JOKIN URAIN
IRITZIA

Agintea

Denboratxoa da Katalunian beren garratzean azaltzen ari direla. Baina jarraituko dute garrazten, batean ahotsa ozenduz, bestean irribarre zuri bat eginez. Agintariak ez baitu berebiziko gizon edo emakumea izan beharrik bere agintea mugarik eta ertzik gabeko doilorpe bihurtzeko. Ikasketak gazteleraz egiteko askatasuna inposatu nahi dute orain Madrildik, askatasuna maite dutelako, espainol izateko askatasuna, espainiar presidenteak esan zuenez duela ez asko. Horixe du agintedunak, bere askatasuna inposatzen dizula agintetik, bere ona besteen on izan behar delako eta ez alderantziz.

Eta ez du gizon edo emakume maiestatetsua izan beharrik aginte lekuan, atrilaren aurrean, aldarean, mahai buruan edo errepidean gau ilunean autoaren argitan itzal handia egiteko. Hortxe egon liteke bide ertzean, goiz jaikita abiatu zarenean. Agintea ematen dio uniformeak, eta geratu egin zara parean, eskuan daraman argiarekin seinale modukoa egin dizulako, eta arrazoi sendoagorik gabe goizean goizetik ihesean hastea ere ez delako kontua. «Ba al dakizu hau zer den?», galdetzen du eskuan daraman linterna edo dena delakoa behin eta berriz astinduz, munduan euskaldunik eta euskararik ez balego bezala, «egun on»-ik ere eman gabe. Horixe du aginteak; galtzontzillotan piura patetiko edo barregarria izango luke seguru asko, baina uniformeak jainkotxo egiten du, eta jainkoak doilorrak dira gehienetan, besteen adorazio eta menpekotasun gose direlako.

Aste pare bat izango dira. Oihartzuna izan zuen, Elgoibar eta Idiazabal futbol taldeen partidan arbitroak euskaraz hitz egitea debekatu zielako jokalariei. «Txoroa izan behar du, gero!», entzuten nion bati hurrengo egunean. Txoro bat uniformearekin, agintearekin, nahikoa da zernahitarako. Egingo zuten buila jokalariek edo zaleek hurrengo egunean, baina partida jokatzeko askatasuna eman zien, eta jokatu egin zuten, ergel agintedun baten agindupean. Horixe du ergelaren aginteak: bere askatasuna ematen dizu, besteena existitzen denik ere ez duelako imajinatzen, are gutxiago onartzen.

Ez dakit gizakiak berezkoa ez ote duen izango ergelkeriarako joera hau, Ibai, eta ergelkeriaren esanahia bere osoan garatzeko eta erakusteko asmatua ez ote den agintea eta bere ikur den uniformea.