GALDER PEREZ
IRITZIA

«Ziberoko Egünaria»

Memoria txarrekoa naizenez, ingurukoei galdetu diet ea gogoan duten Kazetaritza fakultatean “Ziberoko Egünaria”-ren gaineko aipurik. Eta susmoa bete da: inork ez du Zuberoako aldizkari honen gaineko apunteak hartu izanaren oroitzapenik. Beharbada kazetari lagunarte hau oso memoria alferrekoa delako, ados. Gaurkoan, baina, letra larriz idatzi nahi den memoria hori astintzea da xedea. “Ziberoko Egünaria” 1887. eta 1914. urteen artean argitaratu zen aldizkaria da. Existitzeari utzi eta 103 urte beranduago, hilabete honetan hain justu, Sü Azia elkarteak liburu batean aldizkari honen zenbait artikulu atera berri ditu, jatorrizko idatziak eta zuberera batuaz. Eskertzekoa zalantzarik gabe elkarte honen lana, iaz “Euskara batua-Züberera hiztegi ttipia” liburuxkarekin egin bezala.

Duela mende eta erdi “Ziberoko Egünaria”-n idatziriko zenbait artikulu gaur egun irakurtzea memoria jolasa baino askoz gehiago da. Herri gisa egun bizi ditugun kezkak, zalantzak, erronkak, nahiak, porrotak, beldurrak eta desioak hein handi batean berdintsu bizi zituzten, esate baterako, hizkuntzarekin. Bearnoko gizon jakintsu batek (bere izenik ez da aipatzen) ederki azaltzen zuen euskaldunok nola uzten diogun lekua frantsesari eta espainolari (duela mende eta erdi, kasu!). Horri gehitu zion euskaldunok izatearen oroimena galduko genuela laster, euskalduntasuna alegia, eta hizkuntzaz gain, gal genezakeela izana bera ere. Antzekoa da maila askotan gaur egungo kezka.

Egia da “Ziberoko Egünaria” kristautasunaren eta tradizionalismoaren defendatzaile sutsua zela, xurien aldekoek argitaratutakoa: gaur egun ikara ematen duten familia tradizional horren defendatzaile amorratuak. Bekatariez ere gustura jarduten zuten; ostatuen kontra, esate baterako, deabruaren lekuak baitira ostatuak... Kazeta kontserbadorearen arabera, gazteengandik urrun mantendu beharreko infernuak. Entzun hau, ona da benetan: «Bide bazterrean ürrats güziez kasik ostatü bat ikusten duenari, ikusteak berak emaiten dio egarri». (Okerrena da gaur egungo Maulen hala gertatzen zaigula manexoi, ostaturen bat irekita badago, barrura, birritan pentsatu gabe!).

Garai zahar bateko Euskal Herriko xokorik ederrena gogoratzeko baino, Euskal Herri (oso) baten memoriaz aritzeko balio du “Ziberoko Egünaria”-k gaur. Zeresanik ez kazetaritza arloari begiratuz gero. Bere horretan ere ederki zaharberritzen zuen kazetaritza, laminen alegiak sartuz herrien berri emateko, adibidez, edota iritzia plazaratzeko antzerki testuak argitaratuaz. Memoriak badu orain gordetzeko beste zerbait, lekutxoa egiten badiogu, eta itsukeriak zein gorreriak akabatzen ez gaituzten bitartean. Izan, bagarelako, baina ez gara ikusteko kapaz. Eta esan, badiogu, baina gu geu ez gara kantua entzuteko gai. Laminak dira eta, Zuberoako erreketan galdurik, aspaldi ari zaizkigu deika.