Alaia Martin
IRITZIA

Hatzak lodi

Bi-lau hankatan bizi izan ginen garai batean. Besoek behar genuenari heltzeko moduko konfiantza eta proportzionaltasuna zuten garai hartan. Hatz handiz ateratzen genien fruituei mamia eta hortz zikinez egiten genion irribarre platanoa baino irristakorragoa zen bizitzari.

Zangotu zitzaizkigun besoak eta hasi ginen irristadetatik jaikitzen, zutik zuhaizten gorputz adarrak, eta enborraren gaineko burua tresnak egiteko erabiltzen. Australopithecus deitu gintuzten gure aurreko bizilagunek, baina guk aurrera egin genuen.

Abilidadeak garatuz joan ginen, gure eskuak zehaztasun handiagoz erabiltzen. Beharbada, zehatzago laztantzen ere orduan ikasiko genuen. Hezurretaraino sartuta geneukan hotza goxatzeko sua nola sortu bestela…?

Izan ginen, emozioak garatu ahala, negardentalak ere eta maila sinbolikorako gaitasuna lortu genuenean, heidelbergensis egoeran geundela aipatzen zuten adituek, guri adituta.

Floresiensisak izan gintezkeela ere jakin genuen, gerora loratu ziren teoriei esker. Inguru mugatuan haziz gero, ez garela hazten, alegia. Hazten ahazten zaigula. Mugen arabera handitzen garela, erlauntzean ezti bila muturra sartu eta gerora gorputza ateratzerik ez duen sugegorria ez bezala.

Mugak zabaldu genituen ia mugagabeki. Matematikarako, esaldi konplexuak egiteko, musikarako eta gogoratzeko gaitasuna geneukala jakin genuen eta jakintsuak ginela esaten zuten. Jakin genezakeela jakinda, sortzen da, irakasteko gaitasunak zenbateraino balio lezakeen kontuan hartuz, irakasteko tentazioa ere. Eta irakastea beti da irakasleak irakastea dela pentsatzen duena; jakintza bat pasatzea, beste batetik paso egitea, eta pasatutakoa nahieran pasatzea.

Burua tente, eskuetan sua, matrailezurretan bruxismoa eta garunean boterea izanik egin genion aurre historiari. Eraikitakoa deseraikitzen ikasi genuen, inorenari “nire” deitzen, tribuari “familia” esaten eta hatz luzeak laburtzen joan zitzaizkigun. Ilargia seinalatzen zigunari hatzera begiratuz.

Gure hankarteari begiratu behar izan genion gure eboluzioaren garapenak zenbaterainokoa izateko aukera edo mugakera izango zuen neurtzeko, eta depilatzen ere hasi ginen, kamiseta termikoak asmatzen hasi ziren garaian.

Jakinduriaren izaki izateak harrotuta, jakinduria ordenatzen hasi ginen. Alfabetikoki ez, nahiko alfaki, bai, garrantziak erabakitzen eta piramideak eraikitzen. Jakinduriak ez duela lekurik behar ikasi genuen, geure buruko masa grisari, kromatikoki ohore eginez. Mugikorretan kabitzen zaigu geroztik jakinduria, eta eboluzio etengabean bizi gara. Tente ez, liskarrezurra okertuta. Hatzei laztantzen ahaztu zaienetik trakets moldatzen dira jakinduriaren pantailetan, baina aurki estutuko eta luzatuko zaizkigu hatzak berriz.