amagoia mujika
IRITZIA

Zahartzea

Plazako bankuan ondoan esertzeko baimena eskatu dit. «Noski», esan diot. Laurogei urte paseak ditu. Emakume ederra da. Begi handiak eta biziak. Nekatuta dirudi, oso nekatuta. Mugikorrarekin arazo bat duela eta dendara hurbildu dela kontatu dit. Baina dendan ez dago esertzeko tokirik, «badakizu, zaharrok lata gehiegi ez emateko. Pentsatzen dute dendan aulkitxo bat jarriz gero, hor emango dugula eguna. Tira, zaharra naiz, baina badauzkat gauza interesgarriagoak egiteko». Erretxinduta dago. Zeozer behar ote duen galdetu diot, ur pixka bat edo. «Gaizki ikusten nauzu, ezta? Duela bi hilabete sekulako ebakuntza egin zidaten, barrua hustu zidaten, eta ezin buelta eman nabil. Hala ere, neure buruari gogor egiten diot. Gaur ere ez neukan gogo handirik etxetik ateratzeko, baina hemen nago. Semeak esan dit bera etorriko zela mugikorrarekin dendara. Beti norbaiten laguntza behar izatea baino txarragorik ez dago. Jenio bizian jartzen nau horrek. Zahartzearen txarrena horixe da, bakarrik ezin moldatua». Libratu da pixka bat telefonia denda eta han joan da berriz. «Barkatu, ederra erretolika atso zahar honena».

Bankuan eserita geratu naiz, isiltasun mingotsean. Jaio orduko hasten gara zahartzen. Prozesua hasieran ez da pisua, aldrebes, zirrara berezia izan ohi du. «Zenbat hazi zaren!», esaten dizute ingurukoek emozio bereziz. Une batetik aurrera, ja inork ez dizu esaten zenbat hazi zaren. Hori da haztetik zahartzera pasatzen zaren puntua. Eta bada aurreragoko fase bat. «Beti bezala zaude, igual-iguala». Horrek esan nahi du ingurukoek espero zutena baino hobeto ari zarela zahartzen. Ez badute halakorik esaten, kontrakoa esan nahi du; azkarregi eta zimurregi ari zarela urteak pilatzen.

Pertsona zaharrek existitzeari uzten diote hil baino lehen. Fabrikan ja ez dute ekoizten, ez dira bizitza berria sortzeko gai, ez dute sistemak agindu moduan kontsumitzen... zirkulutik kanpo geratzen dira. Eta etxe bueltan ere, antzeko. Etxeko haurrak eta helduak zaintzeko gaitasuna makaltzen zaienean, janari goxoz betetako tuperrak prestatzeko indarrik ez dutenean, zaintzaile izatetik zainduak izatera pasatzen direnean, akabo. Orduan, askotan, karga bihurtzen dira ingurukoentzat eta familia goitik behera nola erortzen den ikusten dute modu tristean. Nork eta nola zaindu liskarrerako motibo bihurtzen da eta bere magalean gozo-gozo hazitako seme-alabak elkarren artean mokoka nola ari diren ikusi beharra izaten du isil-isilik, bere ahotsak aspaldi galdu baitzuen autoritatea. Zahartu zen unean erabaki zuten ingurukoek ja ez zuela ez zer pentsaturik ezta zer esanik ere.

Zahartzaroari begiratzeko moduez hausnartu beharko genukeela pentsatu dut. Nik, behinik behin, badaukat-eta zahartzeko asmoa.