Afrodita «bodiumean»
Abenduetan hiltzen dira Laboak, Leteak, eta urteak. Niri tristura eman zidan Laboa hiltzeak, pena Lete hiltzeak, eta halako ezinegon bat sortzen dit urteak hiltzeak ere, urtero. Aurtengoa ere azkenetan da. Oso zimurtuta ikusten diot egutegia.
Mikel Laboa handia bizitzak begi ertzak harramazkatuta gogoratzen dut, begi urdinak izan zituenaren begi grisekin, ezpain ertzak beherantz, ahots atenporalez. Xabier Lete ilea artikoki urdinduta eta eskuak mundurantz gogortuta zituela gorde dut garuneko albumean. Fidel Castro ere ikusi dut zahartzen, Kuba utopiaren kartografian kokatu zuenak azalaren mapan eraman du bere zahartografia. Plaza hesituago topatu dute emakumeek, elektrifikatuago, eta gainera, gutxi ikusi ditut jendaurrean zahartzen. Lurdes Iriondo ez zen zahartu, Angela Davis karteletan gazte inprimatzen dugu eta urtebete izango da Inaxi Etxaberen izena ikasi nuela. Bizi-itxaropen luzeagoa omen dugu, baina zailagoa da emakume zahartzea.
Edertasun kanonak begiz txalo nori jo erabakitzeko ekuazio matematikoak baino ez dira, arauak, legeak, zenbakiak. Simetria omen da horietan objektiboenetarikoa –nik nahiago dut eskubikoa baino gehiago altxatzen den ezkerreko ezpain ertzaren asimetria–. Moda, kosmetiko eta beste edozein estandarizazioren mesedetan dauden kodeak baino ez dira kanonak. Probalekuetan sobratzen zaigun eta geurea ez balitz bezala begiratzen diogun izter zatiak, edo haragitik bularretakoaren betegarrira falta zaigun haragi puskak zimurtzen digu depilatutako bekain artea edo bere burua aurkitu ezinik dabilen kopeta kremifikatua. Eguneroko trauma txikiak baino ez. Txokolatezko opilen begirada oldarkorrak, plater ertzean lagin bezala utzitako hiru patata frijituak, eta jendaurrean kamisetapetik haragirik nabarmendu ez dadin egiten diren apnea ariketa sozialak. Edo tentazio zaporerik gabeko sagarrak, ordu txikitan hustutako hozkailuak, eta barrua husteko psikologo lana egiten duten komunzuloak. Komunzuloko uretan botaka egiteak paradoxikoki badu Narzisoren fabularekin antzekotasunik, nahiz hondoan kontrakoa dagoen.
Bizitza osoa pasa genezake jantzita ez daramagun gorputz baten bila. Edurne Zuriren konplexuarekin, ispiluari galdezka, etengabeko onarpen bila. Gorputzak zatikatzen diren iragarkietan, gorputzak ordenatzen eta saritzen diren aldizkarietan, azaletan azala jartzen. Podiumak ez, «bodiumak» sortzen. Erabili eta bota, ikusi eta bota, ikusgarria ez denean bota, gorde, eta erabilgarritasuna ukatu. Kasualitatez jakin dut Afroditak –edertasunaren jainkosak– grekozko aphros hitza daramala barrenean. Aphros aparra da. Afrodita aparra da.

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas
