2017/03/26

Erreportajea
mendi mitikoari begirada
Gorbeia, hurbildu eta urrea bildu

Euskal Herriko txoko askotatik ikusten da Gorbeia. Bizkai eta Arabako gailur garaiena da: belartsua, eta urrundik ikusita, mendi soila, laua, biluzia. Muino apalaren mozorroak, ordea, dozenaka toki ikusgarri eta altxor gordetzen ditu. 20.000 hektareako Natur Parkean nahi beste altxor topa daitezke. Izan erpin zorrotzak, leizeak, ur-jauzi handiak, zuhaizti itxiak edo urtegiak. Eta nola ez, gizakiaren jardunak utzitako arrastoak: arkitektura, kultura, gastronomia... eta bertako jendea. Gorbeiak harrapatu egiten du bisitaria, eta bueltatzeko konpromisoa hartzen duenean bakarrik askatu.

Andoni Urbistondo
948_gorb_itxina

Batzuentzat mendi soila da Gorbeia. Araba eta Bizkaiko garaiena, 1.481 metrorekin. Gailurrean 17 metroko metalezko gurutze ez oso estetikoa duena. Mendi belartsuak maite dituztenak ere ez dira gutxi, baina ez pentsa, Gorbeiak, mendebalde-ekialde, eta ipar-hego, gailurrak berak ez dituen erpin zorrotzak, zuhaizti itxiak, haran zabalak, ur-jauziak eta mendikate polit eta aberatsenek eduki ohi dituzten osagai guztiak ditu. 20.000 hektareako eremu ikaragarria da Gorbeia Natur Parkea (20.000 futbol zelai, ulertze aldera). Bizkai hegoaldeko eta Araba iparreko zati handi bat hartzen du eta, noski, EAEko handiena da. 1994ko ekainean izendatu zuten natur parke. Araban Zuia, Zigoitia eta Urkabustaiz udalerrietako lurretan barrena hedatzen da eta Bizkaian Areatza, Artea, Zeanuri eta Orozkoko eremuetan, besteak beste.

Gorbeia, Lekanda, Aldamin, Itxina, Pagomakurre, Arraba... izen ezagunak dira, noizbait Gorbeiaren ingurumarian ibili direnentzat. Baina ezagutzen al dituzte Goiuriko ur-jauzia, Mairuelegorretako kobazuloa, Oroko santutegia, Uribarri Ganboa eta Urrunagako urtegiak, Ollerietako Buztingintza Museoa, Aramaio eta abar? Ziur asko, ez. Dibulgazio lan hori egiten du Gorbeia Gune Turistikoak, www.gorbeiaeuskadi.com webgunearen bitartez, beste ekimen batzuen artean. Bi probintzietako elkarte erakundeak –Arabako Gorbeialdeko Kuadrillak eta Bizkaiko Gorbeialde Landa Garapenerako Elkarteak, hain zuzen ere– elkarlanean ari dira inguru horretako turismoa bultzatzeko, hainbat lurraldetako administrazioen arteko lankidetzaren adibide dena. Bi probintzia, hamaika herri eta helburu bakarra: Gorbeialdeko landa gunean bizi diren herritarren bizi baldintzak hobetzea, hainbat ekimenen bidez. Horietako bat, eta garrantzitsuenetakoa, jendea eskualdera erakartzea, bertakoei beste bizibide bat emateko.

Sinestea ere zaila da Gorbeiak suposatzen duen oasia. Izan ere, Gasteiztik 20 minutura dago eta Bilbo Handitik ere, ordu erdiko tarte eskasera. Milioi bat pasa lagunentzat esku-eskura dagoen lasaitasun eremu ikaragarria da. Sinestea ere kosta egiten da zenbat gauza, zenbat aktibitate egin daitezkeen gune honetan. Jakina, eta logikoena ere bada, arrakasta handiena duen jarduera Gorbeia mendiko gailurrera iristea da, baina hara askotan igo denarentzat, edo besterik gabe, mendia baino, inguruko tradizioak, kultura, etnografia eta beste ezagutu nahi dituenarentzat ere eskaintza aberats-aberatsa da. Hainbesteraino, ezen aktibitate pare bat hautatzea zail bihurtzen baita.

Demagun oinez gehiegi ibiltzeko asmorik ez daukazula. Menua oparoa da. Mendiko botak jantzi gabe hainbat museo ezagut daitezke. Sarriako Interpretazio Zentrotik hastea onena. Bizkai aldean bazabiltza, ikusteko moduko bi jauregi daude, Orozkon eta Ugaon: Legorburu eta Jane, hurrenez hurren. Barruan museo etnografiko dotoreak daude.

Demagun arkitektura, herri txikiak dituzula gustuko, baina ez dakizula nondik hasi. Gorbeia Gune Turistikoak hainbat bisita gidatu antolatzen ditu, bisitariaren erosotasunerako.

