Amaia Ereñaga
zuriak eta beltzak jotakoak

trikitia joaz eta panderoa astinduz egin zuten historia

Diotenez, ez omen baitago guztiz argi, XIX. mendearen bukaeran trenbidea egitera etorri ziren Alpeetako langileen bidez iritsi zen gurera akordeoi diatonikoa. Arina zen, txikia eta edozein lekutara erraz eramateko modukoa. Trikitia edo soinu txikia berehala bihurtu zen erromeria eta festetako «infernuko hauspoa». Eta horren isla, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu duen “Zuriak eta beltzak jotakoak” izeneko argazki-liburua, non joan zaigun mende baten erretratua marrazten baita.

Ezezagunak, 60ko hamarkada.  Akordeoi diatonikoari buruzko lehen datu idatzia 1889. urtekoa da. Juan Carlos Guerrak Urkiolako erromerian kokatzen du «novísimo acordeón» edo «akordeoi diatoniko berri bat» deitzen duena. Orkestra txiki bat eskaintzen zuen instrumentu bakarrean eta berehala baserri giroan gelditu zen erroturik. Hirietan txistulari eta atabalariak aritzen ziren –udalek ordaintzen zieten–, trikitia mendialdeko erromerietan errotu zen bitartean.

Manuel Sodupe «Gelatxo» (Elgoibar, 1888-1953) handia. Elgoibarko Gelatxo baserrian jaioa, hortik datorkio ezizena. Gipuzkoako aldean behintzat, gerra bitartean, soinu-jotzailerik sonatuena izan zen Gelatxo. Panderoarekin bere emazte Juliana Esnaolak (1892-1974) laguntzen zion gehienetan. Dohain aparta omen zuen piezak moldatzen ez ezik, inprobisatzen ere, sortzaile handia zen seinale. Irudia 1945. urtekoa da.

Zaldibia, 1957. Dantzan, Anttoni eta Luis Tapia; trikitia jotzen, Juanito Tapia. Soinu txikiari lotutako saga bat da tapiatarrena: Juanito eta Eleuterio, beste anai bat, trikitilari ospetsuak izan ziren eta haien iloba, Joseba Tapia (Lasarte, 1964), soinu txikia molde berrietara egokitu duen aitzindaria da. Tapia eta Leturia taldean, Tapia eta Leturia Band-en zein bakarkako ibilbidean, tradizioa eta modernitatearen arteko oreka lortu du Joseba Tapiak. 

1942ko irudi honetan Jazinto Rivas «Elgeta» (1906-1964) maisu eta aitzindaria, bi ikasle aurreratuen artean: Faustino Azpiazu «Sakabi» eta Antonio Aranaga «Auntxa». Elgetako Intxuzabal baserrikoek umezurtz-etxetik jaso zuten Jazinto eta, euskal gizartean erabat integratua, bohemioa eta sozialista, trikiti modernoaren aitzindaria izan zen bizitza latza izan zuen gizon hau. Instrumentuaren goialdean bi botoi gehiago jartzea bururatu zitzaion –munduan diren guztien artean gure soinu txikia bereizten du horrek– eta era berean trikitilari mitikoen maisua izan zen, hala nola Sakabirena (1916-1995). Trikitilari lasturtarrak Joxe Mari Urkola «Egañazpi» zestoarrarekin gerraostean antolatu zen lehenengo txapelketa, 1970ekoa, irabazi zuen. Zenbait disko ere grabatu zituen, bat Columbia etxearekin. Eta Auntxa urrestillarrari (1910-2001) dagokionez, hamarkadetan Miguel Arregi «Iturbide» pandero-jotzailearekin batera Euskal Herriko erromeria eta jai gehienak alaitu zituen. Auntxa bera zen jotzen zituen piezen egilea, gerora trikitilari gehienek ikasi dituztenak. Asko euskal kantagintza modernora pasatu dira.

Azpeitia, 1947. Manuel Sodupe «Gelatxo»-ri egindako omenaldia. Atzean: Leandro Unzeta, Joxe Manuel Aranbarri «Madarixa Txikia», Boni Arregi «Iturbide», Inaxio Goenaga «Arbe», Mario Serrano, Miguel Arregi «Iturbide», Bittor Gurrutxaga «Otola». Aurrean: Faustino Azpiazu «Sakabi», Kandido Beristain, Patxi Arregi «Iturbide», Gelatxo bera, Joxe Mari Arregi «Iturbide» eta Antonio Aranaga «Auntxa».

70eko hamarkadako erromeria bat, Bergaran. Mikrofonoa eskuetan daukana Ramon Zubizarreta «Landakanda» pandero-jotzailea  da –Laja eta Landakanda bikote ospetsuaren «erdia»– eta trikitia jotzen ari dena Tomas Zubizarreta «Zendoia» azkoitiarra (1930-2015).

Irudi ikoniko bat: Zarautz, 1975ean. Panderoan Ramon Zubizarreta «Landakanda», ondoan, Manuel Arrizabalaga «Izer», Tomas eta Miguel Zubizarreta «Zendoia», Joxe Mari Soraluze «Epelde», Bittor Gurrutxaga «Otola» eta Boni Arregi «Iturbide». Lehen pandero-jotzaileak emakumeak izan omen ziren eta ba omen zen ohitura bitxi bat, emakume panderista horietariko batzuek senargaiaren irudia marrazten baitzuten panderoan.

Ezkerretik eskuinera, Kepa Arrizabalaga pandero-jotzaile gatikarra –Tomas «Sitze» mitikoaren semea–, Rufino Arrola mungiar soinu-jotzailea eta, askoren ustez, Bizkaiko trikiti tradizionalaren «errege» izan dena, eta Eusebio Rueda. Irudia Donostian hartuta dago, 90eko hamarkadan.

Primi Erostarbe (1907-1995) Balda-rekin 60ko hamarkadako irudi batean. Oñatin jaiotako emakume hau pandero-jotzaile eta irrintzilari ezagunenetakoa izan zen, bere garaiko trikitilari ia guztiekin herriz herri jo zuelarik.  Bere irrintzia «berde»  xamarra zenez, «amona berde» deitzen omen zioten.

Azpeitia 1960ko hamarkadaren hasieran. Trikitia dantzari loturik ezagutu dugu betidanik, dantza solteari nahiz lotuari. Irudian, Elosiagako Arbe baserritik sortutako leinuko partaide batzuk, horien artean Julian eta Jabier Goenaga. Baserriko izenarekin ezagutuak ziren denak, eta soinu txikia jotzeaz gain, dultzaineroak ere baziren.

Kepa Junkera panderoarekin, Iñaki Zabaleta eta Imanol Urkizu 80ko hamarkadan. 1987an kaleratu zuten hain justu «Kepa, Zabaleta eta Motriku» diskoa, non sumatzen hasi ziren trikitiaren garai berriak. Kepa Junkera euskal musikak gaur egun duen musikaririk emankorrenetarikoa dela esan daiteke. 

 

Titulua:
“Zuriak eta beltzak jotakoak”.
Egilea:
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea.
Orrialdeak: 193.
Salneurria: 20 euro. Euskal Herriko Trikitixa Elkartean,  Elkarren eta Tirikitrauki dendan dago salgai.