2017/10/15

Erreportajea
 
Altzoko Handiaren arrastoari segika

Zinemaren magiari esker, Altzoko Handia Euskal Herri osoan eta gure mugetatik kanpo ere ezaguna egingo da. Haren bizitzak, pozek eta tristurek, herri txiki baten memoria kolektibotik pantaila handira jauzi egin dute. Guk kontrako ibilbidea egin nahi izan dugu, Migel Handiak Altzon utzitako arrastoari segitu nahi izan baitiogu, benetako Migel nor eta nolakoa izan zen jakiteko eta «Handia» pelikulak Gipuzkoako txoko honetan zer-nolako eragina izango ote duen aurreikusi nahian.

Gotzon Aranburu
977_altzo07

Altzora iristen den bisitariak eliza, udaletxea eta plaza topatuko ditu autoa aparkatu bezain pronto. Taberna ere behar luke, baina itxita dago gaur egun. Aurreko jabeek, urte luzez lan asko egin eta gero, erretiroa hartu zuten, eta ez dute segidarik izan. Motza geratzen da ba tabernarik gabeko herria… «Bai, ahaleginak egiten ari gara berriro irekitzeko. Udalak erosi egin du eraikina, eta denda, taberna-jatetxea eta turismo bulegoa egin nahi ditugu bertan. Dagoeneko lortu dugun diru laguntzarekin lanean hasteko moduan gara», diosku Joseba Elduaien alkateak.

Hemendik gutxira beteko dira 200 urte Migel Joakin Eleizegi Ateaga jaio zela, 1818ko uztailaren 10ean ikusi baitzuen argia lehenengo aldiz, Ipintza Zahar baserrian. Zutik dago egun baserria, baina hutsik. Inguruko sailetan lanean topatu dugu Jose Manuel Unsain Elizegi, Altzoko Handiaren ondorengoa. Hain zuzen ere, bere amaren birraitonaren anaia zen Migel Joakin. «Bai, etxe honetan jaioa naiz ni, Haundie [hala esaten diote eskualde honetan] jaio zen ohe berean», esan digu.

Baserriko atetik metro gutxira, hormigoizko erliebe batean irudikatuta dago Altzoko Handia. Juanito Lopek egin zuen eskultura 1968an, eta nahiz eta ez den iristen Migel ailegatu omen zen 2,42 metroko garaierara, oso gizon handia izan zela ikusteko nahikoa eta gehiegi bada. Janzten zituen abarken erreprodukzioa ere egin zuen Lopek, eta hemen ikusten dugu “42 cm” inskripzioarekin. Ezin ukatu Migelen ezaugarri fisikoak bereziki deigarriak direna, esaterako, 203 kilo izatera iritsi omen zela, edota 33 zentimetroko eskularruak erabiltzen zituela. Egunean hogei litro sagardotik gora edaten zuela ere esaten dute. Egia ote? Joan eta jakin.

Gigantismoa zeukala garbi dago, eta munduko gizonik garaienetakoa izan zela ere bai. Baina exajeraziorako joera nabarmena izan zen bere garaiko marrazkietan. Izan ere, ikuskizun bihurtu zuten Migel, eta jendearen arreta pizteko publizitateak ez zuen izaten, nonbait, exajeratzeko erreparo handirik. Esate baterako, 1884ko Madrilgo “El inventario” aldizkarian azaldutako marrazkian, begira dituen pertsona helduen halako bi edo altuagoa da.

500 meza hiltzerakoan. Altzon barrena txangoa hasten badugu, ordea, ikusi ahal izango dugu Handiaren benetako neurria. Izan ere, pilotalekuaren eta eskolaren artean dagoen plazatxoan jarritako estatuak zen bezalakoa irudikatzen du Migel Joakin. Eta haren ondoan jartzea nahikoa da benetan “gigantea” izan zela ondorioztatzeko. Deitu ere hala deitzen baitzioten garai batean, “gigantea”. Horrela du gogoan Pilar Unsain Elizegik, lehenago aipatutako Jose Manuelen arreba denak eta, beraz, Migel Handiaren ondorengoa.

Altzo Azpiko Segoretxe izeneko harrizko eta zurezko etxe ederrean hartu gaitu Pilarrek. Familian ez omen zen asko aipatzen Migel Joakin; izan zela bai, amaren aldetikoa zela familiaz, kanpoan dezente ibilitakoa zela… eta oso handia zela. Baina aparteko garrantzirik eman gabe. Azken batean, 1861ean hil zen erraldoia eta ordudanik euri asko egin du Altzon. «Nik zer esango dizut ba. Gutxi hitz egiten genuen etxean Migel Joakinen inguruan. Hori bai, askotan gose izaten zela esaten ziguten, baina ez dakit ba nik, dirua egin zuela ere adituta nago. Pentsa, Frantzian, Ingalaterran… zenbat tokitan ibili zen, edo ibili zuten. Hasieran, berea ez zen gurdi deseroso batean erabiltzen zuten, baina azkenerako bazituen bere gurdi propioa eta idiak, batetik bestera ibiltzeko. Anaia bati diru dezente eman omen zion, eta hiltzerakoan 500 meza utzi zituen ordainduta. Ez zait iruditzen bere garaiko Altzon baserritar askok aukera hori izango zutenik…», diosku Pilarrek.

Segoretxetik bi pausora hasten da “Handiaren ibilbidea”, Salbatore elizan. Migel Joakin Eleizegiren bizitzaren berri izan nahi duen edozeini aukera aparta ematen diote ibilbide honetako panelek, plakek, eskulturek eta eraikinek. Koldo Izagirre idazleak eta Juanba Berasategi sortzaileak bildutako eta prestatutako era guztietako informazioa jaso dute paneletan. Datu horietako asko eta asko ezezagunak ziren herrian, baina Izagirrek egindako ikerketa eta bilketa lanari esker orain guztion betaurrean daude, euskaraz. Gainera, QR kode bat dute panelek eta horien bitartez testuak beste lau hizkuntzotan jaso daitezke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta katalanez. Baina ekin diezaiogun ibilbideari hasieratik.

«Ipuzcoa» hitza. Salbatore eliza hau ez da edozein eliza. “Ipuzcoa” (egungo Gipuzkoa) hitza historian lehendabiziko aldiz eliza honi lotuta azaltzen da. Ipuzcoako seniorra zen Garcia Azenarizek eta bere emazte Gailak, 1025. urtean, San Juan de la Peñako monasterioari dohaintzan eman zioten Salbatore. Bada dohaintza dokumentu hartan idatzi zen lehenengoz “Ipuzcoa” hitza. Eta hementxe bataiatu zuten, zortziehun urte geroago, Migel Joakin, bederatzi anai-arreben arteko laugarrena. Eta hazten hasi zenean, harritutako lagunek eliza honetako hormetan neurtzen zuten Migel. Orandik ere ikusten dira neurketaren arrastoak. Harrizko plaka batean hau jartzen du: «2,40 metro zan lucian eta 184 kilo pisuan, 23 urte zituenean».

Loading player...

Bigarren geldialdia Ipintza baserrian egingo dugu. Hemen lehen aipatutako erliebea topatuko dugu, sagar arbolaren pean, baita Izagirre-Berasategik ondutako paneletako bat ere. “Handia” pelikulan azaltzen da erraldoiaren jaiotetxea, baina ez da benetakoa, ez da Altzoko Ipintza hau, baizik eta Beizamako Lete baserria. Izan ere, Jon Garaño zuzendariak azaldu duenez, Ipintza berrituta dago eta gaur egun ez du filmaren arduradunek bilatzen zuten itxura, XIX. mendeko baserri batena, alegia. Ipintza ondoko soroan bai, egin zuten filmatzeko lana, oso aproposa delako buruan zuten sekuentzia baterako, Garañok berak esandakoaren arabera.

Hirugarren geldialdia Altzoko plazan egingo dugu, eta elizako atarira sartuko gara. Ate nagusiaren ondoan, horman, zulo borobil bat eginda dago. Zergatik, zertarako? Juanba Berasategi zenari hementxe egindako argazki batean dago erantzuna. Petrilean eserita azaltzen da, eta bere burua zulo borobiletik urrun geratzen da. Bada, erraldoiarena horren pareraino iristen zen. Horren arrastoa ere utzi nahi izan zuten orduko altzotarrek.

Plazaren beste aldean, Kultur Etxean, Migel Joakinek erabilitako abarken, eskularruen eta jakaren erreplikak erakutsi dizkigu Lurdes Murua Kultura zinegotziak. Benetakoak, Donostiako San Telmo museoan daude. XIX. mendeari eskainitako eremuan topatu ditugu, batzuk beirazko kaxan babestuta –eskularruak eta sonbreroa– eta beste batzuk ukitzeko moduan. Pieza bakoitzaren ezaugarriak txarteletan azaltzen dira. Oinetako orkoia, adibidez, 36 zentimetro luze da. Parisen egindako larruzko guanteak, 33 bider 16 zentimetro. Migel Joakinentzako egindako aulkia ere hemen dago: 61 zentimetroko luzerako hankak dauzka.

Lurdes Muruak kontatu digunez, herritar dezente aritu da “Handia” pelikulan figurante moduan, bai herrian bertan filmatutako sekuentzietan eta bai Tolosan grabatutakoetan ere. Historiako euskarazko pelikularik garestiena den honen filmatzea luze joan da, iazko martxoan hasi baitziren castinga egiten. Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako taldeak ez zuen izan 2016an pelikula bukatzerik, eta ez saiatu ez zirelako, baizik eta… elurrik ez zuelako egin. Azkenean, aurtengo urtarrilean Pirinioetara joan behar izan zuten elurretako sekuentziak grabatzera.

Zer gertatu zitzaion? Segi diezaiogun erraldoiaren arrastoari. Pilotalekuaren eta eskolaren artean Migel Joakinen estatua topatuko dugu, harri grisez egina. Ez da ipini zaharra. Aspalditik zuten altzotarrek bere seme ezagunenaren estatua bat jartzeko asmoa, baina asmoak asmo geratu ziren, herritarren arteko desadostasunagatik, Jexux Muruak “Altzo 2016 urtekaria” aldizkarian azaldutako moduan: «Harritzar galantak ikusi zituzten gure begi gaxte haiek Altzo Muinoko plazan eta Altzo Azpiko elizondoan. Haren sonaren neurriko estatua egiteko asmoarekin ekarriak ziren nonbait, baina batzuek Altzo Azpin nahi estatua, besteek Muinon…» eta azkenean inon ez. Orain bai, hemen dago, nahi duenak ikusgai.

Nerabetasunera iritsi arte, mutil normala zen Migel Joakin. Baina orduan, asko hazten ari zela konturatu ziren etxean. Gehiegi gauza onerako. Akromegalia izeneko gaixotasuna zuen, hipofisiak hormona gehiegi sortzen zizkion. Gure Haundie bihurtzen hasia zen Migel Joakin, eta negoziorako tresna ere bai. Izan ere, XIX. mendean ohikoa zen, Europan eta AEBetan, arraza “exotikoak” eta ezohiko ezaugarri fisikoak zituzten gizakiak jendaurrean erakustea diruaren truke, ikuskizun modura. Horretaz jabetuta, elkarte bat sortu zuten Migel Joakinen aitak, Martin anaiak, beste hiru lagunek –Jose Antonio Arzadun, Joakin Arrese eta Joakin Beraza– eta Migel Joakinek berak, azken hau han eta hemen ikusgai jarrita negozioa egiteko.

Bilbon erakutsi zuten lehenengoz Haundie. 1841erako Madrilera txangoa eginda zegoen, eta 1845ean Parisera eraman zuten eta Le Petit Poucet antzerkian agertu zen. Ondoren Tolosan (Okzitania) izan zuen hitzordua, eta Madrilen berriro. 1850ean –datu hauek guztiak Altzon barrena jarritako paneletan topatuko ditu bisitariak– Parisen zegoen berriro, Kolibri printze-printzesa ipotxekin ikuskizunetan parte hartzen. Londresera ere urte hartan eraman zuten. 1853an, hamahiru zulu Europan barrena erakusten zituzten urte berean, lehenengo testamentua egin zuen. Handik urtebetera Mallorcan zegoen. 1859an makaltzen hasi zen, akromegaliaren ondorioz, eta ikuskizunetan parte hartzeari utzi behar izan zion. 1867an hil zen, jaiotetxean, biriketako tuberkulosiak jota, bigarren testamentua idatzi ondoren. Tolosan neurrira egindako zerraldo batean eman zioten lur.

Hil ondoren ere ez zuen, ordea, bakerik izan Migel Joakin gizajoak. Izan ere, hilerritik haren hezurrak desagertu egin zirela zabaldu zen halako batean, norbaitek lapurtuta. Altzoko hilerria lehenago aipatu dugun Salbatore elizatik gertu dago, eta gaur egun Migel Joakinen hobiaren arrastorik ez da geratzen. Zer gertatu ote zen hezurrekin? Lurdes Muruak bi hipotesi daudela azaldu digu. Bata, seguru asko osteoporosiak jota zegoenez Iztuetako seme erraldoia, oso litekeena dela lur azpian berehala eta erabat desegin izana haren hezurrak. Tesi hau defendatzen du Luis Angel Sanchez Gomez antropologo madrildarrak. Hain zuzen, Altzoko Handiari buruzko liburu bat prestatzen ari da bera, Gipuzkoako hainbat artxibo eta Europako hemerotekak miatuta.

Beste hipotesia, Pako Etxeberria forentsearen ustez erabat baztertu ezin daitekeena, zera da, hezurrak Londreseko laborategiren batean gordeta egotea. Ohikoa zen XIX. mendeko antropologoen artean gizaki “ez arrunten” gorpuak aztertzea. Ez dago, ordea, inongo frogarik, Lurdesek azpimarratzen duenez.

Filmaren eragina. Kontuak kontu, behin “Handia” pelikula zinema aretoetara iritsita, Altzon eraginik izango ote duen dago ikusgai. Orain arte, Handiak sona dezente eman badio ere herriari, eskualde mailan izan da, edo Gipuzkoan gehienez jota. Baina iaz gauzak aldatzen hasi ziren, Altzoko seme den David Azurzak 2012an idatzitako opera bat txotxongilo opera bihurtu zuenean, Donostia 2016 ekimenaren barnean. Ondoren Moriarti ekoizlearen filma iritsi zen, eta horrek biderkatu egin du Altzoren presentzia hedabideetan. Udalean, Joseba Elduaien alkatea eta bere taldea egoera berriari nola aurre egin pentsatzen hasi ziren, sortuko diren aukerak nola baliatu.

Herri txikia da Altzo eta ohiko gastuetatik kanpo zerbait egingo badu laguntza eskatu beharra dauka Udalak, beste udalerri askotan bezalaxe. Orain arte interpretazio zentroak, eskulturek, ibilbidea osatzen duten informazio panelek, operak, dokumentazio mordoak… horiek denak osatzen dute Altzoko Handiari buruzko ondarea. «Bageneukan berdin segitzerik, pelikulak sortutako olatu honi ez ikusia egin eta betiko martxari jarraitu, edo bageneukan nolabait ere olatu horretaz baliatzea altzotarrei eta eskualdeari aukera berriak eskaintzeko, baita ekonomikoak ere», dio Josebak. «Turismoari ez diogu beldurrik, oso garbi daukagulako zer-nolako herria eta zer-nolako pertsonak garen eta izango garen aurrerantzean ere. Hasteko eta behin, euskaldunak, euskaraz bizi garenak, eta hori topatuko du bisitariak. Guk bertsozale eta pilota zale izaten jarraituko dugu, turistak etorri edo ez», gehitu du irribarrez.

Orain, Gipuzkoako Aldundiaren 200.000 euroko subentzioa lortu berri du herriak, eta diru horrekin taberna izandako eraikineko lanei ekingo diete. Hain zuzen ere, turismo bulegoa egiteko eman diete finantziazioa. Ez da izango hiriburuetako turismo bulego horietako bat, baizik eta herritarrek ere erabiliko dutena. Alegia, kanpotarrek Altzori buruzko informazioa jaso ahal izango dute hemen, baina baita herrian egindako gazta erosteko edo kafe bat edo pintxo bat hartzeko aukera ere, bertakoek bezalaxe.

Altzok ez du, baina, herri turistiko bihurtu nahi. Betiko Altzo izaten jarraitu nahi du, euskalduna eta bertako biztanleentzakoa, baina bisitariak gogo onez hartuko dituena eta ahalik eta zerbitzu onena eskainiko diena.

“Handia” filma (Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutakoa) urriaren 20an iritsiko da zinema aretoetara.

