Ura Iturralde
Muralismoa

ARTEA GURE KALEETAN

Paretak koloreztatzen dituzte eta horiekin batera auzoak. Kaleko artea lekua hartzen ari da Euskal Herriko makina bat herritan eta muralismoaren inguruan sortu diren jaialdi eta ekimenak ere ugaritu dira. Egileak arduratuta daude, ordea. Auzoak eraldatu nahi dituzte euren lanekin, baina bertako bizilagunen ongizaterako izatea nahi dute; tamalez, ez da beti horrela izaten.

gara-2017-01-11-Reportaje

Urteak igaro ahala hainbat txokotako hormak eraldatuz doaz, koloreztatuz, apainduz… Aurretik paretak besterik ez zirenak artelan bilakatuak dira egun. Kaleak berpiztu dira hala, txoko ilunak argiztatu, esanahia hartu dute lehen hutsik, zaharkituta, zeuden horma, kale eta auzoek, bizilagun eta, orokorrean, herritar guztien gozamenerako. Muralismoak indar handia hartu du Euskal Herrian azkenaldion eta gure herriko kaleetan zehar oinez buelta bat ematea besterik ez dago horma-irudiak gero eta ugariagoak direla ohartzeko.

Ez hori bakarrik. Gero eta ekimen gehiago egiten dira muralismoa bultzatzeko eta, era berean, alor honetan ari diren sortzaileei etxean bertan aukera bat emateko. Horrenbestez, Euskal Herrian bertan muralismo-ibilbide bat egin daiteke Tolosatik abiatu eta, esaterako, Beasain, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Uharte bisitatuta.

Tolosan bertako nahiz atzerriko sortzaileen lan ugari aurki daitezke, askotarikoak bisualki. Herri honetan izaten da urtero ekainaren amaieran Beantatuz Nazioarteko Kale Arte Jaialdia, orain urte batzuk herriko artista talde batek sortu zuen ekimena. Urteetan Tolosako grafiti erakusketa soilik izan zenak 2010. urteaz geroztik “Beantatuz” izenaren aterkipean, tamaina handiko muralak marraztean eta kalearen eraldatzean du muina. Jaialdi honi esker, Tolosak bere kaleetan zituen horma erabilgarriak artelan bihurtu dira, auzoak aldatu baino zenbait espazio guztiz berpizteraino. Antolatzaileek gustuko dituzten artistak gonbidatzen dituzte horien lana gertutik ikusteko, nola lan egiten duten teknikoki eta Euskal Herritik kanpora duten bizipen artistikoa nolakoa den ezagutzeko.

Horrela, etxeko artistek eta tolosarrek beste errealitate bat ezagutzeko aukera dute eta bisitan datozenek, berriz, Gipuzkoako herriaren egunerokotasunean murgiltzekoa: elkarteetan afaltzen dute, merkatuak ezagutzen dituzte… Eta agian garrantzitsuena dena, denboran iraungo duen lana herriko horman marraztua uzten dute.

Nahiz eta halako jaialdirik espresuki ez antolatu, Beasainek baditu herriko artistek, banaka edota elkarlanean, egindako mural interesgarriak eta, hori dela eta, muralismoari buruz aritzean ezinbestekoa da herri honi dagokion tartea ematea.

Gauza bera gertatzen da Uharten, erreferente bilakatu baita, adituen esanetan. Famatu egin da herrian egiten den Cantamañanas Nazioarteko Kale Arte Jaialdia. Jabier Landa Corte koordinatzaile duela, jaialdia 2004. urtean jaio zen. Sortu zenetik lagun arteko bilera gisa egin da, espraiaren erabilera sustatuz. Artistek beren lanak gauzatzen dituzten bitartean rap kontzertuak eta breakdance ikuskizunak egiten dira. Hamahiru urte daramatzate jada Nafarroako herri honetan egitasmo hau burutzen, eta denbora honetan guztian bertako nahiz atzerriko artistek formatu handiko horma-irudi ikusgarriak margotu dituzte. Hala, ia ez dago herrian margotu gabeko txokorik. Landa proiektu berri batean murgilduta dabil egun, FAC3S project deritzona eta hiru herri lotzen dituena: Uharte, Burlata eta Atarrabia. Horietako bakoitzean tamaina handiko horma-irudi bana margotu dituzte, zenbait herritarren aurpegiak marraztuta.

Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, Gasteiz eta Bilbo nabarmentzen dira. Gasteiz, hain zuzen, «hiri margotu» ezizenaz ere ezagutzen da. Kontaezinak dira hiriak dituen formatu handiko horma-irudiak. Guztiak ezagutu ahal izateko, IMVG izenpean, horma-irudien ibilbidea osatua dute. Izen bereko taldea 2007an sortu zen artelan publikoen ekoizpena eta sortzaile berrien lana sustatzeko. Auzokideen partaidetza ere indartu nahi dute eta horretarako euren auzoetan osatzen ari diren horma-irudietan aktiboki parte hartzeko aukera ematen zaie.

«Hiri margotua» zabaltzen. Egun, bisita gidatuak antolatzen dira margotutako hormak ikusi eta horietan marraztutakoak duen esanahia jendeari helarazteko. Ibilbide hau hasiera batean Gasteizko Alde Zaharrera mugatzen zen, baina egun eremua zabaldu dute eta Zaramaga auzoraino iristen da. Bertan, izan ere, bada horma-irudi hunkigarri bat, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen hil zituzten langile grebalarien eta gertaeretan zaurituen omenezkoa. Herritarrek hala eskatuta, marraztu zuen IMVG taldeak orain dela urte batzuk. Zaramaga auzoan bada beste bitxikeria bat, bertan baitago aurreneko horma-irudi erliebeduna, migrazioa gai duena.

Bilbok hiri-muralismoaren nazioarteko erreferente bihurtu nahi du, mundu osoan ospetsuak diren artistek kalitate handiz eginiko lanak baitaude bertan. Horretarako, Udalak nazioarteko horma-arte publikoaren lehen katalogoa argitaratu berri du. Bertan biltzen dira Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako paretetan kokaturiko hogei bat lan. Bilboko Udalak SC Gallery + Art Management galeriaren eta Baut (Bilbao Arte Urbano Tours) enpresaren laguntza izan du liburua kaleratzeko. Horretaz gain, urtarrilaren 28ra arte bisita gidatuen programa bat dute abian herritar guztientzat dohainik. Bilboko fatxadak koloreztatzen dituzten lanak ez omen dira Berlin, Londres edo Bruselakoak baino eskasagoak, adituen esanetan, eta era askotako estilo eta gaiak lantzen dituzte. Era berean, hiriak badu urtero egiten den kale arte jaialdia, BLV Art izenekoa. Udaleko Kultura Sailak antolatuta, kulturaren bitartez San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak birgaitzea da helburua.

Donostian ez da Gasteizen eta Bilbon adina lan, baina Donostia 2016 proiektuaren ekimenez aurten “Hormek diote” egitasmoa burutu da. Arte eta teknologia bidezko interakzioa batzen dituen esku hartzea da eta Donostian, Pasaian eta Errenterian atzerriko nahiz bertako artistek egindako lanetan du oinarria.

Beste leku batzuetan bezainbesteko garapenik izan ez badu ere, baditugu Euskal Herrian kalitate handiko horma-irudiak, nazioarteko kale arte jaialdiak, artearen bitartez berpizturiko auzoak, erabilgarri bihurtu diren espazio zaharkituak… eta joerak aurrera egingo duela dirudi, baina noraino? Eta zer ekarriko du?

Gentrifikazioari lotuta sarri. Kale artea, zoritxarrez, herritarrentzat hain onuragarria ez den prozesu bati lotua agertu da sarri, gentrifikazioari lotua, alegia. Baztertutako auzoak erdi mailako edo gizarte maila altuko auzo bilakatzeko prozesuari esaten zaio gentrifikazio. Bertan bizi izan diren auzokideak baztertuta sentitzen dira eta, egoera berriari eusteko aukerarik ez dutenez, auzoa utzi beste erremediorik ez dute izaten. Hala, gentrifikazioaren bitartez auzo xumeak ia-ia luxuzko auzo bilakatzen dira eta sarri kale artea izaten da prozesu horri bidea irekitzen diona.

