Maria Mendizabal
DISEINATZAILEA
LEHEN PLANOAN

«Zergatik ez jolastu dugun arazo honekin?»

Atrebitzea behar-beharrezkoa dela esan izan du egin dizkioten elkarrizketa ia gehienetan eta bera atrebitu egin da. Renzo Rosso diseinatzaile italiarra, modaren izen handietako bat da eta Diesel bezalako marka ezagunen atzean ezkutatzen da. Urtero, bere hitzetan, eurek ekoizten ez dituzten milioi bat jantzi saltzen dituzte euren markaren izenarekin eta arazo hau mahaiaren gainean jartzeko, marka berri bat sortu eta Deisel markako produktu andana hartu eta New Yorkeko Chinatown auzora joan da.

Auzoan horren ohiko diren kaleko denda batean, Broadway eta Canal Street kaleen kantoian kirol jertseak jarri dituzte pertxetan zintzilika, kaxetan dituzte beste hainbat eta han eta hemen solte kamisetak. Bezeroak elkarri bultzaka ari dira Deisel izena daramaten arropak erosi nahian. Ez du inor harritzen irudiak, ohikoa da Louis Vuitton eta Roxel faltsuak nonahi topa daitezkeen faltsutzearen lurraldean. Baina oraingoan bada berezitasunik. Bezeroak, jakin gabe, Diesel etxeak propio ekoitzitako produktuak ari dira erosten. «Jendeak faltsua dela pentsatuta erosi du, ez dela jakiten dutenean, pagatu dutenaren hiru halakoren truke sal dezake!», aipatu du irribarretsu 62 urteko italiarrak dendaren atarira gerturatutakoan. Agian, berak uste baino gehiago; izan ere, Diesel etxeak kanpaina hau egiteko apropos sortu dituen jantziek zalaparta eragin dute sare sozialetan eta markako jertse eta kamisetek bildumazaleen artean arrakasta lortu dute.

Marketin estrategia berritzaileak. Faltsutzea salatu nahi izan du, eta, zer hobe, eurek egitea baino. Aitortu du, iazko udan Turkiako Brodum hiriko merkatuan zebilela okurritu zitzaiola ideia. Bertan Diesel etxeko makina bat kamiseta faltsu ikusi zituen salgai eta inork ezagutzen ez zuenez, nahi adina hartu eta probatu egin zituen. Eta bata eta bestea jantzi eta eranzten ari zen bitartean...

«Nire bizitza guztia ez sinestekoa izan da, ekitaldi eroz eta erabaki harrigarriz betea», esan zuen elkarrizketa batean nekazari familia batean sortu eta 15 urte zituenerako amaren josteko makinarekin lehen galtza bakeroak josi zituen gizonak. 23 urterekin Diesel etxea sortu zuen eta orduz geroztik beste etxe eta marka batzuk pilatzen joan da.

Haien gidaritzan marketin estrategia bereziak erabiltzen saiatu da, seriotasunetik eta batez ere gorbatetatik erabat urruntzen saiatu den enpresaria. Iazko irailean esaterako, Diesel etxeko Instagrametik irudi guztiak ezabatu zituzten kanpaina berrikoak sartu aurretik.

Negurako diseinatutako produktuek «perfekzioaren kontra» joan nahi zuten eta batutako edukiek ez zuten ideiarekin bat egiten antza: «Uste dugu perfekzioa aspergarria dela, batez ere Instagramen mundu guztiak hori bilatzen duelako: argazki perfektua, irudi perfektua, bizitza perfektua... Nazkatuta gaude jada. Guztia borratzea erabaki dugu, hasiera inperfektu baterako», arrazoitu zuten erabakia. Saiakera egin dute, baina Deisel izena daramaten jertse andanaren ondoan, inperfekzioak baino ohikoak diren kanonak dituzten neska-mutilak agertzen dira oraindik arropa etxeak duen Instragram orrialdean.