 



«The celebrated Basque Giant Mr. Elizegui»

 

Koldo Izagirrek zeruak eta lurrak miatu zituen Altzoko Handiari buruzko informazioa biltzeko eskaria jaso zuenean. Ordura arte herrian inork ez zekizkien kontuen berri jakin izan da horrela, batez ere garaiko prentsako ale oso interesgarriak topatu zituelako. Orain, informazio horren laburpena aurkituko du bisitariak Altzon barrena ezarritako paneletan, eta zenbat bitxikeria jasotzen den horietan! Ondoko lerroetan doaz horietako batzuk.

Parisko egunkari batean, Migel Joakinen neurriak ematearekin batera, XIX. mendean gizakiak ikuskizun bihurtzea ohikoa zela adierazten da: «Eleizegi erraldoi espainiarra Parisera iritsi berria

 

da, iowa basatiek alde egin dutela eta gu kontsolatzera». Frantziako hiriburuko Cafe de Mulhousen sabaitik zintzilik zeuden gas lanparetan pizten zuen zigarroa, eta Jardin d’Hiver izenekoan Tom Pouce ipotxarekin batera bazkaltzen jartzen zuten: «Buruz buru bazkaldu behar genuen. Jendea guri begira, eta apustuak egiten nik zenbat jango nuen. Balantza bat zeukaten eta pisatu egiten zuten bion janaria (…) jendeak pentsatu behar zuen azkenean Tom Pouce bera irentsiko nuela», dio Migel Joakinek panel batean, lehen pertsonan idatzi baititu testuak Koldo Izagirrek.

Erraldoia ipotxekin batera ikustea erakargarri gertatzen zitzaion nonbait publikoari: «Anai-arrebak omen ziren Kolibri printze-printzesak. Neskak nire eskuaren gainean egiten zuen dantza. Gero nik ogroarena egin eta, izututa, nire bota baten barruan ezkutatzen zen. Eta denek algara».

Bestelako eginkizunak ere izan zituen «Gure Haundiek» Parisen. Esaterako, Susse fonderian eskuak igeltsuan sartu, gero igeltsua kontuz moztu eta moldea egin zuten, brontzez kopiatzeko. Bere eskuak dendako leihoan ikusteak nahigabea eragin zion, «ez nintzela nire gorputzaren jabe sentitu nuen», eta erosi egin nahi izan zituen, baina tratua ez zela hori erantzun zioten…

“Journal de Toulouse” egunkariaren ale batean zehatz asko jaso ziren Migel Joakin ikusteko ordutegiak eta prezioak. Hotel Jolyn zegoen, non «il a l’honneur de recevoir dans une salle particulière, tous les jours, de midi a trois heures…» franko bat ordainduta. Igandeetan, eguerditik arratsaldeko seietara bakarrik zegoen “le géant” ikusteko aukera. Kontuan izan behar da, bidaiatzen hasteko sinatutako kontratuan, Migel Joakinek garbi utzi zuela igandero mezetara joateko aukera izan behar zuela, zegoen tokian zegoela. Seguru asko horregatik ezingo zuen egon Joly hotelean igande goizean.

Itsasontzian ez bidaiatzea ere ba omen zen baldintza, baina Ingalaterrara joateko gonbita jaso zuenean ezin ba uko egin. «Iritsi berria da Londresera naturaren fenomeno harrigarri hau», zioen prentsak, eta «The celebrated Basque Giant Mr. Elizegui» deitzen zion. Palma de Mallorcan argitaratutako iragarkia ere azaltzen da panel batean. Garaiko eran idatzitako anuntzioak zera dio: «El jigante español manifiesta las más expresivas gracias al público palmesano y le hace presente que permanecerá en esta muy pocos días, por tener que ir a recorrer varios pueblos de la isla». Bisitak ze etxetan hartzen zituen azaltzen zuen iragarkiak, baita ordaindu beharreko prezioa ere: «Un real de vellón. Niños y soldados, medio idem».

Ez da harritzekoa, jendearentzako ikuskizun huts bihurtuta, Altzotik urrun lurralde arrotzetan, gorputza gero eta minberatuago, azkenerako aitari esatea, «atta, goazen etxera». Horixe zen «Gure Haundien» benetako nahia, ikusi beharrekoak ikusita Altzora itzultzea, igande arratsaldetan lagunekin tutean aritzeko.