IRUDITAN

Musika eta burbuilak egiten

AquaSonic du izena, eta izenak berak dioen moduan, soinua eta ura uztartzen ditu Danimarkako taldeak. Arrainontzi handietan sartuta egiten dituzte euren kontzertuak, hori ahalbidetzeko apropos sortutako instrumentuak joz. Entzutea ez ezik, ikustea ere merezi duen espektakulua eskaintzen dute, musikariak kamera geldoan mugitzen baitira, urak jarritako erresistentzia gainditzeko ahaleginean. Badute beste traba bat, izan ere, txandaka-txandaka urgaineratu behar dute arnasa hartu ahal izateko eta musika etenik gabe jotzeko. Uraren eta soinuaren uztarketa ez da berria, jaio aurretik ere umetokiz kanpokoak bereizten baititugu, baina zuzenean eta ur azpian murgilduta aritzea, hori bai, hori nobedadea da.