2018/02/11

amagoia mujika
Bakeagatik, neska
Orain berak esaten du «bakeagatik, neska». Eta bere buruarekin haserretzen da, amarengan gorrotagarri zitzaiona bere buruan ikusten duelako. Eta asko pisatzen du. Bakeagatik isiltzeak masailezurra estuarazten du, mina egiteraino

Bakeagatik, neska. Bere amak hori esaten zuen aldiro, sutan jartzen zen. Izateko era desberdina zutela pentsatzen zuen. Batek, gerra itzalita mantentzea nahiago –gerra asko ikusitakoa zelako–. Bestea, berriz, sutu egiten zen gezurretako bakea beti berdinen mesedetan izaten zelako: etxeko gizonezkoen mesedetan.

Urte asko joan dira. Orain berak esaten du «bakeagatik, neska». Eta bere buruarekin haserretzen da, amarengan gorrotagarri zitzaiona bere buruan ikusten duelako. Eta asko pisatzen du. Bakeagatik isiltzeak masailezurra estuarazten du, mina egiteraino.

Ez, amak eta biek ez zuten hain izaera desberdina. Amak ikasia zuen bakeagatik pausoa eusten eta berak ere ikasi du; gogoz kontra, baina ikasi du. Anaiek, ordea, ez. Beren gizontasun leziotan ez zegoen horrelakorik. Aldrebes, aise sutzen dira, laster hasten dira maldizioka; dituzten argudioak zenbat eta eskasagoak izan, orduan eta ozenago.

Orain beldur da, bere amak egin zuen moduan, nahi gabe bezala, nabarmendu gabe, bere alabei transmititzen ari ote den «bakeagatik, neska» hori. Gogoeta horri bueltaka ari da azken asteotan. Bakeagatik egiten dituenek besteei patxada ematen dietelako igual, baina bere baitan gerra pizten dute.

Sofan eserita, manta azpian, hankak eta arnasa gogortuta geratu zaizkio “Ur handitan” telebista saioa ikusten ari dela. Urte asko kalean bizi izan den emakume baten testigantza entzun du: Kalean askatasuna sentitzen zuela, jende mota eta bizitzeko era asko ezagutu dituela, une txarrak oso-oso txarrak izaten direla, askoz gogorragoa dela emakumeentzat...

Behin lau gizonezkok eraso ziotela kontatu du. «Badakizu, horiek nahi dutenaren bila joaten dira zuzen. Lau ziren eta nire lehen pentsamendua honakoa izan zen: ‘hau ez badut kontrolatzen, gaizki amaituko da. Hil egingo naute’. Ez zen erraza izan, baina azkenean lortu nuen egoera kontrolatzea eta nik nahi bezala amaitzea. Baina oso arriskutsua izan zen. Pentsatu nuen akabatu egingo nindutela». Poliziarengana joan zen erasoa salatzera eta ez zioten kasu zipitzik egin. «Kalean bizi zara? Ba hori dago kalean», erantzuna. «Hori da ikusezintasuna».

«Nik nahi bezala amaitzea». Tira, heriotzatik libratu zen, ez taldeko erasotik. Gaitz erdi.

Kontaketa latz hori entzunda akordatu da bere amaren «bakeagatik, neska» esapidearekin. Berak otzantasunari lotzen zion, baina, segur aski, gehiago dauka bizirauteko senetik. Emakumeak oso presente izaten duelako beti «gaitz erdi» sentipen mikatz hori. «Bakeagatik, neska» eta «gaitz erdi» eguneroko hiztegitik kentzeko garaia dela pentsatu du, telebista itzalita, ilunpetan, sofan eserita segitzen duela.