 

Hain gertu, hain urruti. Asier Alvarez de Arkaia ibilia da jardun horretan. 15 urte atzera hasi zen: «Arte historialaria naiz, eta bisita gidatuetako graduondoko bat daukat. Gorbeialdeko Kuadrillari (Araban eskualdeei kuadrilla esaten zaie) inguruneko herriekin halako ekomuseo bat sortzeko proposamena egin nien, non bertako baserri, dorretxe, etnografia, errota, eliza, karobi eta besteren inguruko informazioa jasoko zen». Ondarea izugarria dela dio Alvarez de Arkaiak, eta eman zuen pausoa helburu jakin batekin egin zuen: «Gasteizko jendea erakartzea, autoz 15 minutu bakarrik baitaude hiriburura». Proiektua onartu zuten, «eta ibilbide bereziak antolatzen hasi ginen: erromanikoaren bidea, gastronomia, eztiaren ekoizpena...».

Asteburuetan herri batzuetan barrena ibilbide bat egiten hasi ziren: Murgia, Goiuri, Aramaio eta Legutio, hain zuzen ere. «Herri horietako historiaren berri ematen zen, besteak beste oinaztar eta ganboatarrek izan zituzten borrokak», dio Alvarez de Arkaiak. Proiektua garatu egin zen poliki-poliki: «Neurrian egiten saiatu gara hasieratik, herrietako jendeari deserosotasunik ez eragiteko asmoz».

Hiruzpalau urte pasatu ziren, eta lan egiteko modua aldatu zuten. «Egun, bailarako begirale pare bat arduratzen dira bisitariei gure txoko honetako berri emateaz. Historialariak dira biak, bata Aramaiokoa, eta bestea Beluntzakoa. Toki batean jendea jasotzen da, eta autoetan herri jakin batzuetako ibilbidea egiten da. Bizkai aldeko herrietara bisitak ere antolatzen dira». Jende asko hurbiltzen ote den galdetuta, honatx erantzuna: «Neurrian etortzen da. Konparazioa ulertzeko, hau ez da Arabako Errioxa, jende mordoa bertaratzen dena. Hona askoz jende gutxiago etortzen da, baina gure erronka horiek euren etxera kontent bueltatzea da».

Gasteizko jendeak eskatzen du bisita gidatu hauen zerbitzua: «Eskualdekoek ere bai, inguruko herrietako kontuak ezagutzeko gogoa duten herritarrek». Eta atzerriko jendea? Etortzen al da? «Bai, Kataluniatik-eta jende dezente etortzen da, astebete-edo Euskal Herrira etortzen dena, eta kultura edo historia-turismoarekin zerikusia duen ororekin interesa duena».

Jendeak gustuko omen du herri txiki ezezagunak ezagutzea. Olano herriaren kasua aipatzen du Alvarez de Arkaiak. «Toki berezia da, mendialdean galduta dago, baina 1200 urteko eliza erromanikoa dauka, eta bataiarri ikusgarria. Erromaniko estilokoa da, baina erromaniko herrikoia, eliza baserri baten tankerakoa da, eta erretaula ere XV. mendekoa da». Horiek bisitariari erakutsi, eta harridura aurpegia jartzen omen dute, oso kontu bitxiak direlako. «Gero, Nafarroako erregeek diruz lagundutako eraikinak direla esaten diezu, eta aho bete hortz geratzen dira». Gidariek ere gustura erakusten dituzte: «Gugandik gertu ditugun altxorrak jendearen begietara edo belarrietara eramatea baita gure motibaziorik onena».

Asebete ez denak beste aukera asko ditu. Gauez egiten den safaria, adibidez. Bi orduko paseoan Murua edo Saldropo hezegunetik Gorbeiaren bihotzera sartu, eta mendiak gau ilunean ze itxura daukan erakusten dute (info@inguruabentura.com). Bizikleta hartu eta Uribarri Ganboa urtegian barrena ibiltzea ere txarra ez.

Artzain egun batez. Gorbeia landa eremua da. Larreetan, neguko elurra lurmentzen denean, ehunka ardi ibiltzen dira bazka bila. Eta artzainak haien bizkar, zaintzan, ardiak jetzi eta gazta egiteko. Artzaintzaz bizi izan da urte luzez Jose Maria Olabarria Iturbe Rubio, Orozkoko Urigoiti auzokoa. Itxinako azken artzaina omen, inork ez baitio segidarik emango bere jardunari. 80 urte ditu, dagoeneko, eta mende erdia baino gehiago egin du Itxina azpiko larreetan. Batzuetan bordan, eguraldi gaiztoarekin. Azken urteetan Urigoiti auzoko etxearen epelean. Berarekin topo eginez gero, zur eta lur geratzeko moduko txutxu-mutxuak kontatzen ditu.

