren beste egoera batean praktikan jartzeko. Benetan ikasi dut horrela», aitortu du.

«Esperientziaren alderik onena da hazi egiten zarela ikusten duzula, beldurra galduz. Horrek autoestimua sendotzen du. Hasiera batean kalean esaten zidatena ez nuen batere ulertzen eta autobusa hartzeak lotsa ematen zidan. Baina, egun batean, urrun bizi den lagun bat bisitatzera joan nintzenean jende guztiarekin hitz egiteko gai izan nintzen eta zerbait aldatu zela sentitu nuen. Zoragarria izan zen. Asko ikasi dut eta ez bakarrik hizkuntzagatik. Esperientzia honek bestelako gauzei balioa ematera bultzatu nau. Beste pertsonekin elkarbizitza gogorra egiten da hasieran, batez ere atzerrian izanda. Baina gustura egonda, gainerakoak ez dauka hainbesteko garrantzirik», azaldu du Quintanak. Sierrak eta De la Casak gehien baloratzen dutena independentzia da: «Hemen zeure kabuz bizi behar duzu, ez dago beste aukerarik. Batzuetan zaila egiten da, zure ingurunea eta jendea faltan hartzen duzulako, baina...».

Gauzak horrela, neskek esperientzia gogoz gomendatzen dute, balio erantsi batekin betiere: «Garrantzitsuena gauzak aldez aurretik argi uztea da, eta beldurrik ez izatea bertara joateko edota adostutakoa eta bertan aurkitutakoa gauza bera ez bada alde egiteko» laburbildu du Quintanak. «Ez da lan idealena, ezta baloratuena ere –jarraitu du–, baina irtenbide erraza da eta bere abantailak ditu. Egia esan, ez dut uste nire etorkizuneko lanerako lagunduko didanik, baina ingelesaz gain, pertsona bezala garatzeko izugarri lagundu dit esperientzia honek». Iritzi berekoa da Sierra: «Dudarik gabe errepikatuko nuke. Dagoeneko uste dut urtebete gehiago emango dudala bertan».