IRUDITAN

Gazako haurren jolasak

Ez gaitezen engaina, munduko haur askok muturreko egoerak pairatzen dituzte: ikasketarik gabe, lanean esklabotza egoeran, sexu esplotazioaren menpe, gudara bidalita... Gureak, delako «lehen mundukoak», irudi bortitz horretan salbuespen ditugu. Irudiotan azaltzen direnak palestinarrak dira. Datu bat: Gazako blokeoan gatibu dauden 1,8 milioi biztanleen erdiak haurrak dira. Irudiko hauek jostailuzko armekin ari dira, munduko edozein tokitako haurrak bezala –oso pedagogikoa ez dirudien arren, nork ez du pistola batekin jolastu?–. Baina, zoritxarrez, hauek oso gertutik ezagutzen dituzte arma horien eraginak. Sortzen zaizkigun galderen artean, bat nagusi: beraiekin topo egin duena argazkilaria izan beharrean, Israelgo Armada izan balitz zer gertatuko zitzaiekeen? Orain dela bi urte Gazako hondartzan hil zituzten lau haurrak futbol baloi batekin baino ez ziren ari...