2018/01/21

Erreportajea
akkrako zabor bilatzaileak
Zaborretik bizitza berri bat jaso

Egunero hamabi ordu, astean sei egun. Beti lokatz eta zabor artean murgilduta, ke beltza arnasten, miseria baten truke. Horrela ibiltzen dira Agbogbloshieko zabor biltzaileak. Baina Akkrako Ashesi Unibertsitateko bi ikaslek ekimen bat abian jarri dute, zaborra birziklatu eta zabortegiko jendeari aukera berri bat emateko. Batzuek egitasmo zorotzat daukate, baina hasi dira arrakasta ezagutzen.

Stacey Knott-Oihan Jimenez
991dump06

Akkra Ghanako hiriburua eta hiri nagusia da, Johannesburgo, Chicago eta Washingtonekin senidetua dagoena. Gineako golkoan kokatua, leku estrategikoa da eta kultura, merkataritza eta industrialde garrantzitsua aspalditik. Komunikazio ugari ditu, burdinbidez eta errepidez, kostalde bereko beste hiriekin lotzeko, eta garrantzi handiko petrolio findegia du. Baina badu, baita ere, munduko zabortegirik handienetakoa, handiena ez bada.

Aulki txiki batean eserita, Joseph Awah-Darkok begirada zabortegian galduta dauka. Bertan pilatzen den zabor artetik ke beltzak sortutako zutabe lodiak ateratzen dira. Han jende askok plastiko zatiak, burdina, ordenagailuen hondakinak… arakatzen ditu, zerbait baliagarriaren bila, eta ikasle honek proiektu bat dauka pertsona horiei laguntzeko. Izan ere, lanbide ofizial edo egonkorrik gabe, ehunka lagunek zaborretan aritzea beste erremediorik ez dute. Handik edozer gauza ateratzen dute, gero prezio merkean saltzeko. Eroslerik ez zaie faltako. 21 urte dituen eta Londresen jaio den Josephek etorkizun hobea eskaini nahi die horiei guztiei. Unibertsitateko lagun batekin, Agbogblo.Shine Initiative gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen. Haren helburua: erabilitako materiala kalitate handiko altzarietan birziklatzea. Eta bide batez, zabor biltzaileei, han “Salvagers” bezala ezagutzen dituztenak, ogibide bat eskaini.

Akkrako auzo zabala den Agbogbloshien dena beltza da, iluna: airea, arropa, eskuak eta aurpegiak. Lurra, beti lokaztuta, plastikozko bota, kable eta botilaz beteta dago. Jadanik erabiltzeko moduan ez dauden zapatak telebista apurtuetan eta ordenagailuen teklatuen gainean eskegita daude. “Salvagers” delakoek kableak edo gailu elektronikoak lekuan bertan egindako su txikietan erretzen dituzte, kobrea edo beste material batzuk berreskuratzeko. Handik metro gutxira, haurrak kearen artean dabiltza. Animaliek janaria bilatzen dute. Bi gizonek taxi bat goitik behera desmuntatzen dute mailu eta zizel batekin. Egunerokotasuna halakoa da mundutik aparte bizi den leku horretan.

Datu zehatz-zehatzik ez dago, baina auzo marjinal honetan 40.000 lagun inguru bizi dela uste da. «Haiena biziraupen hutsa da, amesgaiztoa, antiutopia», aipatzen dio Josephek France Press berri agentziari, zabor piloei begira.

Birikak, kaltetuta. Nazio Batuek 2015ean argitaratutako txosten baten arabera, mundu guztian 64 milioi lagunek hondakinen birziklatze ez-arautuan lan egiten dute, gehienek garatu gabeko edo pobretutako herrialdeetan. Ildo honetan, Ghana bereziki arduratuta dago, Afrika mendebaldeko herrialde honek urtero ia 40.000 tona hondakin elektroniko inportatzen dituelako.

