Jon Benito
landareekiko lilura

Koloreak adina erabilpen

Maiatzaren 18an Landareekin Liluratzeko Eguna ospatzen da, landareei urtero egiten zaien omenaldia, gure bizitzan eta planetaren osasunean duten garrantzia aldarrikatzeko.

Duela 450 milioi urte inguru itsasertzeko alga talde bat uretatik kanpo bizitzera moldatzen hasi zen itsasbeherako tarteetan. Apurka-apurka, eta haien material genetikoan izandako mutazioei esker, idortasunarekiko erresistentzia handitu eta lehorra konkistatzeko aurrelari bihurtu ziren; goroldioen antza zuten eta gaurko landare guztien aurrekariak izan ziren. Harrezkero, izaki berde horiek erabat aldatu dute Lurra eta bizitza oparoko leku miresgarri bilakatu dute gure planeta.

Botanikariek 400.000 espezie inguru identifikatu dituzte, goroldio xumeetan hasita eta orkidea sofistikatuetan amaituta. Eta esan beharra dago arrakasta itzela izan dutela, Antartikako basamortu izoztuak eta itsas hondoa izan ezik (argirik eza muga gaindiezina da), gainerako habitat guztiak menperatu baitituzte.

Horien aniztasunaren seinale dira zifra bitxi hauek: landarerik txikienak, ur-dilista batek, milimetro erdiko diametroa du; zuhaitzik garaiena, Hyperion izena duen sekuoia kaliforniar bat, 115,5 m luze da; lorerik handiena, hilotz lore izenekoa, Sumatrako oihanean bizi da eta 2,7 m altu da; zuhaitzik urtetsuena Suediako lurretan bizi den izei bakarti bat da; bere enborrak 600 urte ditu, baina bere sustraiak duela 9.950 urte jaio ziren. Zifra harrigarriak, liluragarriak.

Horien garrantzia ez da mugatzen gizakiok ateratzen diegun etekinera. Izan ere, izakien %99 baino gehiagok arnasteko behar duten oxigenoa isurtzen dute atmosferara eta karbono dioxidoa (buruhauste handia sortzen digun berotegi gas ezaguna) xurgatzen dute, beroketa globala motelduz. Gainera, biziaren euskarria den lurzoru emankorra babesten dute euri-jasetatik eta milioika organismori eskaintzen diete janaria eta aterpea. Motibo horiek nahikoak dira berez liluragarriak izateko.

Ikuspegi antropozentriko batetik, landareak ezinbestekoak zaizkigu, gure elikadura oinarria baitira. Izan ere, 45 espezie dira gizateriaren sostengua eta horietako lau (arroza, artoa, garia eta patata), horiek soilik, kontsumitzen dugun energiaren %60ren arduradunak dira. Baina botanikarien kalkuluen arabera, horien %20 jangarriak dira; hau da, 80.000 espezie inguru munduan –Euskal Herrikoak 600 bat izango lirateke kontuan hartuta gure lurraldean 3.000 espezie bizi direla gutxi gorabehera–. Horietako ugari ezezagunak zaizkigu eta beste asko mundu osoan sakabanatutako herrixka eta tribuetan kontsumitzen dira. Tamalez, baliteke inoiz ez iristea landare-gastroteka hori ezagutzera, globalizazioa elikatzeko ohituren aldaketa eta homogeneizazioa ekartzen ari delako.

Etnobotanika, iraganera bidaia. Elikaduran duten garrantziaz gain, landareen erabilpenak zenbatezinak dira eta horretaz arduratzen da etnobotanika.

Arlo horretan sendabelarrak gailentzen dira. Horietako askoren eraginkortasuna zalantzan jartzekoa bada ere eta beste batzuen balioa sintesiko botikek ordeztu badute ere, ezin da ukatu horien garrantzi etnologikoa. Zerrenda oparoa da: basailena, zauriak orbaintzeko; menda-belarra, digestiorako; elorri zuria, bihotzerako; eztulerako, azeri-buztana eta balio anitzeko berbena-belarra, ia denetarako. Gure baserrietan irauten duen tradizioa da, aldarrikatu behar den gure kultura-ondarearen atal nabarmena.

Ehunak tindatzeko ere erabili dira. Tindagai-landare izena dute eta horien estraktuen artean intxaurrondoaren nogalina edo intxaur-tindua, haritzen kuku-sagarretako taninoak eta xirindolen tindu horiak daude; azken hauei erratz ere esaten zaie, erraztatzeko ere erabiltzen baitira.

Ehungintzan, halaber, estimu handikoak izan dira batzuk. Espartzua, adibidez, otzarak edo espartinak egiteko erabili da, eta lihoa, oihalak egiteko; biak landatu dira Euskal Herrian XX mendera arte. Lihoaren inguruan, gainera, aipatzekoa da emakumeen protagonismoa. Lan gogorra arintzeko, gauetan korroan jesartzen ziren lihoa lantzeko, tartean barre ugari egin eta esamesak botatzen zituztela. Sorgin afariak esaten zieten batzar horiei, pintzelkada alaitsua bizimodu latzean.

Leku gazietan bizi diren espezie bakan batzuk xaboia egiteko erabili dira. Paduretako salikornien kasua da; landareak erre ondoren horien errautsekin xaboia eta beira egiteko soda lortzen zen.

