Maider Eizmendi
euskal lutheria eskola

zizelekin sortutako musika

Egurra lantzen ikasi behar dute, baita sortzen dituzten instrumentuen doinuak fintzen ere. Bilboko Euskal Lutheria Eskolan tradizioan oinarritutako ofizioa ikasi nahi duten ikasle mordoa elkartzen da, afizioa hori baino gehiago izan dadin lortu nahian.

Eurek instrumentuak osatzeko baliatzen duten pazientzia eta goxotasun berarekin joko dituzten musikarien esku artera irits daitezen. Horixe Bilboko Euskal Lutheria Eskolan (Bele) ikasten ari diren ikasleen nahia. Denbora luzea ematen dute egur zati handi bat hartu eta landuaren landuaz soinu gozoz jotzeko gai den instrumentua amaitu bitartean, horregatik inor hura jotzen ikusteak sortzen dien sentimendua deskribatzeko ezin dute hitzik topatu ia. «Erabat beteta sentitzen zara nolabait, sentimendu nahaspila bat da. Egin nuen lehen instrumentua jo zuten lehen aldian, beldurrez nengoen ia beste inork hartu bezain laster puskatuko ote zen; zorionez ez zen halakorik gertatu», dio Agustin Lucenak barrezka. Hirugarren urtea amaitu du Cadizko gazteak eta ikasgai bakan batzuk gainditu bezain laster luthier gisara bideak zabaltzeari ekingo dio.

Ordura arte, musika kontserbatorioetako ikasleek euren sorkuntzarekin zer-nolako doinuak sortzen dituzten gozatzeko aukera izango dute luthier berriek; izan ere, sinatu berri den akordio bati esker, 20 musika tresna –14 biolin eta 6 biola– utziko dituzte Beleko ikasleek musika eskola eta kontserbatorioetako ikasleen esku. Akordioa begi onez ikusi du Ander Arroitajauregi irakasleak: «Ikasleek ikasketa prozesuan instrumentuak sortzen dituzte eta musikariek instrumentuak behar dituzte; musika ikasten duten ikasleentzat nahiz gure eskolan ikasten ari direnentzat, bientzat da mesedegarri, beraz, akordio hau». Orain arte ere musika ikasleekin elkarlanean aritu direla kontatu du, besteak beste, kontserbatorioan izorratutako instrumentuak konpontzen aritu direlako, «azken batean ondo-ondoan» daude. Izan ere, Jesus Alonso fisikariak sortu eta aurten 30 urte bete dituen lutheria eskola Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga musika kontserbatorioko sotoan dago kokatuta.

Ikasgeletako atea zabaldu eta iluntasuna da arreta deitzen duen lehen gauza. Giroa ilun dago, lan eremua argi biziko lanparatxoekin soilik argiztatzen dute eta. Egurra lantzeko tresneria, itsasteko kolak, azken ukituak emateko bernizak... Presarik gabe pasatzen da denbora bertan, hara eta hona dabiltzan irakasleak zalantzak argitzen dituzten bitartean. Haietako bat da Arroitajauregi eibartarra. Haurra zenetik musikari lotua bera ere, flauta ikasketak egin zituen instrumentugintzan sakondu aurretik. Eskolak ematen dituen lekuan bertan jaso zituen orain urte batzuk harizko instrumentuak egiteko lehen jakintzak eta atzerrian ikasketak zabalduta, garai barrokoko instrumentuetan espezializatu zen. Jaioterrian bertan zabaldu zuen instrumentugintza eta konponketarako tailerra, irakasle lanetan Belen hasi aurretik. Lehen eskutik ezagutzen ditu, beraz, ikasleek izan ditzaketen grina eta ezinegonak, bai eta ofizio honetan aurrera egin nahi bada, gainditu beharreko zailtasunak ere.

Musika eta artisautza elkartuta. Hasiberriaren irrika sumatzen da oraindik Rocio Escribanoren hitzetan. Ciudad Realen jaioa, berak dioen moduan, jakina zen «musikari lotutako zerbaitetan amaituko» zuela. Biolontxelo ikasketak egin ditu; orain haiek jo ez ezik sortzeko trebeziak ere lantzen ari da. Neska bakarra bere ikasturtean, oinarrizko tresneria erabiltzen ikasi behar izan du aurten, batez ere. Lehen urte honetan ikasleek biolin bat egin behar izaten dute –bigarren mailan biola eta hirugarrenean biolontxeloa egin behar izaten dituzte–. «Biolina egiten duzu bai, baina hori baino gehiago, tresneria erabiltzen ikastea da gakoa», dio. Izan ere, egur lanketan eskarmentu handirik gabe iritsi zen eskolara. «Postura ikasi behar da, tresna bakoitzari zein modutan heldu eta nola erabili; baina begia ere zorroztu behar da, oraindik egin gabe dagoen instrumentu hori ikusten ikasi behar duzu», azaldu du Escribanok.