Iragan irailetik hona Joseph eta bere lagun eta ikaskide Cynthia Nuhonja bi mundu erabat kontrakoen artean joan-etorrian aritu dira. Alde batetik, Akkrako kanpoaldean dagoen Unibertsitate pribatuko campusa, leku ederra, basoz inguratuta. Bestetik, zabortegia. Bien artean sortutako GKEa euren diruarekin aurrera ateratzen dute, nahiz eta laguntza ere baduten; Ashesi Unibertsitateak enpresa berriak laguntzeko sortutako egitasmoak eta Ford Fundazioak emandako subentzioak mesedegarri zaizkie, noski.

Zabortegian hogei “bilatzaile” hautatu zituzten, denen artean egitasmoan parte hartzeko gogo handiena zutenak, antza. Gaur egun, hautatutako horiek artisautza eskola batean zurgintza ikasten ari dira. Zehazki, hiru hankako aulkitxoak egiten saiatzen ari dira. Hiriburuko hotel batek horrelako batzuk eskatu ditu, eta eskaerari erantzun nahi diote.

25 urte dituen Mohamed Abdul Rahim horietako bat da. Bera Ghana iparraldean sortua da, baina 2008tik zabortegian lanean aritu da, nerabea zenetik, alegia. Egunero 12 ordu eta astean sei egunetan, ia atsedenik hartu gabe. Egunero 20 cedi inguru irabazten zituen, 3,7 euro, trukean. Zabortegiko ke artean lan egitearen ondorioz, bere birikak kaltetuta daude. «Hemen asko sufritzen dugu beroagatik, keagatik...», azaldu du. Bere aldakak kexu dira erretzeko objektu pisutsuak hartzen dituenean. Lan gogorra da, zalantza gabe. Baina irabazten duen apurrarekin bere amari, emazteari eta hiru seme-alabei jaten ematen die. Eta hori da garrantzitsuena.

«Lanbide hobea aurkitzen badugu, hura hartu eta joan egingo gara», esaten du. Orain arte ez du halakorik topatu, baina Agbogblo.Shine Initiave irtenbidea izan daiteke.

«Bizitza hobea». Josephek ulertzen du Agbogbloshieko jendeak «beste ezeren gainetik denok nahi duguna» bilatzen dutela: «bizitza hobe bat». Eta bere itxaropena da martxan jarri duen ekimenak beren lan baldintzak hobetzea. Eta ez hori bakarrik, ingurumenari lagunduko diola ere espero du, zaborrari bigarren bizitza bat eskainiz eta airera gai kimikoen isurpena murriztuz.

Egindako lanaren lehen fruitua, xumea baina ederra, egongelan zutik jartzeko moduko erlojua da. Auto batetik ateratako gailuekin, aluminioarekin eta erloju zahar baten zatiekin eraiki du. Material guztia Agbogbloshieko zabortegian jasoa da. Erlojuak badu jadanik erosle bat, Ghanako hiriburuko enpresari bat. Gainera, Akkrako luxuzko bi hotelek interesa agertu zuten erloju bitxi horrengatik, eta Josephek erabaki du diseinu bera erabilita serie oso bat eraikitzea.

Erlojuaren arrakastak itxaropenari ateak ireki dizkio. Ikasle eta artista gazte honen asmoa da bere GKEaren eskutik ehun bat zabor biltzailek zabortegia utzi eta altzariak eraikitzen hastea, soldata duin baten truke. Eta, tira, amesten hasita, egunen batean beren lanak enkante-etxeei eskaintzea ere pentsatzen du, luxuzko produktu bezala.

Baina Josephen ametsa oraindik oso urrun dago Mohammed Soforen eguneroko bizitzatik. Aurpegia tatuatuta duen gazteak irakaskuntza prozesuan parte hartzen du. Berak ere bizitzeko plastikoa erre beharko ez duen etorkizuna imajinatzen du. «Pertsona batzuek uste dute zoratuta gaudela», aipatzen du, jarraian gaineratzeko: «baina dirua irabazten badugu inork ez gaitu horrela ikusiko, eta noizbait zabortegian inork lan egingo ez duen eguna helduko da».