GALDER PEREZ
IRITZIA

Ebaki zizkioten

Txoria askatasun sinbolo unibertsala da. Zenbat txori kantari gure ahotan: Artzeren “Txoria txori”, “Orhiko Txoria”, Benitoren “Txori ttikia”, umeago gineneko «Kaiola barnean txori bat negarrez, txepetxa, txepetxa...», «Uso zuria, uso gorria...», «Bat, bat, txoritxua dantzan...». Zerumuga betetzeko adina txori ditu gure kantutegiak. Hontza, ordea, ez da horren maitatua gure kulturan. Beste kultura askotan jakituriaren sinboloa bada ere, gurean adimen gutxiko hegaztitzat hartu izan dute askok. Hor dago mozoloa bera, zer eta «inozo» adierazteko erabiltzen duguna. Baina hegazti guztiak ez dira berdinak eta hontz guztiak ez dira mozolo. Hegaztiak habiak egitera ohituak daude. Duela hamar egunera arte, Hernaniko Eziago industrialdean iluntzean ulu egiten zuen hegazti misteriotsua bizi zen. Tintirin, tintirin... Hontzak, orduro-orduro, lepoan hartu eta aurrera segitzen zuen, Egin irratiaren hotsa gogoan. Gau ilunean, erori beharrean esnatu eta bere begi handiekin “Egin” zaharraren azalak irakurtzen zituen. Kriterio handiz, memoria egiten zuen argazki zaharrei begira. Hontzak Hernani utzi behar izan du berriki, eta ez dakigu nora joan ote den. Agian Euskadiko Artxibo Historikora joan da, bertan “Egin” irakurtzen jarraitzeko aukera izango duelakoan. Epaitegiren batera joan zitekeen, bera misteriotsua izanik, are eta misteriotsuago eta susmagarriago suertatzen zaizkion toga beltzeko izaki ilunak ezagutzera. Baina egia da, ez da habia egiteko tokia. Egiarik handiena da “Egin”-en erredakzioa izandakoan horrelako denbora eman duen hontza ezin dela inola ere mozoloa izan. Aitzitik, jakin-minez betetako hegaztia da, kritikoa eta zorrotza.

“Egin” itxi zutela hogei urte beteko dira aurtengo uztailean. Oraindik ere aurre egin behar zaion zor ekonomiko potoloa hortxe dago, eta benetako justizia egiteko itxaropen huts etengabea gurean bizi da, indarrez hustutako erredakzioan hontza balitz bezala. Zer esanik ez, bestelako zorrez: profesionala, ideologikoa eta askatasunik ezaz ari den zigorraz. Gure txoriari, hontz, txepetx zein beste edozein hegaztiri, aspaldi ebaki zizkioten hegoak. Botereak kontrolatzen dituen droneak zerua bete bitartean, gero eta motz zein urriagoak dira adierazpen eta informazio askatasunaren hegaldiak.

“Egin”-eko hontza non dagoen ez dakigu orain. Gauez handik hona begiak irekita zelatan ibiliko da ziur. Oraindik ere handiegia baita gure hegoak moztuta izateko aukera eta gauez kolpe indartsu batez dena hankaz gora jartzeko arriskua. Berriki liburu bat iragartzeko ahotsa isildu bada, gure hitzak oso erraz kateatu daitezke ideien homogeneizazioren zeru beltz honetan. Baliteke bizi ditugun garai hauek gure sinesmen eta sinboloak aldatzen joateko garaiak izatea. Orduan, txoriak txori izaten jarraituko badu ere, askatasuna helmuga beti, hontzak mozolo izateari utziko dio, ikasi duelako, lotsarik eta beldurrik ez duela, ez dela isilduko, ez duela betiko mozolo izan nahi.