Adibide argiena Ameriketako Estatu Batuetan aurki genezake, Miami hirian zehazki. Bertako auzo batek Wynwood izenekoak, izugarrizko eraldaketa jasan du azken urteotan. Auzo xume izatetik hiriko auzo ospetsuena izatera igaro da. Etxebizitzen prezioa asko garestitu da, bizitza mailak ere pareko gorakada izan du eta betidanik auzokide izan direnek alde egin behar izan dute. 70 arte galeria ireki dituzte, artista eta sortzaile ospetsuenak bertan bizi dira eta hiriak munduko kale arte erakusketarik garrantzitsuenetarikoa eraikitzea lortu du. Antzera gertatu da New Yorkeko Brooklyn auzoan, Clerkenwell-en (Londres), Pigneto-n (Erroma) Palermon (Buenos Aires)...

Estatu espainolean ere bada halako adibiderik, Madril, Bartzelona eta Malagan, esaterako. Madrilen adibide nagusiak Chueca eta Malasaña auzoak dira. Lehenengoa erreferente bihurtu da gentrifikazioari lotuta. 80ko hamarkadan auzoa hiriburuaren erdigunean kokaturiko «zulo beltza» zen, delinkuentzia eta droga mendekotasunari lotua. Urteak igaro eta LGTB komunitatea bertara gerturatzen joan zen eta pixkanaka, alokairuen prezioak merkeak zirenez, gero eta gazte jende gehiago finkatu zen Chuecan. Horrela, prezioek gora egin zuten eta ondorioz pixkanaka bertan bizi ziren auzokideek alde egitea beste erremediorik ez zuten izan. Gaur egun Chueca Madrilgo modako auzoetako bat da. Malasañari, berriz, «auzo hipsterra» esaten zaio. Bertan bizi dira gaur egun Madrilgo artista eta sortzaile garrantzitsuenak. Bertan egiten da Pinta Malasaña grafitiaren inguruko jaialdia eta ehunka dira auzora gerturatzen diren artistak. Era berean, etxebizitzen prezioak asko garestitu dira azken urteetan. Betiko auzokideen esanetan, Malasañak aspaldian galdu zuen auzo gisa zituen sustraiak.

Bartzelonan, gentrifikazioari lotuta, Borne auzoaren bilakaera da nabarmenena. Bertan arte galeriak ireki dira, negozio berriak, ekimen berrien bitartez auzoko Street Art ibilbideak turismoa erakarri du bertara eta urte gutxitan Borne erabat eraldatzea lortu da. Hori bai, etxebizitzak %262 garestitu dira, Bartzelonako gainontzeko auzoetan baino dezente gehiago.

Malagan, “Malagako Sohoa” izenaz ezaguna den auzoa da beste gentrifikazio adibide bat. Udalak ekimen pribatuko proiektu bat sustatu, bultzatu eta finantzatu du hirigune historikoko zabalgunean, portuaren ondoan. 2011. urteaz geroztik MAUS enpresak kudeatzen du proiektu hau, genero desberdinetako esku-hartzeentzako erakargune bilakatu dena. Gainera, nazioartean sona handia duten hiri-artistak gonbidatu dituzte mural handiak marraztera, Obey eta D*Face taldeak esaterako, nahiz eta horrek tokia kendu dien tokiko sortzaileei.

Euskal Herrian oraindik ez da halako adibiderik, baina lan horietan ari diren artistak arduratuta agertzen dira. Ez dute artea auzotarren kalterako izan dadin nahi. Auzoko kale ilunak argizta ditzan nahi dute, kale arte jaialdiek herritarrak batu ditzatela, arteak elkarlana sustatzeko balio dezala, koloreztatu ditzala zaharkituriko paretak auzotarren onurarako... Eta noski, ez dadila artea gentrifikazioaren erreminta bilakatu.