Artzainaren egunerokoaren berri zehatz jakiteko, Aramaioko Oleta auzora joatea onena. Han bizi da Maider Unda, orain dela gutxi arte borrokalaria zen kirolaria eta, besteren artean, Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazitakoa. Etxean dauzka urteetan irabazitako hainbat domina eta trofeo, baina erretiroa hartuta, gaztagile bilakatu da, gurasoek aspaldi hasitako bideari jarraipena emanda. Gorbeiako beste altxorretako bat da Atxeta gaztandegia. Erraz ulertzeko moduan azaltzen du Undak bere bizitzak izan duen aldaketa: «Gurasoak jubilatu egin ziren, eta nik hartu dut gaztandegia aurrera eramateko ardura. Orain arte ezin nion bete-betean heldu, borroka munduan murgilduta nengoelako, baina behin kirola utzita, ba denbora gehiago dut etxeko negozio hori lantzeko».

Bisita gidatuen zeregina gaztagintzaren egunerokoaren beste osagai bat da. Undak gazta egiteko duten tokia atondu zuen, «eta hori da etortzen diren bisitariei erakusten dieguna. Gazta ekoizpena, antolaketa eta beste nola egiten den azaltzen zaie». Ardiak dauden korta batera ere joaten dira, ardiek belarra nola jaten duten-eta ikus dezaten, eta artzain-txakurrek ardiekin nola lan egiten duten ere ikus dezakete bisitariek. «Hori egin ondoren, halako gazta dastaketa bat egiten dugu gaztandegian, gazta probatzeko aukera izan dezaten». Urtarriletik abuztura egiten dira bisitak Aramaion, «abuztutik aurrera ardiak mendietako larreetan ibiltzen direlako».

Euskal Herriko eta kanpoko jendea joaten da Undaren gaztandegira. «Kanpokoa, batez ere, jaiegun asko daudenean: Aste Santuan, adibidez». Kirolari ohiaren motibazioa, hauxe: «Jendeak gure lana, gure egunerokoa ezagutzea garrantzitsua da guretzat. Ikus dezatela ez dugula tranparik egiten, ardiak hor daudela, hiri handietako umeek ere ikus dezatela esnea eta gazta nondik datozen... Baserrira gerturatzea gure errealitatea erakustea da, ez garela fabrika huts bat, paisaia mantentzen, naturarekiko konpromisoa daukagula erakusten saiatzen gara». Bere ustez, baserritarrak izan du halako irudi txarra, «jende zikina, itxia zela, eta gu hori hala ez dela erakusten saiatzen gara, profesionalak garela, bai, baina gauzak natural egiten ditugula eta dagoeneko urte asko daramatzagula jardun horretan».

Gazta, eztia, garagardoa... Maider Undak Idiazabal gazta dastatzeko aukera ematen die bertaratzen diren bisitariei, baina noski, ez da bakarra. Gazta ekoizten duten beste dozena bat ekoizle badaude, gutxienez, Gorbeian. Sagardoa ere ekoizten da, Aramaion. Eztiak ere garrantzi handia dauka. Erletxe txikietan ekoizten da, eta dozena bat ekoizle badaude bi isurialdeetan. Mendi inguruak, berez, ez dira garagardoa ekoizteko toki aproposak, baina Gorbeian eskuz ekoitzitako garagardoa egiten da. Baias Garagardotegiak garagardoa nola ekoizten duten azaltzen du, ze produktu erabiltzen dituzten, prozesu osoa, eta noski, eskuz egindako produktu hori dastatzeko aukera ere ematen du (Oiardo, Urkabustaiz).

Gazta eta eztia dastatu eta garagardoa edan ostean tripa-zorriak apaldu ez badituzu, Gorbeia Natur Parkeko bisita bukatzeko aukera aproposa ematen du “Gorbeia esperientziak” delako ekimenak. Afari eder baten eta astronomia saio baten arteko nahasketa bitxia. Afaria aurrez zehaztu gabeko toki batean antolatzen da, argi-kutsadura urriko txokoren batean, bisitariak zeru iluneko izar eta konstelazioak hobeto ikusteko aukera izan dezan.

Zeru garbia topatzen baldin badu, oroitzapenak ezin hobeak izango dira. Bueltatzen lagunduko duten oroitzapenak. 20.000 hektareako Natur Parkea, gailur belartsu baten altxor ezkutuak. Milaka bizipen, eta eskualdea hobeto ezagutzeko dozenaka pizgarri. Horixe da Gorbeia. Urrunetik soil, leun ikusten den mendia, baina bertaratu eta urrea biltzen laguntzen duena.

Informazio gehiago, www.gorbeiaeuskadi.com eta Gorbeialdeko Kuadrillako turismo bulegoan (Bea Murgia plaza, Murgia. Araba. 945 43 04 40 telefonoa). Apple Store-n eta Play Store-n eskuragai dagoen turismo-aplikazioan dohainik, jatetxe, ostatu, agenda… Gorbeia osorik poltsikoan eramateko aukera. Beste helbide garrantzitsu bat: Euskal Buztingintza Museoa (www.euskalzeramika.com/eu ).