Bitxia da ere ahuntzadarra, karezko harkaitz eta harritzetan ezkutatuta bizi den zuhaixka. Bere zukutik trementina lortzen zen, agoarras naturala. Eta jakina, ezin da falta zurezko artisautzaren aipamen bat. Okertu gabe esan daiteke gure lurreko zuhaitz edo zuhaixka bakoitzetik piezaren bat lortu dutela gure arbasoek: zumezko eta hurrondozko otzarak, ezpelezko mahai-tresnak (txirulak egiteko erabiltzen da ere gaur egun), haltza txalapartak egiteko, urkizko kaikuak, txilarrezko erratzak...

Etorkizuneko landareak. Berrikuntza teknologikoek ahalbidetu egin dute landareetatik ekoizkin eta zerbitzu berriak lortzea, adibidez botika modernoak. Harritzekoa da Arabako eta Nafarroako lurretan opio-belarraren laborantzak ikustea –aipatu beharra dago laborantza horiek legeria hertsi baten menpe daudela–; horietatik erauzten dira botika opiazeo eraginkorrak, hala nola morfina eta kodeina. Kuku-praka ederretik bihotzaren gaitzetan erabiltzen den digitoxina lortzen da, eta haginetik, gure zuhaitz mitologiko eta bakartitik, taxola, minbiziaren kontrako goi mailako sendagaia. Botanikariek diotenez, ez dugu ezagutzen landareen %90en osaketa kimikoa eta milioi bat substantzia identifikatu gabe egon daitezkeela susmatzen dute. Altxor farmakologiko ikaragarri horretan baliteke hiesa, malaria eta minbizi mota batzuk senda ditzaketenak egotea.

Etengabe ikertzen ari den beste arlo bat bioerregaiena da, petrolioaren deribatuen hautabide bat. Laborantza energetikoetan espezie anitz landatzen dira, hala nola paisaia horiz margotzen duten ekilorea eta koltza, biak biodiesela ekoizteko; edo bioetanola, artoan dagoen almidoiaren edo erremolatxak dituen azukreen hartziduraz lortzen dena. Gauza bera egin daiteke frantses patatarekin, tuberkulu jangarriak dituen landare iparramerikarra. Zoritxarrez, ekilorearen senide hori ibaien ertzetan finkatu eta espezie inbaditzaile bihurtu da sarritan.

Hala ere, laborantza energetikoetan landatzen diren espezie batzuk gizakiontzako eta abereentzako janaria dira eta gerta daiteke ekoizleek uztaren zati handi bat merkatu energetikora desbideratzea; horrek, jakina, jangai horien murrizketa eta garestitzea ekar ditzake, arazo larria eskualde batzuetan.

Arrazoi horregatik bigarren belaunaldiko laborantzak garatzen ari dira. Horietan nekazaritza edo baso hondarrez baliatu nahi dute, edo lur idor eta antzuetan haz daitezkeen eta jatekoak ez diren espezieak erabili, jatrofa izeneko zuhaixka amerikarra eta oliotan aberatsa dena, kasu. Aipatutako salikornia ere lur gazietan landatu nahi dute bere aterakinekin biodiesela egiteko.

Estrategia horrekin baliteke murriztea oihan tropikalaren deforestazioa eragiten ari diren olio-palmondoaren monolaborantzak, ingurumen arazo larria Indonesian edo Malasian, besteak beste.

Beste erabilpen interesgarri bat bioerremediazioa da, hau da, uretako edo lurzoruko kutsatzaileak ezabatzea. Landare batzuk gai dira substantzia kaltegarriak xurgatzeko eta beren barruan metatzeko, ingurua garbituz. Gaitasun hori duten 400 espezie inguru ezagutzen dira, horien artean ekilorea, Txernobylen (Ukraina) landatu zena lurreko zesio 137 (isotopo erradioaktibo bat) ezabatzeko; Fukushimako zentral nuklearrean (Japonia) ere erabiltzen ari da motibo beragatik. Makalek nikela eta zinka erauzten dute, eta sahatsek, kromoa eta merkurioa, guztiak metal astun kaltegarriak. Uretako landare batzuez baliatzen ari dira ere hondakin-urak iragazteko. Ur-dilistak, igebelarrak eta ur-hiazintoak (bere jatorritik kanpo landare inbaditzaile oso arriskutusua den belarra) dira espezie eraginkor batzuk.

Omenaldi xume honetan ezin dira falta algak; landareak ez izan arren, zeregin berbera betetzen dute ozeano eta ibaietan. Mikroskopiotik itsasoko ur-tanta bat behatuko bagenu, izaki ñimiño haritsu, adarkatu edo esferikoen collage ederra ikusiko genuke.

Fitoplanktona da, organismo urtar guztien elikagai-oinarria eta atmosferako karbono dioxidoaren xurgatzaile gorena fotosintesiari esker. Itsasertzeko makroalgetatik, bestalde, produktu asko lortzen ditugu: agar izenekoa, adibidez, jakien lodigarritzat, kosmetikan edo laborategietan bakterioen hazkundeak egiteko lehengai estimatua da; beste batzuekin ongarriak eta pentsu-irinak egiten dira eta, jakina, badaude gutizia preziatu bihurtu direnak mundu mailako gastronomian.

Zorionekoak gara landareez inguratuta bizitzeagatik; lorategietan, baratzeetan, basoetan, belardietan, izaki berdeen mosaiko paregabea gure eskura. Egun batez, behingoz, miresmenez begira diezaiekegu.