Maria Mendizabal
Harbingo jaialdiaren atzeko lana

Puskatu berriz ere eraikitzeko

Txikitzen, eraiki ahal izateko. Harbin hirian urtero izotzezko eta elurrezko eskulturen jaialdi ezaguna ospatzen da abenduan hasi eta otsaila bitartean. Bertaratzen diren milaka eta milaka turistek zizelkatutako artelanak ikusi eta ukitzeko aukera dute, baina ez dute irudion atzean dagoen lana atzemango. Abenduan zehar langile mordoa aritu da lehengaia lortzen: izoztutako Xiuhu lakutik izotz blokeak ateratzen. Ez da ikusten, baina hau ere bada jaialdia eta hau ere bada ikusgarria.

Akordatzen urtero sasoi honetan Harbin hirian, Txinan, ospatzen den Elur eta Izotzezko Eskulturen Jaialdi handiaz? Gogoratzen zein ikusgarriak diren bertan ikusgai izaten diren izotzezko eraikin handiak? Lerrookin batera jarri ditugun irudiek ez dute laguntzen ez, baina ez dirudien arren, jaialdi horrekin lotu-lotuak daude.

Abenduaren amaieran hasi eta otsaila bitartean (irekiera ofiziala urtarrilaren 5ean izaten da) egiten dute 1963az geroztik (urte batzuetako etena izan eta 1985ean hasi ziren berriro antolatzen) Harbingo jaialdia eta milioika bisitari erakartzen ditu 600.000 metro koadroko eremuan hedatzen den ikuskizunak. Hiru gunetan banatuta egon ohi da: “Sun Island International Snow Sculpture Art Expo”, elurrez egindako eskulturak batzen dituen parkea; “Harbin Ice and Snow World”, ikuskizun eta jarduera gehienak eta argiztatutako eraikinak batzen dituena; eta “Zhaolin Park Ice Lantern Fair”, izotzezko linternen parke tematikoa.

Heilongjiang probintzian kokatutako Harbin hiria Txinako ipar-ekialdean dago, eta Errusiarekin egiten du muga. Siberia inguruko neguko hotzak ahalbideratzen du izotz eta elurrezko hiri hau osatu eta denboran mantentzea. Giroa bertan jelatua da, zero azpitik 17 graduko batez besteko tenperatura izaten baitute sasoi honetan; baina zeropetik 38 gradura arte ere jaitsi izan da egunik hotzenetan. Hotzari esker irauten dute zutik artelanek, giroa epeltzen hasi eta pixkanaka eskulturen ertzak borobiltzen eta loditzen hasten diren bitartean.

Prestaketa lanen gogortasuna. Orriotan ez da eskultura ikusgarririk agertzen, jada eraiki duten hiri horren atzeko lana jaso nahi izan baitugu. Abenduan zehar urtero langile andana aritzen da izoztutako Xiuhu lakuan ikuskizuna sortzeko lehengai bila. Zerraz mozten dituzte izotz laukiak zuzen-zuzen; ondoren, eskuko tresna puntadun batzuekin bata bestearengandik askatzen dituzte; eta azkenik, ur gainean geratzen direnak jasotzen dituzte, izotzaren gainean irristan garraiatzeko (irudiotan ikus daitezke lan horiek guztiak zein modutan egiten dituzten). Erreportaje hau zabaltzen duen aireko argazkian atzeman daiteke zer-nolakoa den egin behar izaten duten lanaren tamaina, sekulakoa. Bertan atzematen da zenbat eta zenbat izotz bloke moztu eta atera behar izaten dituzten uretatik.

Bertatik ateratako izotz zati handi hauek zizelkatuta lortuko dute eskultura eder horiek sortzea; beraz, hau ere bada jaialdia eta argazki hauek ikusita bistakoa da agian ez duela jaialdian erakutsiko dituzten eskulturen edertasuna, baina lan hau ere bada, behintzat, ikusteko eta erakusteko modukoa.