Egutegia
Auskalo! Agian dagoeneko badakigu Espainian berriz hauteskundeak egingo ote diren edo igual, uste guztien kontra, in extremis esaten zaiona, akordioren bat lortua egon liteke gaurko. Are gehiago: agian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak noiz izango diren ere jakin genezake. Izan ere, mundua hain azkar dabilen honetan, egun batetik bestera aldatzen dira gauzak. Urkullu lehendakariak Jaurlaritzan 1.000. eguna bete zuela gogoratzeko bere gobernukide eta goi karguekin egindako bileran, oraindik ere lan asko zegoela egiteko esan zuen, legealdiari geratzen zaizkion urrira artekoak lanerako zirela gogoratuz, baina hogeita lau ordu baino gutxiago pasatu zirenerako, ekainaren 26a aipatzen ari zen aukeren artean, ezer baztertu gabe. Argudio zenbait eman zituen hauteskundeak egun berean tokatuko balira ere. Alde eta kontrako iritzi ugari entzun eta irakurri ditugu egun hauetan, kazetari, politologo, tankera guztietako aditu eta tertuliakideen aldetik eta baita gainerako alderdi politikoen aldetik ere, euren hauteskunde makina olioztatuagoa egon edo gutxiago egon, eta Espainiarekiko gertuago ala urrunago egon.
Aukera ez da inozentea izango, eta, normala den bezala, hauteskundeak deitu behar dituenak bereari begiratuko dio, eta deitzen dituenerako bere makinak lanean hasteko prest izango ditu. Baina lehia elektorala alde batera utzita, herritar batzuen nekea eta nagia gaindituz, hauteskunde hauek oso une garrantzitsu batean datoz eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarron artean alderdiek datozen urte hauetarako euren agendan zer idatzi duten, zer proposatzen duten, zer betetzeko gogoz datozen jakitea garrantzitsua izango da.
ETAk bere jarduera armatua utzi eta ondorengo lehen hauteskundeak izan ziren aurrekoak. Beste lau urte historiaren perspektiban ez dira asko, baina, hala ere, lau urte hauetan gauza asko aldatu dira geure panorama politikoan.
Nafarroan, beste gobernu bat dago indarrean; Iparraldean erakunde bakarraren aldeko iritzia nagusitzen ari da; eta, gainerako hiru lurraldeetan, protagonista berriak batu dira urte luzez ohikoa izan denera. Gainera, Gasteizko ganberan bi lan batzorde interesgarrik apenas emaitzarik gabe euren lanak ia amaitutzat eman dituzte, bakea eta bizikidetza eta autogobernuari buruzkoaz ari naiz. Herri askotan galdera bat egingo dute, ñabardurak ñabardura, erabakitzeko eskubideaz; behin eta berriro galdetzen digute independentziaz, abertzaletasunaz, gora ala behera ote doan peskizan edo.
Herri honek krisi ekonomiko handi bat bizi izan du eta bizi du. Herri honi ia oharkabean kendu zaizkio, Ibarretxek bere momentuan esan zuen bezala, baita «funtzionarioen ordutegiak erabakitzeko eskumenak» ere eta, azkenengoa bakarrik aipatzeagatik, beka sistema dago errekurrituta jardunean dagoen eta parlamentuaren kontrola onartzen ez duen Gobernu espainiarraren aldetik.
Egutegian bi hauteskunde data agertzea mesedegarria izango litzateke, Euskal Herriko kontuak argi uzteko eta ez Espainiako anabasan nahastu eta beti bezala galtzeko.

María Clauss pone rostro y voz a los represaliados en la Guerra del 36

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

«El capitalismo ha acabado con el campesinado, último reducto de autonomía frente al consumismo»

La alcachofa no es un micrófono