Lucenari biolontxeloa egitea egokitu zaio aurten. Ikasgai gutxi batzuk gainditzea baino ez zaio falta irakasleen babesa utzi eta lan merkatura gerturatzeko. Escribanok ez bezala, Lucenak ez du oso argi zerk ekarri zuen eskola honetara: «Gitarra jo dut, baina ez dut inoiz musika ikasketarik jaso; musika-irakasle ikasketak hasi nituen, baina ez nuen irakasteko bokaziorik... Atzera begira jarrita konturatu naiz, musikara gerturatzeko ahaleginak egin ditudala beti eta orain topatu dudala horretarako bidea», aipatu du, erabakia hartzera eraman zuen gertaera barrezka kontatzen duen bitartean: «Gitarra izorratu zitzaidan eta konpontzeko dirurik ez nuenez, ni egiten ahalegindu nintzen. Hura konpontzen ari nintzela erabaki nuen luthier izan nahi nuela, nire eskuekin biolin bat inoiz ere ukitu gabea izan arren».

Gero eta gehiago zabaltzen den mundua. Ordutik urte batzuk igaro dira eta pixkanaka ofizioa ulertzen eta maitatzen ikasi du, «bere burua beste ezer egiten ez imajinatzeraino». Ikasgeletako babesa utziko du laster, baina argi du ikasten jarraitu beharko duela. «Ikasketak hasi nituenean amaitzen nuenean nire tailerra irekitzea nuen buruan. Ikasten zoazen neurrian luthierren mundua gero eta zabalagoa dela konturatzen zara. Hemendik irten eta benetan ofizioan aurrera egin nahi baduzu, ikasten jarraitu behar duzu norbaitekin; izan ere, hau ez da instrumentu bat sortu eta kitto. Ofizioa ekonomizatzeaz gainera, bere sakontasun guztian ulertu nahi baduzu, ikasten jarraitu behar duzu, instrumentuak irizpide historikoarekin egiteko adibidez».

Izena egitea eta bezeroen konfiantza lortzea ere ezinbestekoa da, «azken batean beren instrumentu kuttuna» uzten dute-eta euren eskuetan. «Ni musikaria izan naiz eta badakit zure instrumentua ezezagun baten eskuetan uztea ez dela erraza. Nik badakit nire lana ondo egitera iritsi behar dudala, musikariak nabaritu egingo duelako nik instrumentuan egiten dudan edozein aldaketa; niri gertatu izan zait, izan ere», onartu du Escribanok.

Asko aurreratu da tresneria alorrean batez ere, besteak beste, arbasturako Autocad programaz baliatzeko aukera dutelako orain edota soinu probak egiteko baliabide aurreratuagoak dituztelako, baina oinarrian ofizioaren funtsa bere horretan mantentzen da; artisau lana da bete-betean. Beste alorretan bezalaxe, moda kontuek ere gidatzen dute instrumentuen azken itxura, ikasleek eta Arroitajauregik azaldu dutenez. «Zahar itxura ematea eskatzen dute bezero batzuek; eta hori dela eta apropos puskatu eta pegatu izan da tresnaren zati bat», kontatu dute bitxikeria moduan, esku artean dituzten instrumentuak milimetroz milimetroz zizelkatzen dituzten bitartean.

Ofizioak aurrera egingo duen ez dute zalantzarik, maila batean aritzen diren musikariek nahi dituztelako euren tamainara egindako instrumentuak. «Orkestra ezagunetan ari diren musikariek izena duten luthierrek egindako instrumentuak erabiltzen dituzte, hoberenek garai batean eta ospe handiko luthierrek egindakoak; eta, noski, euren neurrira egindako instrumentuak bilatzen dituzte musikan aurrera egiten ari direnek».

Eskola ere gero eta osasun hobearekin ari dela uste dute. Orain hiru urte ikasketa programa osatua jarri zuen martxan eta bere txikitasunean erreferentzia bilakatzen ari da. Euskal Herriko eta estatu espainoleko ikasleak gerturatu dira orain arte, baina datorren ikasturtean bertan estatutik kanpoko lehen ikaslea izango dute eskolan. Halaber, bertako ikasleak atzerriko eskoletan esperientzia zabal dezaten lanean ari dira ikastetxean, txikitasuna galdu gabe, mundura zabaltzeko.